'Antzinako berri-berriak'

Auzotarren epika

Egilea: Kae Tempest. Itzultzailea: Itziar Diez de Ultzurrun. Argitaletxea: Igela.

Irati Majuelo.
2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Badira noizean behin, hamarkada bakoitzeko, garai aldaketa bakoitzeko, jokoaren arauak era berezian ulertu eta jokoa bera gainditzen, gainjartzen, gainezkatzen dutenak, hitzak berekin dituen jolasa eta boterea, indarra eta ahala baliatzen dakitenak tradizio literarioa beste koska batetara eramateko. Artista horietariko bat da Kae Tempest, zalantzarik gabe, ez da orain arte egindako ibilbidea ikustea besterik. Besteak beste, Ted Hughes, New Yorkeko poesia saria, jaso zuen Antzinako berri-berriak liburuarekin, eta orain gure eskuetara dakar Igela argitaletxeak Itziar Diez de Ultzurrunek ondutako edizio elebidunean.

Epopeia forma hartzen du Tempesten lanak honakoan: poema epiko luze bakarra da, heroi eta jainko-jainkosen ekintza gogoangarriak goraipatzen dituena. Are, baditu epika klasikoaren beste zenbait ezaugarri: in media res hasiera, sarreran gaiaren aurkezpena, epitetoak eta errepikapenak, inframundura jaitsiera, besteak beste. Kontua da, gaur-gaurko jainko eta jainkosez ari dela, XXI. mendeko Londresko auzoei buruz, kontua da musatzat gaituen entzule horiek, irakurle horiek ari dela inbokatzen Tempest, gure inguru hurbileko heroi modernoak suma ditzagun.

Eguneroko ekintza xumeetan ari diren herritarrengan ikusten ditu ekintza jainkotiarrak idazleak, senarraren desleialtasuna jasaten duen emakumearen egonarrian, aitaren maitasunik eza lagun-minarenean aurkitzen duen gaztearengan, komikigile izan nahi duen gaztearen anbizioan, beldurrari adorez erantzuten dion neskaren begietan. Azken finean, halakoak ziren ere Grezia klasikoko jainko-jainkosak, lurtarrak, inperfektuak, hala gidatzen zituen gure antzera amorruak, desengainuak, samurtasunak. Igar daiteke idazleak pisu handia jartzen duela maitasunaren funtzio osatzailean, zenbaitetan idealizatuegia akaso, epikaren logikak desmuntatzen dituen lan honetan. Hala ere, harreman akastunak dira azaleratzen dituen guztiak, errealak, eta egia da maitasunak forma desberdinak hartzen dituela horietan. Epopeia moderno bat, beraz, maitaleei, damutuei, kinkiei, kamarerei; gorazarre eder bat auzotarrei, horixe da Antzinako berri-berriak.

«Poema hau entzun ahala idatzi nuen», esan zuen Tempestek, eta hala nabari da erritmoan, errimetan, isiluneetan, spoken word-ean ohiko denez, oholtza gainean performatzeko idatzia baita poema hau. Erritmoa, bereziki, Londreseko taberna zuloetako inframundura jaitsi ahala biziagotzen dena liburuko klimax dramatikoarekin batera, zoragarria da. Itzulpenak ere ongi jasotzen du kadentzia oro har, eta esango nuke une gorenera heltzen dela aipaturiko pasartean, errima ere era nabarmenagoan baliatzen duenean. Pena da akaso gainerakoan errimak izan dezakeen indarra apur bat galtzea euskarazko bertsioan, baina konplexua da oso horrelako itzulpen batean une oro fidel mantentzea edukiari, formari, erritmoari, errimari. Esan gabe doa, lan handia egin duela Diez de Ultzurrunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.