Murrizketak, debekuak eta auto pilaketak ekarriko ditu G7ak

Eusko Jaurlaritzak segurtasun plan berezi bat ezarriko du Miarritzeko bilkura dela eta. Abuztuko azken asteburua zaila izango da errepideetan, baina ondorioak aste osoan nabarituko dira
Seinaleak jarri dituzte autobideetan, muga ez pasatzea gomendatzeko.
Seinaleak jarri dituzte autobideetan, muga ez pasatzea gomendatzeko. IREKIA

Olatz Esteban Ezkati -

2019ko abuztuak 14
Abuztuko azken asteburua udako korapilatsuena izan ohi da errepideetan; bada, aurtengoa are korapilatsuagoa izango da: oporretako itzulerak bat egingo du Miarritzen (Lapurdi) izango den G7koen goi bilkurarekin. Abuztuaren 24tik 26ra, bertan bilduko dira Frantziako, Alemaniako, Japoniako, Kanadako, Erresuma Batuko, Italiako eta AEBetako buruak, eta eragin nabarmena izango du errepideetan eta garraio publikoan.

Leku jakin bat izango da konplexuena: Biriatuko (Lapurdi) muga. Egunean 30.000 auto inguru pasatzen dira bertatik abuztuko azken asteburuan, oporretatik bueltan. Aurten, G7koen bilerarekin bat eginez, kontrolak indartu egingo dira, eta konplikazioak aurreikusten dituzte. Frantziako Poliziak bideratuko ditu Biriatuko kontrolak, eta hor ez ezik, beste pasabide batzuetan ere ezarriko ditu murizketak: esaterako, Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko zubian eta Dantxarinean.

Segurtasun neurriak bideratzeko, hainbat erakunde elkarlanean arituko dira; tartean, Eusko Jaurlaritza: Segurtasun Sailak plan berezi bat ezarriko du egun horietarako, eta trafikoan jarriko dute arreta berezia. Josu Zubiaga Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak argi du mezua: «Inork ez dezala autorik erabili beharrezkoa ez bada». Ez dute muga ixteko asmorik, baina Zubiagak azaldu du gerta daitekeela: «Iparraldean gauzak gertatzen badira, baliteke agintari frantsesek muga ixteko erabakia hartzea». Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak esan du «prest» daudela edozer jazotzen dela ere erantzun bat emateko, eta gertatzen denaren arabera egingo dutela lan.

Beste bide batzuk, prest

Asteburu horretan ohikoa da 14 kilometro inguruko auto pilaketak izatea Biriatun, baina, egoera zailduko balitz ere, desbideratzeak prestaturik dituztela jakinarazi du Josu Bujanda Ertzaintzako buruak. Autoak Etzegaratetik eta Bizkaitik desbideratuko lituzkete, eta kamioiak, berriz, Aragoitik edo Kataluniatik. Kamioi astunek, 7,5 tonatik gorakoek, debekaturik izango dute 24an eta 25ean Biriatu eta Saint Geours de Maremne (Okzitania) artean ibiltzea. Larunbatean,07:00etatik 20:00etara iraungo du debekuak; igandean, 00:00 eta 08:00 bitarte. Astelehenean, berriz, 11:00etatik 18:00etara debekaturik izango dute ibiltzea hemeretzi tonatik gorako kamioiek eta karga leherkorra daramatenek.

Segurtasun Sailak informazio kanpaina bat abiatu du herritarrak jakinaren gainean jartzeko, eta muga ez pasatzea gomendatzeko. Horretarako, hainbat seinale jarri ditu autobideetan, eta eskuorriak banatu. Informazio kanpaina bitan banatu dute: bata, bertan ibiliko den jendearentzat, eta, bestea, Afrikatik eta Portugaldik Europa iparralderantz doazenentzat. Espainiako Trafiko Zuzendaritzarekin koordinatu direla azaldu du Zubiagak, ahal den heinean hegoaldetik datozen autoak Algecirastik (Espainia) Junquerara (Herrialde Katalanak) bideratzeko. Muga itxiko balitz, bertan pilatutako autoak Zaragozara bideratzeko aukera ere egongo litzateke. Lehentasuna harrapatuta geratu direnei laguntza ematea izango dela ziurtatu du sailburuordeak.

Gailurra 24tik 26ra izango bada ere, aurreko egunetan kontragailurra egingo dute Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaian (Lapurdi). Hori dela eta, prebentziorako plana martxan jarriko dute hilaren 19tik aurrera; beraz, ohi baino arazo gehiago izango dira egun horietan ere. Operazio horrek zailtasunak eragingo dizkie lanerako egunero joan-etorriak egin behar dituztenei, eta haiek izango dira «kaltetu nagusiak», Zubiagaren ustez .

Arazoak saihesteko, kontragailurrera joan nahi dutenei gomendatu diete garraio publikoa erabil dezaten, Irunera eta Hendaiara iritsiko baita. Egun horietan, gainera, autobus zerbitzuak jarriko dituzte Urruñan (Lapurdi) egongo den kanpalekutik hitzaldiak egingo diren tokietara joateko. Larunbatean, G7koen aurkako plataformak manifestazioa egingo du bi herri horien artean. Horri begira, sailburuak esan du «babes eta segurtasun neurri nahikoak» hartuko dituztela, dena «normaltasunez» joan dadin. Egun hori izan daiteke korapilatsuenetako bat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna