Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Koronabirusa

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean
Osasun langileak, atzo, PCRak egiten, Okendo kultur etxean.
Osasun langileak, atzo, PCRak egiten, Okendo kultur etxean. G. RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Esteban Ezkati -

2020ko abuztuak 8

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak herenegun adierazi zuen koronabirusaren «bigarren olatua» iritsi dela, eta egoerak okerrera egingo duela datozen egunotan. Azken orduetan, apirilaz geroztik izan den positibo kopururik handiena atzeman dute: atzo 538 kutsatzeren berri eman zuten Hego Euskal Herriko erakundeek, bezperan baino 119 gehiago. Astebetean bikoiztu egin dira kasuak: uztailaren 31n 292 izan ziren. Pandemiaren bilakaerak eta sailburuaren adierazpenek kezka eragin dute alderdi politikoen artean: EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek proposatu dute Jaurlaritza alderdi eta eragile guztiekin biltzea, eta PP+C's koalizioak azalpenak eskatu dizkio.

COVID-19aren datuen eta egoera epidemiologikoaren inguruko eztabaida ireki nahi dute oposizioko alderdiek. Pilar Garrido Podemoseko koordinatzaile nagusiak adierazi du beharrezkoa dela Jaurlaritza «lehenbailehen» biltzea alderdi politiko eta eragile sozial guztiekin, «egoerari aurre egiteko elkarlanean aritzeko». Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ere «esertzea» galdegin dio Jaurlaritzari, eta erabakiak «aldebakartasunez» hartzea egotzi dio Iñigo Urkulluren gobernuari. «Argi eta garbi ikusten ari da lehentasun batzuk daudela, eta ez direla osasun publikoa», adierazi zuen atzo Otegik Euskadi Irratian.

Indar subiranistaren bozeramailearen ustetan, ardura herritarrengan uzten ari da Jaurlaritza: «Administrazio publikoak ardura bat du, eta neurriak hartu behar ditu, ez jendearengan jarri ardura». Murgak jarduera sozialak ahalik eta gehien murrizteko beharra nabarmendu zuen ostegunean eginiko prentsaurrekoan, baina «irizpide zehatzak» eman ez izana egotzi dio Otegik. Jaurlaritzak «arduragabekeriaz» jokatu duela ere adierazi du.

Laura Garrido PP+C's koalizioko legebiltzarkideak Jaurlaritzaren «lidergo falta» kritikatu du, eta Eusko Legebiltzarrean azalpenak emateko eskatu dio gobernuari: «Jakin nahiko genuke hilabete hauetan zer egin den, eta gure osasun sistema benetan prestaturik ote dagoen beste olatu baterako». Pandemian Osasun Sailak informazio «nahasgarria» zabaldu du, Garridoren esanetan, eta orain irizpide «argiagoak» behar dira: «Ezin da inprobisatu, eta batez ere ezin dira irizpideak aldatu».

Bestalde, Otegik salatu du Eusko Jaurlaritzak gainerako alderdi eta eragileekin adostu gabe hartu dituela erabakiak; besteak beste, Urkulluk Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin adostu du zorpetzea. Era berean, Otegik adierazi du EH Bildu prest dagoela irtenbide bat emateko, eta mahai baten inguruan biltzeko eskatu du: «Krisi ekonomikoa eta soziala sakona izango da, eta horri aurre egin beharko diogu, baina, mahai baten bueltan guztiok biltzen bagara, errazagoa izango da. Halako egoera batean ez bazara eragile guztiekin biltzen, noiz bilduko zara?».

Ikasturte hasieran ere jarri dute arreta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Irailean ekingo zaion ikasturtea nolakoa izango den ez dago argi oraindik, eta hezkuntzako eragileei entzuteko eskatuko diote Jaurlaritzari. «Ulertzen dugu EAJk eta PSEk atseden hartu nahi dutela abuztuan, baina herritarrek, familiek, ikasleek eta langileek erantzunak behar dituzte», adierazi du Pilar Garridok. EH Bilduk ere hezkuntza komunitatearekin esertzeko eskatu dio gobernuari, ikasturtea nola hasiko den zehazteko: «Oraintxe bertan ez dago planifikaziorik kurtsoa aurrez aurre hasteko».

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak ere izan zuen hizpide koronabirusak eragindako egoera atzo. Nabarmendu zuen Nafarroan «detekzio mekanismo eta kontrol onak» daudela, kontuan izanik kasuen %60 asintomatikoak direla. Bigarren olatuaz galdetuta, ez zion izendatzeko moduari garrantzirik eman, eta nabarmendu zuen kasuak garaiz atzematea dela garrantzitsuena.

Bizkaian, 311 kasu

Bizkaia da oraintxe pandemiaren arretagune nagusia. Han, 300 positiboren langa gainditu da azken orduetan: 311 kasu detektatu dituzte, apirilaren 23tik lurralde horretan atzeman den kopururik handiena. Kasu gehienak Bilbon azaldu dira egunotan, baina azken orduetan koska bat gora egin dute positiboek han, eta berrehunera hurbildu dira: 173 atzeman dituzte. Hiriburuan ez ezik, kasu ugari agertu dira Barakaldon, Getxon eta Basaurin. Nafarroan ere areagotu dira kasuak: 110 positiboren berri eman zuten atzo, herenegun baino 29 gehiago. Gipuzkoan, 74 kasu atzeman dituzte; Araban, 38; eta Hego Euskal Herritik kanpo, beste bost.

Bada beste datu kezkagarri bat. Murga sailburuak herenegun aurreikusi bezala, ospitaleratzeak ugaritzen hasi dira: azken orduetan bikoiztu egin dira. Udako agerraldiak hasi zirenetik, birusaren ondorioz erietxeetara gaixo gehien sartu den eguna izan zen atzo: hogei pertsona ospitaleratu zituzten, eta herenegun bederatzi izan ziren. Guztira 103 pertsona daude Hegoaldeko erietxeetan koronabirusak jota; horietako hamabi zainketa intentsiboetako unitateetan daude.

PCR proba masiboen emaitzak ere jakinarazi ditu Jaurlaritzak. Urdulizko ospitalean (Bizkaia) 801 test egin dizkiete osasun langileek Erandioko Goikoa batzokian izan zirenei, eta horietatik bostek eman dute positibo; beste 253 proba ere egingo dituzte. Bestalde, Donostiako Okendo kultur etxean atzo hasi zitzaizkien probak egiten Groseko Ramuntxo Berri tabernan izan zirenei; 1.450 PCR egitea aurreikusi dute.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Alemaniako Grevenbroich hiriko parke eolikoa, eta, atzean, ikatzezko zentrala, duela gutxiko irudi batean. ©SASCHA STEINBACH / EFE

PLANETAREN MUGEKIN TALKAN

Iñaki Petxarroman

50 urte dira Hazkundearen Mugak txostena kaleratu zutela. Ekonomia ulertzeko beste modu bat ezarri zuen, eta zientzian oinarritutako sistema batekin erakutsi zuen hazkunde etengabeak etorkizunean eragin zitzakeen arazoak. Gaur egun, begi bistan daude arazo horietako batzuk, hala nola klima krisia eta bioaniztasunaren galera.
 ©BERRIA

«Gure aztarna ekologikoak egungoaren hamarren bat izan behar du»

Iñaki Petxarroman

Kontsumoa eta ekoizpena apaltzea eta espiraleko ekonomia martxan jartzea beste biderik ez du ikusten Antonio Valerok.
Juan Mari Aburto lore eskaintza egiten, atzo, Bilbon. ©BILBOKO UDALA

Frankismoak espetxeratutako andreak omendu dituzte Bilbon

Iosu Alberdi

Bilboko Udalak eta Gogora institutuak plaka bat jarri dute Orue Txaleta zegoen lekuan. Eraikin hura espetxe izan zen 1937tik 1942ra bitarte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.