Koronabirusa

Birusa goraldian da oraindik: beste 504 kasu atzeman dira Hegoaldean

Igandeko proben %6,9k eman dute positibo. Aldaera britainiarra ia guztiz gailenduta dago jada

Birusa detektatzeko baheketa Lazkaon, joan den astean. JON URBE / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Gaur-gaurkoz, zaila da argia ikustea; transmisioari buruzko datuak ilunak dira Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, herenegun 7.345 proba egin ziren birusa detektatzeko, eta 504 kasu atzeman zituzten. Aurreko egunetako datuen aldean, kutsatuen kopurua aski apalagoa izan zen, baina, beste behin, aintzat hartzekoa da egun bakarrean egindako testen zenbatekoa. Izan ere, ohi denez, astegunetan baino proba gutxiago egin ziren igandean. Azken hamalau egunetako datuak oinarri, eguneko 10.570 test egin dira batez beste Hegoaldean; herenegun 3.000 gutxiago egin ziren.

Igandeko kasuetatik 183 Bizkaian detektatu ziren; Nafarroakoak izan ziren beste 142, Gipuzkoakoak 119, eta Arabakoak, berriz, 57. Herriei dagokienez, aipatzekoa da kutsatzeek Zaldibian (Gipuzkoa) izandako gorakada. Azken sei egunetan 58 kasu zenbatu dituzte, eta azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 3.679 da 100.000 biztanleko.

Positiboen ehunekoa kezkatzekoa da Hegoaldean. OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5ean du ezarria izurritea kontrolpean edukitzen hastekogehienezko muga, eta ehunekoa langa horren gainekoa da ia egunero. Zehazki, igandeko testen %6,9k eman zuten positibo Hego Euskal Herrian. Gainera, datua are larriagoa da Nafarroan: %8,3 izan zen. Osakidetzak egindako testetan, ehunekoa nabarmen txikiagoa izan zen, baina %5etik gorakoa izan zen, halere: %6,4.

Bestalde, birusaren aldaera britainiarra gero eta gehiago zabaltzen ari da Hegoaldean. Labiko koordinatzaile Jonan Fernandezen esanetan, aldaera britainiarrak ia guztiz ordezkatu ditu aurretik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zirenak. Antzeko ohartarazpena egin zuen joan den astean Nafarroako Osasun kontseilari Santos Indurainek: aldaera horretakoak ziren ja orduan herrialdeko kasuen %90.

Ospitaleei begira, Osakidetzak eta Osasunbideak guztira 33 lagun erietxeratu zituzten herenegun. Oraintxe bertan 466 lagun daude ospitaleetan; horietako 359 gela arruntetan daude. Halaber, 107 lagun daude ZIUetan.

Beste bi heriotzaren berri eman zuen atzo Nafarroako Gobernuak: 95 urteko gizonezko bat eta 78 urteko emakumezko bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.