COP26

Hitzetatik ekintzetara pasa daitezela eskatu diete gazteek gobernuei

Klima larrialdia dela-eta gazteek ostiralero egiten dituzten mobilizazioak Glasgown izan dira oraingoan. Adierazi dute erabakiguneetan presentzia handiagoa eduki nahi dutela

Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Klima aldaketaren aurka egiteko,mundu guztiko gazteak ostiralero bezala atera ziren kalera protesta egitera. Eta manifestazio handiena Glasgown (Eskozia) izan zen atzo, joan den igandetik han ari baitira egiten COP26 NBE Nazio Batuen Erakundearen klima larrialdiaren nazioarteko goi bilera. Fridays For Future mugimenduak deituta, milaka pertsona elkartu ziren Eskoziako hirian, eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu zieten gobernuei. Gainera, adierazi zuten erabakiguneetan presentzia handiagoa eduki nahi dutela.

Iruditzen zaie ez direla ari erabakiak hartzen Glasgown, eta aurretik ere ez zituztela hartuak. Hiriko hainbat paretatan honako hau idatzia duten kartelak itsatsi dituzte: «Klima ekintza orain arte: tar-tar-tar». Greta Thunberg aktibista gazteen ikur denak ere mobilizazioetan parte hartu zuen, eta gazteen sentipena izan zuen hizpide sare sozialetako mezu batean: «Inoizko COP baztertzaileena izaten ari da. Hau ez da jada klimari buruzko bilera bat. Estatu aberatsen irudia garbitzeko jaialdi bat da. Beti bezala, tar-tar-tarraren ospakizun bat da».

Izan ere, klima larrialdia dela eta, gazteek sentitzen dute gobernuek «abandonatu» egiten dituztela, eta «traizioa» egiten dietela. Hori da Europako bost unibertsitatek gaiaz eginiko ikerketa baten ondorioetako bat. «Gazteen antsietate ekologikoak ez dio erantzuten soilik ingurumena suntsitua izaten ari denez erakusten duten errebeldiari, baizik eta erabat lotuta dago gobernuek klima aldaketaren aurrean erakusten duten ekintzarik ezarekin».

Garatutako zein garabidean diren dozena bat herrialdetako 16 eta 25 urte arteko 10.000 gazte inguru elkarrizketatuz osatu dute azterketa, eta askok aitortu dute «triste, izututa, eta estu» daudela etorkizunaren aurrean. Txostenean jaso dutenez, klima aldaketa «guztiz laster» gertatzen ari denez, hamarretik lauk adierazi dute zalantza egiten dutela seme-alabak eduki ala ez, irizten dutelako etorkizuna «ikaragarria» izango dela.

Extinction Rebellioneko eta Klima Larrialdirako Aliantzako kideek ere, besteak beste, protestetan parte hartu zuten, eta klima larrialdiari eta berotze globalari aurre egiteko planetan gazteek izan beharko zuketen protagonismoa aldarrikatu dute. «Askok uste dute muturreko gazte gehiegi gonbidatuz gero irrigarri utziko ditugula [agintariak]», adierazi zuen Thunbergek, kalean. «Aldaketak exijituko dituen kaleko jendez osatutako masa kritiko baten beharra» dagoela nabarmendu zuen. Hain zuzen, hori izan du hizpide Vanessa Nakate aktibistak: «Gisa honetako manifestazioekin presioa egiten zaio boterea duenari».

Gaztedia eta Ahalduntze Publikoa izan zen gaia atzo COPen, eta Alok Sharma goi bileraren presidenteak prentsa agerraldi batean eskatu zien munduko lider politikoei entzun ditzatela «gazteen ahotsak», eta gonbidatu ditzatela klima larrialdiari buruzko «negoziazioetara».

Gazteek bihar egingo dute Glasgown COP26ren bueltako mobilizazio nagusia. Espero da 100.000 bat lagun inguruk parte hartzea 13:30erako deituta dagoen manifestazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.