urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Independentzia, %58k

2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Ados, ezinegona da nagusi mundu leku askotan, Europa gehienean bai behintzat. Baina horren aurrean bidea zein den ere geroz eta argiago dute batzuek: eskoziarren % 58k, esaterako, independentziaren alde bozkatuko luketela esan dute Ipsos Mori etxeak egindako inkestan. Orain arte jaso den emaitzarik handiena da independentistentzat.

Zortzi hilabete mundu oso bat da sasoiotan, baina, gauzak asko aldatu ezean, Nicola Sturgeonen SNPk garaipen handia lortuko du maiatzeko hauteskundeetan. Eta programan, goian eta nabarmen, independentziari buruzko erreferenduma izango du SNPk. Ez berak bakarrik; Berdeak ere independentistak dira, eta ezin ahaztu SNPren ezkerretara dagoen sektorea: Radical Independence-koen etxez etxe eta kalean egindako lan eskergari esker, inoiz laborismoaren hirietako bat izandako Glasgown independentisten alde bozkatu zuten 2014an, herrialdearen leku gehienetan ez bezala.

Boris Johnsonek, Westminsterrek eta estatuak, azken finean, arma asko dituzte, noski; inork ez du esan erraza izango denik eskoziarrentzat. Lehen oztopoa, bistan da, erreferenduma bera baimentzea izango da. Londresek argi eta garbi esana du galdetu beharrekoa duela sei urte galdetu zela, auzia itxita dagoela, Eskoziak ez duela erreferendumera deitzeko eskumenik eta ez diola horretarako baimenik emango, 2014an bezala. Besterik da, noski, independentismoak hori bera aginduta herritarren babes erraldoia lortzen badu. Printzipio demokratikoa gailentzen da horrelakoetan, eta ezinbestean negoziatu beharko dute erreferenduma —Bartzelonako 2017ko urriko irudien laurden batekin, Eskoziak automatikoki alde egingo luke Londresen agintetik—. Orain, egin kontu zer-nolako negoziazioak —zerbait esatearren— egiten ari den Johnson Bruselarekin egunotan. Hori konpontzen zaila dela uste duenak, pentsa dezala nola izango den Edinburgorekin.

Oraingoz argitu gabeko gakoetako bat, eta eskoziarren erabakian pisu handia duena, moneta da, zein diru izango duen Eskozia independenteak. Libera esterlina erabiliko luketela ziur esanda joan ziren 2014an, baina Ingalaterrako Bankuaren errealitatearekin egin zuten topo. Bistan da, Eskoziak sor dezake bere diru propioa, eta liberarekin bat eginda mantendu, baina azken batean lehengo leku berean zaude: lehen, txikia izan arren, eragina zeneukan errealitate batetik kanpo, atzerriko banku zentral baten erabakien menpe, subiranotasun fiskalik gabe. Horretarako, euroa bera izan liteke hobea, egonkortasuna eta eragin gutxieneko bat izateko. Baina euroa hartzea ere ez da automatikoa, besteak beste, norbere diruak euroarekin aldi batez bat eginda egon behar duelako. Eskoziak bere banku zentrala eta diru propioa sortzea erraz esan baina egiteko hain erraza ez den zerbait da. Suediak eta Danimarkak Europako Batasunean segitzea eta eurotik kanpo gelditzea erabaki zuten, eta ez zaie txarto joan. Eskoziak ere eskandinaviarren diziplina fiskala beharko luke. Eta orain arte EBra sartu diren herrialdeek euroa hartzeko urratsak egiteko konpromisoarekin egin dute: prest legoke Eskozia independentea?

Ez du diruak bakarrik erabakiko Eskozian zer gertatzen den. Brexit-a eta brexit-ak zoratzeraino hauspotutako nazionalismo ingelesa, toryak erabat bereganatuta, bultzada handiagoaizan litezke. Baina, azken erabakia hartzean, patrikari begiratuko diote eskoziarrek, eta independentistek orain arte baino proposamen argiagoa beharko dute.

Ez da Eskozia soilik: Gales ere nola ahalduntzen ari den adierazten du egunotako erabakiak: Ingalaterrako mugak ixtea Covid tasa handienak dituzten eskualdeetatik datozenentzat. Duela belaunaldi bat, nazionalismo ingelesaren aurrean horrelako harrotasun subirano batekin jokatuko zela iradokitze hutsak ezinezkoa zirudien.

Horrek guztiak beste elementu batera ere bagaramatza: Irlanda izan da orain arteko negoziazioen auzi arantzatsuenetakoa, hortik kanpo itsasoa baino ez baita Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko muga. Baina Irlandan ehunka kilometro eta muga-postu daude, teorian, kontrolatu beharrekoak, bake-akordioen arabera militarizatu ezin direnak. Beste batean helduko diogu nola horren konponbidea Irlanda batua den —eta uste baino hurbilago egon daitekeen—, baina paradoxa da muga itsasoz beste aldera joan litekeela orain. Uhartea zirelako, nortasun berezia izan eta brexit-a egin, eta Europako muga berriek Britainia Handiaren beraren lurraldea zatitu dezakete muga baten bidez, Ingalaterra eta Eskozia artean. Eta kasu Galesi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.