Peru Magdalena.
Urmuga. IRITZIA

Ero horiek

2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Arian ura diren ero horiek. Horiak, beroak, eroak horiek. Lorcak idatzi zuen: «Bada benetako poesian halako lurrin bat, doinu bat, arrasto argitsu bat edonork bereganatu dezakeena. Balio beza poesiak guztiok gugan daramagun eromen gramo hori pizteko, bera barik ez baita zuhurra bizitzea».

Erokeria bat denez eromen ukiturik gabe bizitzea, argiz pizten gaituzten zoro zoragarriak nahi nituzke omendu.

Ero horiek. Norbere komenentziaren probetxuz jokatzen ez dutenak. Kalkulu barik maitatzen dutenak. Errima eder baten bila orduak igaro ditzaketenak. Ume bati, txakur bati ala presidente bati berdin hitz egiten diotenak. Dentistari bere lana, diruz beharrean, eskulturekin ordaintzen diotenak. Agerizko arrazoi beharrik barik ahoan irribarre bat sarritan loratzen zaienak, Maxeren moduan. Lagunartean kantuan hasten direnak. Zeure mina beraiena lez sentitzen dutenak. Hiztun gutxiko hizkuntzak ikasten dituztenak. Zaindu egiten dutenak, ingurukoak, natura, edozer. Bere itxura zaintzen ez dutenak. Eguerdira arte lo egitea gustatzen zaienak. Egunez lorik egin gabe egiten zaienak. Hanka sartzen dutenak, konpontzeko beste hanka sartzen dutenak, eta azkenean zuloaren bestaldetik ateratzen direnak. Poetak. Sukaldean nahasketa arraro eta leherkariak egiten dituztenak. Entonatzen jakin gabe kantatzen dutenak. Beste inori gogo hutsagatik laguntzen diotenak, eta gehienbat lagundu izana erakusteko beharrik ez dutenak. Liburu artean denbora alferrik irabazten ibiltzen direnak. Beraiekin sekula aspertzen ez garen zoro horiek. Urmuga mendebaldetik ekialdera oinez egiteko ideia izan zuena. Biolontxeloak eta pianoak mendi puntetara eramaten dituztenak. Ur tanta bi isurialdeetara nola, musika gure bi belarrietara banatzen diguten musikariei. Tximeletei. Zuri. Eskerrik asko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.