Peru Magdalena.
Urmuga. IRITZIA

Hegal egiten

2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Hegal egiten. Bi hegalak astintzen. Halaxe doa tximeleta. Halaxe doa Urmuga.

Bi mendi hegaletan gora bizi garenok batzen gaitu mendi ertzak. Ur beherak edaten ditugu, ur berdinak igarotzen gaitu. Goian batzen dira bi isurialdetakoon begiradak, bisagra batean bezala, eta tximeleta bihurturik egiten dute hegan, garen herria aireratuz.

Aireratze pista bat baita mendia. Mendian ibili, gero eta arinago ibili, abiaduraz eta pisuz gero eta arinago, atzean eta behean utzi ardurak, iraganak erantzi, ilunguneak izerditu. Garen haria biluztu eta hari hori naturarekin josi. Gogoak hegan egin dezan abiada hartu. Eta gogoak hegan egiten du. Lotzen da, han goian, ideia berriekin, ametsetako irudiekin, inkontzientearekin, badakigunik ere ez genekienarekin.

«Mendia intimitatea da» esaten dut Felipe Uriartek. Ezin dut gehiago azpimarratu, sinatu, neure egin esaldi hau. Zertara noa ba mendira neurekin egotera ez bada, funtsean natura den neure barruarekin egotera?

      bide eginez
      ibiliari
      ematen natzaio pozik
      bi oinak ditut jantzita eta gogoa daukat ortozik

Hala idatzi zuen Mikaela Arriagak, hemeretzigarren mendeko Anbotopeko biztanle batek. Ez da apenas bere izkriburik iritsi gaur egunera, baina sentsibilitate handiko emakume naturzalea omen zen. Urkiolan gora egin omen zuen oinez bere azken egunean, eta ez omen zen gehiago itzuli. Basoan ortozik desagertzen irudikatzea gustatzen zait.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.