Peru Magdalena.
Urmuga. IRITZIA

Ipar-hegala

2021eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Ipar-hegala, tximeletarena.Kantaurira begiratzen duen urmugaren isurialdea.

Lainoetatik askatu eta zeruan behera datoz tanta bi, dantzari, beste milaka tanten artean. Haizearen menera kulunkatzen da beraien erorialdia, arin, arduragabe, lurreratzerakoan biziko duten bidaiaren ezjakin.

Mendi punta ukitzear daudelarik haize ufada batek kolpatu eta iparraldera bultzatuko du tantetako bat, lagunarengandik banatuz. Mendiaren ipar aldapa hortan hasiko du bere bidaia geure gaurko tanta lagunak, hegoaldera eroritako beste tantarekiko guztiz ezberdina izango dena. Haitz leun batean zehar labainduko da. Liken artean igaro, belar txikiak besarkatu eta lurrean barrena filtratuko da. Zizareak, hutsuneak, mineralak, oihartzunak haizpeko galerietan zehar. Harri artetik aterako da beherago, behelainopean dagoen bailara berde eta umel batera.

Errekasto gardenak baserri handi baten ondotik pasaraziko du, piper txikiak eta azelgak baratzean, azal zuridun amona bat lanean. Bat-batean, abiada gelditu eta harri leunak eta zapaburuak putzu batean. Eta ume batzuk zapaburuak harrapatu nahian. Baina eta berriz ere abiada, sagarrondo artetik igarotzeko, han behean tolareak. Antzinako pagadi batean zehar urmugalariak, lehengo kontrabandisten bideetatik oinez. Ur-jauzi bat. Bihurguneak, etxe gehiago, industria poligonoak. Ibai zabal baten ur-uherra zubi azpietatik igarotzen. Behinola itsasontziak itsasoratzeko erabili zen moila desegina. Herri bat, autoak, arrantza itsasontzi handien mastak, ur gazia.

Itsasoa. Olatuak. Arrain mota ezberdinak saldoka. Korronte batek barrurantz egiten dio bultz gure tanta lagunari. Sakontasun iluna azpian. Gorputz erraldoi batek gorantza darama. Bale baten azalean aterako da urazalera. Han, urrutian, mendi berde batzuetan euria ari du.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.