Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria

EH Bilduk «alde egiteko» eskatu die Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari

Iñarrituk esan du «zentzuzkoa» dela Espainiako Segurtasun Indarren kopurua «egokitzea». Intxaurrondoko kuartel sarreran mintzatu da

Jon Iñarritu, atzo, Intxaurrondoko kuartelaren sarreran. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jon olano
Donostia
2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako Gorteetarako hauteskundeen kanpainan, ezohiko lekura joan zen atzo EH Bildu. Guardia Zibilak Intxaurrondon (Donostia) duen kuartelaren atarian, agerraldi bat egin zuen Jon Iñarritu Espainiako Kongresurako EH Bilduren Gipuzkoako zerrendako bigarrenak, Espainiako Segurtasun Indarrak Euskal Herritik joan daitezela eskatzeko. Izan ere, uste du ez duela «zentzurik» Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Euskal Herrian jarraitzeak: «Bada garaia indar armatu eta polizialen presentzia garai berrietara egokitzeko». Hortaz, «alde egiteko» eskatu zien.

Iñarrituk hiru arrazoi nabarmendu zituen Espainiako Segurtasun Indarrak joan daitezela argudiatzeko. Batetik, arrazoi «demokratikoa»: «Gure herrian, gure erakundeetan, oso argi geratu da herri honetan gehiengoak ez duela nahi indar polizial hauen presentzia». Bestetik, «legezkoa»: gogora ekarri du 1979ko estatutuak jasotzen duela Ertzaintza Polizia «integrala» dela: «Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren funtzioak bazterrekoak dira, eta, horregatik, ez dauka zentzurik milaka eta milaka polizia egotea». Alde horretatik, oroitarazi zuen Euskal Herria dela Europan polizia ratiorik handiena duen lurraldea; mila biztanletik zazpi polizia daude, eta milatik bi egotea aholkatzen du Europako Batasunak.

Azkenik, azpimarratu zuen «zentzuzkoa» dela Segurtasun Indarrek Euskal Herritik alde egitea, «oso kasu ilunetan» nahastuta egon direlako. Gerra zikina eta tortura jarri zituen adibide: «Horretaz asko dakite hemen, Intxaurrondon».

Mugimendu handirik gabeko aldea da Intxaurrondoko kuarteleko sarrera, eta ez zegoen inor hesian. Iñarritu hitz egiten ari zela, ordea, Guardia Zibilaren bi furgoneta iritsi ziren, kaletik kuartelera. Barrura sartu beharrean, hesian geratu ziren, Iñarritu agerraldia egiten ari zen lekutik hogei bat metrora, eta zortzi polizia inguru atera dira autoetatik. Agerraldia amaitzearekin batera sartu dira kuartelera.

Bigarrena helburu

Sorpresa handirik ezean, EH Bilduk ziurtatuta dauka Gipuzkoan diputatu bat eskuratzea. Mertxe Aizpurua da zerrendaburua. Bigarrenarekin, ordea, zalantzak daude; zenbait inkestaren arabera, Espainiako Kongresura joateko moduan legoke Iñarritu, baina, horretarako, Gipuzkoan boto gehien eskuratuko dituzten bi alderdien artean egon beharra dauka EH Bilduk. Ordezkaritza lortuz gero, hirugarren legealdia luke Iñarrituk Madrilen; kongresuan egon zen 2011-2015 artean, eta senatari aritu da azken urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.