Koronabirusa

Ohiko birusak harrapatuta

Kartzelatik atera berri da Oskar Calabozo. Buruan ebakuntza egin berri diote Asier Aginako euskal preso ohiari. Biek pairatu dute Madrilen jarrera koronabirusaren garaian ere.

Oskar Calabozo euskal preso ohia, atzo, Trapagaranen, etxean. BERRIA.
enekoitz esnaola
2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Ordu arraroak bizi ditu Oskar Calabozo euskal preso ohiak (Trapagaran, Bizkaia, 45 urte): herenegun atera zen Kordobako kartzelatik (Espainia), zigorra osorik beteta, eta, 800 kilometroko bidaiaren ondoren, arratsez iritsi herrira, baina kalean ez zuen inor zain harrera egiteko; atzo irten zen kalera, kontu korrontea zabaltzera eta beste zerbait egitera, «baina ezagunak ikusi, eta ezin besarkatu!...». Koronabirusak agintzen du. Telefonoz jaso ditu agur mezuak, bideoak, bertsoak eta beste. Dena dela, «pasatuko da hau», dio Calabozok. Espetxeetako egoeraz du kezka. «Izan ere, ni azkena egon naizen kartzelan behintzat, presoekin ez dute inolako neurririk hartu: ez tenperaturarik, ez eskularrurik, ez maskararik; ezer ez. Kartzelako arduradunek ez dute gizatasunik». Kordoban, presoek astean behin izan ohi dute kontsulta medikuarekin: «Baina hogeiren bat segundoan begiratzen dizu zerbait, eta kalera. Hori ari da pasatzen orain ere». Oraingoz, koronabirusaren positibo kasurik ez da izan Andaluziako espetxe hartan, «baina sartuko da gaitza barrura, espetxe kanpotik sartu-irtena egoten baita egunero: funtzionarioak, sukaldariak, erizainak... Orduan, zer?».

Logikoa iruditu zaio EH Bilduk, Etxerat-ek eta Sarek euskal preso eriak eta 70 urtetik gorakoak askatzeko eskatu izana. «Koronabirusagatik arrisku handiena dutenak dira. Kartzela ez da horrelako gaitz bati aurre egiteko toki ona; are gutxiago haien kasuan. Kordobako espetxean ez dago euskal preso gaixorik eta 70 urtetik gorakorik —zaharrenak 60 urte dituzten hiru dira—, baina berdin dio, han preso eri asko dago; batez ere, buruko gaixotasunak dituztenak dira horiek, eta botikaz goraino jartzen dituzte. Hori da ematen dieten tratamendua». Calabozok galdetu duzeren zain dagoen Espainiako Espetxeetako Erakundea preso eriak-eta askatzen hasteko; «hildako batzuk egon behar al dira neurriak hartzen hasteko?».

Mendekotasunen bat duten adinekoen arretarako ikasketak egiteko baliatu du kartzelaldia, Etxerat-ek lagunduta: «Koronabirusarekin ere ikusi da zaintzarako behar handia dagoela».

Asier Aginakoren kasua

Asier Aginako (Durango, Bizkaia, 44 urte) euskal preso ohia da zaintza behar duen pertsona bat. Buruko tumore batengatik, bitan egin diote ebakuntza azkeneko urtebete pasan. Eritasun larri horregatik, iazko urtarril bukaeran—lehen ebakuntzatik bi astera—, Espainiako Auzitegi Nazionalak eten egin zuen haren kartzelaldia. Picassent kartzelan (Valentzia, Herrialde Katalanak) zegoenorduan Aginako, baina, Euskal Herrira itzuli beharrean, han ondoko herrixka batean jarri zen bizitzen. Arrazoia: neska-lagun Aitziber Coello espetxe hartan daukate preso, bien haur batekin. Aginakok Valentzia aldean segitu zuen osatze lanetan, eta lortuzuten Coello maiatzetik aurrera egunero lau ordurako ateratzea espetxetik, umearekin.

Beste urrats bat egin zuten: Coellori hirugarren gradua emateko eskatu zuen Txema Matanzas abokatuak udazkenean; eta, halakorik eman ezean, euskal presoari egunero kalera irteteko ordu gehiagoko baimena ematea. Gainera, kondena amaitzear duen preso bat da —maiatzaren 2an bukatuko zaio—. Eskaerei ezezkoa eman zien Espetxe Zaintzak duela aste batzuk, eta bigarren graduan segitu du Coellok.

Aginakori otsailaren 26an egin zioten bigarren ebakuntza buruan, baina, koronabirusaren krisia dela eta, haren bikotekidea ezin da kartzelatik irten; ez diote uzten. «Horrelako egoera batean zabaltasuna agertu beharrean, are gehiago itxi da Madril», dio Aginakok. «Gobernuak aitzakia ona dauka orain hirugarren graduak-eta emateko, baina are gehiago itxi ditu kartzelak». Gainera, ume txikia ateratzen ere ez diote uzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.