Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

«Nazionalismoan nahasten ez den ezkerra» aldarrikatu du Mendiak

Nafarroako lehendakari Maria Txibite eta Errioxako Concha Andreurekin batu da. «Elkarrizketa eta akordioa» eskatu ditu

Idoia Mendia PSEko lehendakarigaia, Txibite eta Andreurekin. J. FONTANEDA / FOKU.
Maider Galardi
2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Gasteizen izan zen atzo Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaia, Nafarroako lehendakari Maria Txibiterekin eta Errioxako (Espainia)Concha Andreu presidentearekin. Hirurak dira alderdi sozialistako kide, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekin mugan diren autonomia erkidegoekin «aliantza» irudikatu zuen Mendiak horrela. «Gure bizilagunak aliatu gisa ikusten ditugu, ez etsaien moduan», nabarmendu zuen PSEko hautagaiak. «Ezker serio eta arduratsua gara, eta ez gara nazionalismoetan endredatzen», aldarrikatu zuen. Nafarroan eta Errioxan azken bozetan egin moduan, «norabide politikoa» aldatu nahi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Mendiak: «Zailtasunak izan arren, haiek lortu dute».

PSEko hautagaiaren arabera, sozialistak dira etorkizunera begirako eskaintza bat duten bakarrak: «Elkartasunean oinarritutako begirada dugu: mugen eta banderen gainetik elkarrizketa izateko eta akordioak lortzeko gai garen bakarrak gara. Hori guk eskaini dezakegu soilik». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sozialisten buru denetik norabide horretan jardun dela nabarmendu zuen Mendiak, eta Txibitek eta Andreuk ere hala lan egin dutela azpimarratu. Era berean, goretsi zuen hirurek defendatzen dituztela justizia soziala, egonkortasuna eta aurrerabidea, eta ez Txibite eta ez Andreu ez direla «kikiltzen» ohar egin zuen Mendiak.

Emakume presidenteak

Nafarroako lehendakaria eta Errioxako presidentea biak dira emakumeak, eta Mendiak andre horiek egindako lana aintzatetsi nahi izan zuen: «Hemen gaude hirurak. Hirurak andreak gara, eta hainbat oztopori egin behar izan diogu aurre. Halere, iragarpen guztien aurka, hemen gaude; aurrerabidearen eta aniztasunaren ideia bera defendatzen, eta geure autonomia erkidegoek aurrera egin dezaten lanean.

Bai Andreu eta baita Txibite ere Mendiak lehendakari gisa egin dezakeen lanaz jardun ziren: «Idoiak gure helburu bera dauka: pertsonen bizitzak hobetzea».

Krisiarentzako irtenbideak

Izan ere, koronabirusaren krisiak hainbat ondorio ekarri ditu, arlo ekonomikoan eta sozialean, eta horiei aterabidea bilatzeko elkarlanean jardun direla oroitarazi zuen Andreuk. Txibitek, berriz, esan zuen egoerari aurre egiteko garaia dela, eta, batez ere, «irtenbideak» bilatzekoa. Horretarako alderdi sozialista Eusko Jaurlaritzan egotea «ezinbestekoa» dela ohar egin zuen Txibitek. Bat egin zuen Mendiak ere: «Badakigu gobernatzen eta arazoei irtenbidea ematen. Hori egiten dugu, baina inor atzean utzi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.