Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

EH Bilduk ziurtatu du 1.080 euroko pentsioak bermatuko dituela

Gizarte Segurantzaren kudeaketa eskatuko dutela azpimarratu dute. «Miseriazko» pentsioak kentzea eta «duintasuna» aldarrikatu dituzte

Kortajarena, atzo EH Bilduk egindako ekitaldian, Lazkaon. EH BILDU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Gutxienez 1.080 euroko pentsioak bermatuko dituztela. Hori izan zen atzo EH Bilduk jakinarazitako konpromiso nagusietako bat. Lazkaon (Gipuzkoa) egindako ekitaldian Nerea Kortajarena zerrendakideak ohartarazi zuenez, COVID-19ak ez du bukatu pentsiodunen «borroka eta indarra»: «Itxialdiaren ondoren, kalean ikusi ditugu berriro». Haren hitzetan, EH Bilduk babestu egin nahi ditu pentsiodunen aldarrikapenak eta borroka, eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatuko ditu. EH Bilduk uste du «herri duina» izan nahi duenak bere kideak «zaindu eta babestu» behar dituela, eta bermatu egin behar dituela duintasunez bizitzeko baldintzak eta kalitatezko zaintza zerbitzuak.

Milaka pentsiodunek «miseriazko» pentsioak kobratzen dituztela ere salatu zuen Kortajarenak, eta 1.080 euroko pentsioak eskatzeko arrazoia datuen bidez azaldu zuen: «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.500 pentsiodunek osatu behar dute pentsioa diru sarrerak bermatzeko errentarekin». Nabarmendu zuenez, pentsiodun horien bi heren emakumeak dira. Gainera, koalizioaren zerrendakidearen hitzetan, legeak aitortzen dien baino 300 euro gutxiago jasotzen dituzte, «[Iñigo] Urkulluk eta [Idoia] Mendiak pentsioen osagarria murriztu dietelako».

«Euskal pentsiodunek pentsio duinak merezi dituzte, ez miseriazko pentsioak», azpimarratu du Kortajarenak. Eta haren hitzetan, eskumenak badaude, pentsio «duin» horiek bermatu ahal izateko, baita 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko ere, Eusko Jaurlaritzak pentsio baxuenak osatuta. «Borondate politiko kontua da, ez du balio ustezko eskumen faltan ezkutatzea».

Kortajarenak azpimarratu zuen Gizarte Segurantzaren kudeaketaren transferentzia ere eskatuko dutela, euskal pentsio sistema propioa sortzeko. Halere, bitartean ere zeregina badagoela nabarmendu zuen: «Jaurlaritzak tresnak baditu pentsio txikienak osatzeko Gizarte Segurantzaren transferentzia osoa gauzatu bitartean, baina borondatea behar da tresna horiek baliatzeko, eta EH Bilduk badu».

Antzeko aldarrikapenak egin zituen Jasone Agirre EH Bilduren hautagaiak ere Bilbon. Haren hitzetan, EH Bilduk pentsiodunei «bizitza duina» bermatzeko konpromisoa hartu du, baita 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzeko, milaka euskal pentsiodunek jasotzen dituzten «miseriazko» pentsioak deuseztatzeko, euskal pentsio sistema publiko bat sortzeko eta Gizarte Segurantzaren kudeaketaren transferentzia «atsedenik gabe» eskatzeko ere.

Antzera mintzatu zen Mikel Otero EH Bilduren Arabako zerrendaburua ere. EAJri eta PSE-EEri egotzi zien «eskumen faltaren atzean» babestea. Oteroren iritziz, ordea, Jaurlaritzak baditu nahiko eskumen, «pentsiodunei pentsio duinak bermatzeko». Otero pentsiodunekin egon zen atzo Gasteizen, eta, bertan egindako adierazpenetan azpimarratu zuenez, EH Bilduri botoa emateak soilik ziurtatzen du «konponbide posible guztiak bilatzea pentsio duinak bermatzeko».

Erabakitzeko eskubideaz

Arrasaten (Gipuzkoa) aritu ziren iluntzean Maddalen Iriarte EH Bilduren lehendakarigaia eta Arkaitz Rodriguez Gipuzkoako hirugarren zerrendaburua. Besteak beste, Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiari egotzi zioten erabakitzeko eskubidea gauzatzeko «oztopo» izatea eta «hitza ez betetzea». Burujabetzaren aldeko botoa eskatu zuen Iriartek: «Urkulluk Ibarretxe plana alfonbra azpian ezkutatu du, erabakitzeko eskubidearen etsaiek belarriekin txalo egiten duten bitartean».

Rodriguezek boto subiranista eta ezkertiarra eskatu zuen, eta Urkulluren agintaldiari buruz esan zuen «zakarretarako botatako» zortzi urte direla: «Subiranotasunaren trena galdu du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.