Hegoaldeko enpresen esportazioak %21,5 jaitsi dira urteko lehen erdian

Beheraldia txikiagoa izan da ekainean (%14,1). Koronabirus kasuen agerraldiak euroguneko giro ekonomikoa belzten ari dira berriro

Sestaoko industrialde bat, hutsik, martxoaren amaieran. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iker Aranburu.
2020ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Koronabirusak eten egingo dukanpo merkataritzak azken hamar urteetan izan duen hazkunde ia etengabea. Urteko lehen sei hilabeteetan %21,5 gutxitu dira esportazioak, eta are gehiago inportazioak (-%24,1). Ekainean beheraldia ez da hain handia izan(-%13,3), eta horrek erakusten du itxialdiaren amaierak eta jarduera ekonomikoaren suspertzeak ondorio positiboak izan dituela merkataritzan ere. Baina COVID-19 kasuak ugaritu ahala, ez da baztertu behar suspertze erritmoa moteltzea edo seko geratzea

Ohi bezala, kanpo saldo positiboa du Hego Euskal Herriak; handia, gainera. Urteko lehen sei hilabeteetan 14.320 milioi euroren esportazioak egin ditu, eta 9.936 milioiren inportazioak. Proportzionalki, handitu egin da kanpo saldoa, inportazioak are gehiago jaitsi direlako urteko lehen sei hilabeteetan.

Lurralde guztietan jaitsi dira esportazioak, baina batez ere Gipuzkoan (-%26,2), CAFek iaz baino tren eta trenetako osagai gutxiago esportatu dituelako (%60tik gorako apalaldia ekainean). Edonola ere, gorabehera handiak dituen produktu bat da trenena, bagoi saldo bat entregatzeak gorakada handia ekar baitezake hilabete jakin batean, eta ez egiteak, berriz, beherakada handia. Berez, inoizko eskari zorrorik handiena du Beasaingo enpresak, eta gehienak esportaziorako dira. Araban %22,1 jaitsi dira esportazioak; Bizkaian, %20,5, eta Nafarroan, %18,1.

Ekipo ondasunak dira Hego Euskal Herriko enpresen esportazio gai nagusia (5.203 milioi), eta haren ondoren datoz autogintzari lotutakoak (3.153 milioi). Alemania, Frantzia, AEBak eta Erresuma Batua dira, hurrenkera horretan, esportazioen helburu nagusiak.

Indizeak, behera

Uztailean oso litekeena da kanpo merkataritzaren uzkurtzea pixka bat gehiago arintzea, jarduera ekonomikoa eta industriaren ekoizpena berreskuratu egin delako. Baina ikusteko dago zer gertatuko den abuztuan eta udazkenetik aurrera. Izan ere, ekonomiaren bilakaera iragartzen duten azterketek diote COVID-19 kasuen agerraldiak giroa beltzen ari direla. Horrela, enpresetako erosketa atalen arduradunen iritziekin IHS Markit etxeak osatzen duen indizea berriro jaisten hasi da: 54,9 puntu zituen uztailean, eta 51,6 abuztuan.

Antzeko emaitzak izan dituzte euroguneko bi ekonomia handienetan egindako azterketek: Alemanian, PMI indizea 55,3tik 53,7ra erori da, eta Frantzian, berriz, 57,3tik 51,7ra. Kutsatzeak eragozteko zerbitzuetan hartutako neurriek izan dute eraginik handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.