Beste luzapen bat inpunitateari

2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Uztailaren 14an, Espainiako Kongresuak onespena eman zion Memoria Demokratikoaren Lege proiektuari. Senatuko izapidea falta du oraindik eta, ondoren, Kongresuaren azken berrespena, baina irudi du arrain guztia salduta dagoela. Dena den, esperantza da galtzen den azkena.

Esparru memorialista zabalaren gehiengoak eman du bere iritzia dagoeneko, eta ez da positiboa izan. Besteak beste, honakoak: ARMH (Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkartea), CEAQUA (Kereila Argentinarra sostengatzeko Estatuko Koordinakundea, dozenaka elkarte eta plataforma memorialistak osatua), Frankismoaren Krimenen aurkako Euskal Plataforma (memoria eta gizarte talde batzuek osatua), Gasteizko Martxoak 3 Elkartea, Iruñeko Sanfermines 78: Gogoan! ekimena... Amnistia Internazionalak ere desadostasun serioak azaldu zituen proiektuaren funtsezko zenbait alderekin. Iritzi horiek, ongi oinarrituak guztiak, kontuan hartu beharko zituzten izapidetzean, baina ez da horrela gertatu.

Kritikak abiatu dira gaurko proiektuak 2007ko Memoriaren aurreko Legearekin alderatuta dituen aurrerabide garrantzizkoak onartuz. Hala eta guztiz ere, baieztatzen jarraitzen dute, funtsean, frankismoarekin 44 urtez izandako inpunitate erregimenak bizirik segitzen duela proiektu berrian. Egia, justizia eta ordaina gainditu gabeko irakasgaiak dira oraindik.

Egiaren eremuan, proiektua kritikatzen da partziala eta interesatua delako. Izan ere, beste gauza batzuen artean, biktimagileak ikusezin bihurtu eta babestu egiten ditu (eraileak, torturatzaileak, epaileak, ministroak, enpresa esklabistak, Eliza...), Sekretu Ofizialen lege frankista indarrean mantentzen du eta Lapurtutako Umeen Lege proiektua, duela bi urtetik hona Kongresuko tiradera ahaztu batean aparkaturik, ahaztu egin du.

Nolanahi ere, justizia eskuratzeari dagokionez du proiektuak bere akats handiena, bere jauregietako ateek hertsirik segituko baitute krimen frankisten biktimen eskakizunendako. Amnistiari buruzko 1977ko Legeak indarrean segituko du eta ez da bildu nazioarteko zuzenbidearen aplikazio zuzena gizateriaren aurkako krimenei dagokienez, NBEk berak behin eta berriz egindako gomendioak urratuz.

Logikoki, egia partzial eta interesatua eta justiziaren ateetako itxiera abiapuntu baditugu, ondoriozko ordaina ez daiteke izan zerbait formala eta administratiboa baizik. Areago, legeak espresuki ukatzen duenean egindako espoliazioak itzultzea eta eragindako kalteak ordaintzea.

Frankismoaren krimenengatiko justizia galdatzeak ez du deus ikustekorik Talioaren legeko begia begiaren ordainarekin. Bai, ordea, mundu mailan aitortutako giza eskubideen urratze masiboen aurrean nahitaez eman beharreko erantzunekin. Adibidez, torturaren kasuan, interes soziala ez da delitua eta horren biktima aitortzetik bakarrik pasatzen. Horrez gain, torturatzailea ere identifikatu behar da hura epaitzeko, eta, beste zigor batzuen artean, ezgaitzeko giza eskubideekin edo herritarren segurtasunarekin lotura zuzena edo zeharkakoa duen lanpostu orotan aritzeko. Helburua da atzoko inspektore torturatzailea bihar poliziako komisario buru ezin bihurtzea, edo haren aurrean aurkeztutako salaketak ikertzeari uko egin zion epaile konplizea barne ministro izatera ezin iristea. Sen oneko zerbait, ez da hala?

Beste adibide bat. Martin Villa (88 urte) epaitzeko eskatzeak ez du deus ikustekorik harendako ziega edo galerak galdatzearekin. Bai, ordea, aulkian jarraraziarekin, epaitu eta kondenatua izan dadin bere agindupean gauzaturiko krimen polizial eta parapolizial guztiengatik: Martxoak 3, Gasteizen; Madrilgo Aste beltza; Amnistiaren aldeko II. astea Euskal Herrian; 1978ko Sanferminak; Malaga, Tenerife, Alacant, Bartzelona...

Halaber, modu horretan lortuko litzateke, eta hau garrantzizkoa da oso, hezkuntza-testuek hura demokrazia espainiarraren aitetako baten gisara ez aipatzea, jauntxo frankista gizateriaren aurkako krimenen erantzule gisara baizik. Eta, erdietsiko litzateke, diktaduraren zerbitzura bizitza osoan zehar emandako eta, geroago, esker oneko Administrazio Kontseiluetan lortutako ondasunak desjabetuak izatea, krimen haiengatik eratorritako kalteak ordaintzeko. Horri deitzen zaio justizia eta ez da inolako arrazoirik hari uko egiteko, ezta zerbaiten truk aldatzeko ere.

Justizia trantsizionala, biktimei ordaina ematea (arreta mediko -psikologikoa, lan arlokoa, soziala, konpentsazio ekonomikoak...), arrazoi osoz, azpimarratzen duen hori ez da aurrekoaren aurkakoa. NBEk honela definitzen du: «Jendarte baten eginahala maila handiko gehiegikeriazko iraganetik (frankismoa, gure kasuan) eratorritako arazoak konpontzeko, erantzuleek gauzaturiko krimenengatik kontu eman dezaten, justiziaren zerbitzuan paratzeko eta adiskidetzea lortzeko». Erran nahi baita, justiziaren aurrean gauzaturiko krimenengatik kontu eman gabe, lortutako adiskidetzea parodia bat dela, ez besterik.

Horrela baieztatu zuen, 2018ko irailean, Kongresu espainiarrean bertan, Fabian Salvioli Egia, Justizia eta Ordainerako NBEren errelatore bereziak: «Adiskidetzea ez da ahanztura. Inondik ere. Hori da hitzaren interpretazio zitala». Eta gehitu zuen: «Ezin daiteke adiskidetzeaz mintzatu Justizia auzitegien jardunik gabe. Ezinezkoa da adiskidetzea justiziarik gabe». Hots, sasi egiekin eta justizia eskuratu gabe, adiskidetzea iruzurra da.

Memoria Demokratikoaren Lege proiektuak frankismoarekiko inpunitate erregimenaren gaurko zutabeak eraitsi gabe jarraitzen du. Hori aldatzen ez bada, berriro ere gaitz osatuko da demokraziarekin, justiziarekin eta giza eskubideekin dagoen zor historikoa. Lehendabiziko aldiz, Amnistiari buruzko 1977ko Legearekin gertatu zen. Bigarrenean, 2007ko Memoriari buruzko Legearekin. Uste genuen hirugarren aukera honetan, azkenean, lortuko zela, baina ez da horrela gertatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.