Trump erruduntzat jo du epaitegi batek sexu abusuengatik

Salatzaileari bost milioi dolarreko kalte ordaina ematera zigortu du. Epaiak baztertu egin du emakumea bortxatu izanaren akusazioa

E. Jean Carroll idazlea, atzo, New Yorkeko auzitegi batetik irteten. J. LANE / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Donald Trump AEBetako presidente ohia sexu abusuagatik kondenatu zuen atzo New Yorkeko epaimahai batek. Epaiaren arabera, Trumpek sexu abusuak egin zizkion E. Jean Carroll idazleari, eta iraindu egin zuen. Aldiz, epaimahaiak baztertu egin zuen presidente ohiaren aurkako bortxaketa akusazioa.

Sententziak Trump zigortu du Carrolli bost milioi dolarreko kalte ordaina ordaintzera —4,5 milioi euro—. Presidente ohiak, baina, ez du ordainketarik egin beharko oraingoz. Haren defentsak iragarri zuen helegitea aurkeztuko duela, eta ez du zigorra bete beharko epaia irmoa ez den artean.

Carrollek Trump salatu zuen saltoki handi batzuetako aldageletan bera bortxatzeagatik, 1990eko hamarkadaren erdialdean. Idazleak salaketa ezagutarazi zuenean bera iraintzea ere egotzi zion. Carrollek 2019an argitaratutako liburu batean jaso zuen epaimahaiaren aurrean eman duen lekukotza, eta Trumpek sare sozialetan idatzi zuen haren kontakizuna «gezurra» zela, «iruzur hutsa».

Epaimahaiak hiru ordu besterik ez du behar izan aho batez Trump erruduntzat jo duen epaia onartzeko .

Epaia «lotsagarria» dela adierazi zuen Trumpek sare sozialetan, kondenaren berri izan eta gutxira. 2024ko presidentetza bozetarako hautagai denak gaineratu zuen ez duela «inolako ideiarik emakume hori nor den».

Ikusteko dago sexu abusuengatik jaso duen zigorrak Etxe Zurirako hautagaitza zailduko ote dion Trumpi. Oraingoz, Alderdi Errepublikanoko hautagaia izateko faboritoa da, nahiz eta oraindik alderdikide gehiagok bere hautagaitza aurkeztea espero den. Horien artean, Ron DeSantis Floridako gobernadorea.

Presidente ohiaren defentsak erabaki du epaian ez parte hartzea, epaimahaiak Carrollen salaketa oinarri nahikorik ez zuela iritziko zion esperantzarekin. Auzitegitik kanpo, presidente ohiak behin eta berriz esan du idazlearen salaketa 2019an argitaratu zuen liburuaren salmentak puzteko kanpaina baten parte zirela, eta bere irudi politikoa zikintzeko ahalegin bat.

Epaiketan, beste bi emakumek adierazi dute sexu abusuak jasan zituztela Trumpen aldetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.