Gatazkaren ondorioak. GALen biktimak

Bidegurutzeko memoriak

Bixente Perurena GALek 1984an hildako errenteriarra omendu dute haren sorlekuan. Familiak bere egin du indarkeriaren beste biktima batzuen oinazea, eta ekitaldian izan dira ETAren biktima ugari.

Rafaela Romero eta Maixabel Lasa, atzo. JON URBE / FOKU.
jon olano
Errenteria
2019ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Autoen ezohiko joan-etorria zegoen atzo arratsaldean Astigarraga eta Errenteria arteko errepidean dagoen Perurena tabernaren bidegurutzean. Bertan jaio zen Bixente Perurena Telletxea, eta bertan egin zioten omenaldia atzo arratsaldean, GALek hil eta 35 urtera. 1984ko otsailaren 8an hil zuten, Hendaian (Lapurdi), eta ekitaldian parte hartu zuten, senideek ez ezik, Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak eta Julen Mendoza Errenteriako jarduneko alkateak ere.

Familiak antolatuta eta udalek babestuta, baserriaren atariaren eta haren aurrean dagoen zuhaitz kimatuaren inguruan batu ziren ehundik gora lagun, eguzkipean, Perurena zena gogoratzeko. Tartean, jende ezaguna: Maria Jauregi eta Maixabel Lasa ETAk hildako Juan Maria Jauregiren alaba eta alarguna, Axun Lasa GALek hildako Joxean Lasaren arreba, Alberto Muñagorri ETAk zauritutakoa, Juan Karlos Izagirre EH Bilduko Gipuzkoako batzarkidea, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, Rafaela Romero PSE-EEko legebiltzarkidea, Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzailea, Laura Pego Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea...

Mikel Markez kantariaren lehen notek eten zituzten omenaldira joandakoen arteko hitz- aspertuak, eta, hurrena, Argi Perurena Bixente zenaren alabetako batek hartu zuen hitza. Senideen izenean, eskerrak eman zizkien joandakoei, eta gogoan izan zituen familiaren bizipenak: «Ekaina izanik, buru-belarri arituko zen hemen lanean, mus txapelketak antolatzen...». Langile oroitzen baitute aita: «Langilea, euskalduna, eskuzabala eta politikan eskuzabaltasunez inplikatua». Gurasoak Hendaiara ihesi joanda, Argi alabak gogora ekarri zituen Lapurdiko herrira eginiko bisitak, alabak aitona-amonekin geratu baitziren Errenterian.

GALek bizimodua aldatu zien arte: «GALen balek aita hil zuten, baina gure haurtzaroa ere bai». Inor ez zuten epaitu Perurenaren hilketagatik, eta ez dute biktima izatearen aitortzarik izan. «Nola da posible hildakoen artean bereizketak egitea? Batzuei aitortza, eta besteei, oroitzeko aukera ere ez. Muga pasatzeko unean, haien errautsak ezkutuan pasatu ziren», salatu zuen. Kamioien zaratak mozten zuen hizketaldia.

Aitzitik, bere egin zuen indarkeriaren beste biktima batzuen oinazea: «Gaurko [atzoko] ekitaldia bada bizikidetzan egin beharreko urrats bat: hori da gure nahia». Txaloek eten zuten orduan solasaldia.

1.180 metro

Julen Mendoza izan zen hitza hartzen azkena, eta esker onez mintzatu zitzaien, batetik, Perurena Pascual sendiari, omenaldia antolatzeagatik, eta, bestetik, atzoko ekitaldian parte hartu zuten indarkeriaren beste biktima batzuei. Halako ekitaldiak egitearen garrantzia azpimarratu zuen Mendozak, eragile politikoak kontakizunari buruzko eztabaidan aritzea txarretsita: «Tematzen gara etorkizuneko kontakizunean, eta ahaztu egiten zaigu gera daitekeen sufrimendua». Horregatik, uste du atzokoa «ariketa ona» dela, «ez soilik biktimentzat, gizarte osoarentzat baizik».

Mendozak gogora ekarri zuen Perurenaren aitortzarik eza, eta, horregatik, familiak egiarako eskubidea duela azpimarratu zuen: «Egiak laguntzen du doluari amaiera ematen; egia ez da soilik onartzea GALek Bixente hil zuela. Hori ere bada, baina ez hori bakarrik. Egia da GAL estatu biolentziaren adierazpidea izan zela».

Atzoko ekitaldia egin zuten lekutik 1.180 metrora omendu zuten Antonio Cedillo ETAk hildako polizia zena, iazko irailean. Mendozak berak parte hartu zuen orduan, eta gogoan izan zuen atzo: «Orduan familiari balio izan zion bezala, gaurkoak balio diezaiola Perurena sendiari hainbeste urteko mina arintzeko».

Kotte Ezenarrok bizilagun zuen Perurena Pascual sendia, eta gertutasunez mintzatu zitzaien Bixente zenaren alabei: «Bixente oroitzea GALek Hendaian izandako jarduera ankerra gogoratzea da». 1983tik 1987ra, zazpi lagun hil zituzten herri horretan. Martin Luther King ekintzaile estatubatuarraren hitzak baliatu zituen bizikidetzan aurrera egiteko: «Anai-arreba gisa bizitzen ikasi behar dugu; bestela, ergelak bezala hilko gara». Jon Maia Seinen dantzaz amaitu zen ekitaldia.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.