Biktimen arreta hobetzea xede

Jaurlaritza protokolo bat lantzen ari da Ertzaintzaren eta tokiko polizien arteko koordinazioa hobetzeko, indarkeria matxistaren aurkako borrokaren esparruan.

Ertzain eta udaltzain ugari egon dira Bilboko jardunaldietan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza protokolo bat prestatzen ari da, indarkeria matxista kasuetan Ertzaintzaren eta herrietako udaltzainen arteko koordinazioa hobetzeko. Protokoloaren ildo nagusiak finkatuta daude, oraindik xehetasun batzuk doitu behar dituzten arren, eta Bilbon egindako jardunaldi batzuetan aurkeztu dituzte. Protokoloa egiteko aholkulari ibilitako Maria Caballerok eta Paloma Alvarezek esan dutenez, «biktimei emandako arreta hobetzea» da protokoloaren xede nagusia.

Segurtasun sailburu Josu Erkorekak esan du protokoloa «berritzaile eta aitzindaria» dela, eta «prozedurak eta jarduteko jarraibide bateratuak» ezarriko dituela Ertzaintzarentzat zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaltzaingoentzat.

Sistemak espedienteen kudeaketa partekatzeko sistema digital bat izango du, EBA Emakumeen eta Etxekoen Babesa izenekoa, aukera emango diena poliziei eta biktimen arretan parte hartzen duten erakunde publikoei auziari buruzko informazio eguneratua izateko.

Bi helburu nagusi

Caballerok eta Alvarezek esan dute protokoloak bi helburu nagusi dituela: indarkeria matxistaren biktima «berriro biktima bilakatzea» galaraztea, eta hartzen diren neurriak biktima sendatzeko eta lehengoratzeko lagungarri suertatzea edo, behintzat, oztopo ez izatea.

Horretarako, protokoloak aintzat hartzen du Europako Kontseiluak izenpeturiko Istanbulgo Hitzarmena. Itun horretan zabaldu egiten da indarkeria matxistatzat jotzen diren jardueren esparrua, eta orain arte halakotzat hartzen ez zirenak edo berriki agertutakoak ere aintzat hartzen dira: indarkeria fisiko, psikologiko eta sexualaz gain, jazarpena, ezkontza behartua, mutilazio genitala, sextinga eta abar.

Protokoloan bide batzuk ezartzen dira auzi bakoitza noren ardura den ebazteko, baina, aldi berean, informazioa trukatzeko sistemak ere aurreikusten dira, auziaren ardura zuzena ez duten polizia indarrek ere horren berri izan dezaten.

Protokoloa aurkezteko jardunaldietan, Marta Dolado abokatuak azaldu du zeintzuk diren horren bidez konpondu nahi dituzten behar eta arazoak. Esan duenez, normalean, indarkeria matxista pairatu duten emakumeek «oso ongi» irizten diote ertzainek eta udaltzainek emandako arretari, baina «sistema penalak emandako tratua» ez dute berdin ikusten: «Auzibideetan, emakumea lekuko deseroso bat baino ez da izan; aldiz, arretaren erdigunea izan behar du».

Nabarmendu du «betaurreko moreak» jantzi behar direla «biktimaren irudi estandarretik» aldentzen diren kasuak detektatzeko: «Batzuetan konplikatua da. Salerosketa sare baten biktima izan eta aldi berean sare horretan nolabaiteko ardura duen emakumea biktima da?».

Poliziaren txostenaren garrantzia ere azaldu du: «Batzuetan, hori da dugun froga bakarra epaileari jakinarazteko indarkeria matxista kasu bat dagoela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.