Koronabirusa

Kalean dabil armada

Koronabirusaren krisian, Hego Euskal Herriko toki askotan dabiltza Espainiako armadako UMEko kideak, desinfekzio eta zaintza lanetan. Denek ez dute ontzat jotzen haren esku hartzea.

Espainiako UME Larrialdietako Unitate Militarreko kideak, joan den apirilaren 3an, Iruñeko Parte Zaharrean. BERRIA.
enekoitz esnaola
2020ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Joan den igandean, Espainiako UME Larrialdietako Unitate Militarreko 6.970 kide estatuko 216 udalerritan ibili ziren desinfekzio eta zaintza lanetan; besteak beste, Izaban (Nafarroa). Hainbat herritarren artean harridura sortu zuen militarrak Izaban eta, oro har, Erronkarin aritzea lan horietan, bailaran ia-ia ez baitago koronabirusagatik baieztatutako positiborik, eta, gainera, bertako boluntarioak aritu izan baitira desinfekzio lanetan. «Non dago Nafarroako Babes Zibila?», galdetu zuen Victor Rubio Nafarroako suhiltzaileen LABeko ordezkariak, Twitterren. «Haserre» dira Hego Euskal Herriko suhiltzaileak, haien «ordezko» lana egiten ari delakoan Espainiako armada, Rubiok gaitzetsi duenez. Nafarroan gehiago ari da gertatzen hori, EAEn baino.

Espainiako Gobernuaren tokiko erkidegoko ordezkarien eskariz joaten dira leku batera UMEko kideak desinfekzio lanetara eta. Izabako kasuan, David Baines alkateak ere eman zien baimena, hark BERRIAri azaldu dionez: «Joan den ostiralean armadako kapitain batek deitu zidan telefonoz, esanez Izaban desinfekzio lanak egiteko asmoa zutela, eta erantzun nion ez zegoela arazorik. Gero ikusi dut armadaren esku hartzeak sortu duelaharrabotsik. Nik ez nuen, ordea, kontu hau inola ere politizatu nahi». «Sentsibilitate desberdinak» dituen hautesle plataforma bateko kidea da Baines. Horrez gain, alkateak aipatu du Izaban ez dutela positibo kasu ofizialik, baina osasun zerbitzuek esan diotela badela horrela jo gabeko kasurik,kasuok arinak izan arren.

Joan den astean, Euskal Herriko, Galiziako eta Herrialde Katalanetako suhiltzaileen hainbat sindikatuk agiri baten bidez deitoratu zuten Espainiako armadako unitateek babes zibileko eta larrialdietako zereginetan «esku hartu» dutela. «Langile, ibilgailu eta material andana, neurriz kanpoko alardea duten esku hartzeak, herritarren benetako beharrei baino gehiago, bultzada politikoari erantzuten diete», adierazi zuten. Sonia Ontoria ELAko kideak azaldu du instituzioek zerbitzu publikoak «gutxienekoen pean» utzi dituztela murrizketen ondorioz, eta COVID-19aren krisialdian «soluzio gisara saldu» nahi dela militarren lana. «Egun ditugun baliabideak zein diren kontuan hartuta, bagenekien krisi honetan lan zailagoa izango genuela, baina guri Nafarroako Gobernuak-eta galdetu ere ez digute egin toki hau edo beste desinfekta dezakegun. UME bidali dute, eta UMEk egin ditu lan horiek». Armadaren «erakustaldi mediatikoa» ere gaitzetsi du ELAko kideak. «Kalean-eta dabiltza desfilatzen, justifikaziorik gabe».

Plangintza, bertatik

Rubiok (LAB) ere «erabaki politiko bat» ikusten du atzean. «armadaren aurpegia zuritu egin nahi dute. Suhiltzaileok baditugu halako lanak egiteko prestakuntza eta baliabideak, baina militarrak bidali dituzte. Madrilen aginte bakarrarekin eta halako ekinbideekin, zentralismoaren eta autoritarismoaren kontzeptuak indartu nahi dira». Haren esanetan, ordea, ez da eraginkorra izaten ari militarren lana: «Aurreko batean Elizondoko [Nafarroa] zahar etxera joan ziren desinfekzio lanetara, baina handik egun batzuetara guk joan behar izan genuen. Izan ere, UMEk eraikinen kanpoaldea eta beste gune komun batzuk garbitzen ditu, baina ez barrua. Hori bai, propaganda bilatzen dute tokian tokira doazenean, argazkiak ateraz».

LABeko kideak uste du gertuko administrazio batek egin beharko lukeela plangintza, ez Madrilen ordezkaritzak. «Nafarroako Gobernuari ari gara esaten hori, baina ez digu jaramonik egiten. Gainera, eskura dauzkan baliabideak ez da ari ondo erabiltzen».

Nafarroako Gobernuak ez dio erreparorik jarri UMEren parte hartzeari. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, martxoaren 22an, ETB2ko elkarrizketa batean, esan zuen ez zuela «segundo bat bera ere» galduko armadaren esku hartzeaz. «Hau elkartasun kontu bat da, eta Euskadin elkartasun ibilbide luzea daukagu».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, estatuaren azpiegitura guneetan dabiltza lanean UME Larrialdietako Unitate Militarrekoak. EAEn, suhiltzaileez eta udal brigadez gain, Ertzaintza ere badabil desinfekzio lanetan eta bestelakoetan. Aldiz, Nafarroan UME sartu da zahar etxeetan, bainuetxe batean... Eta, hilaren 3an, Iruñeko Alde Zaharrean ibili zen; besteak beste, jendea identifikatzen. Auzoko bizilagun askok protesta zaratatsua egin zuten militarren presentzia salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.