«Ilusioa da gure motorra»

Galiziako Semente eskolek eta Ikastolen Elkarteak elkarlanerako akordioa egin dute. Semente Escola de Ensino Galego eskolek «haziz hazi» jarraituko dute lanean.

Santiago Quiroga eta Marta Santos Galiziako Semente eskoletako ordezkariak, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Donostia
2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Eskola publikoek ez dute bermatzen galegoz ikasteko eskubidea, eta hori joera politiko argi baten isla da», esanez hasi dira hizketan Marta Santos eta Santiago Quiroga Semente eskoletako ordezkariak. Semente eskolak 2011. urtean sortu ziren, Galiziako haur eta gazteek galegoz ikasteko aukera izan zezaten. Galiziako Estatistika Institutuaren arabera, gero eta gutxiago erabiltzen da galegoa, eta Quirogak eta Santosek aitortu dute errealitatea «oso kezkagarria» dela. Izan ere, 5-15 urte bitarteko haurren %18k bakarrik ikasten dute galegoz: «Hiri batean bizi baldin bazara eta bertako guraso gehienek erabakitzen badute beren seme-alabek gaztelaniaz ikasiko dutela, zureak ez du galegoa ikasiko», azaldu dute.

Hain da «muturrekoa» egoera batzuetan, non zenbait familiak egunero zeharkatzen dutenmuga, haurrek Portugalgo eskoletan ikasi ahal izateko. Oinarrizko eskubide horren urraketari aurre egiteko sortu ziren Semente eskolak. Santosek azaldu du Semente (hazia) izena jarri zietela, «hasieratik, lurretik eta herritik» sortu nahi zituztelako eskolak.

Gaur egun, lau eskola dituzte: Santiago de Compostelakoa, Vigokoa, Trasancosekoa eta Lugokoa. Datorren urtean beste hiru irekiko direla aurreikusten dute. Lehenengoa Santiagokoa izan zen, eta ireki zutenean «galera ikaragarri handiak» izan zituzten. Izan ere, lehenengo urte horretan, bi edo hiru haur bakarrik matrikulatu ziren, baina, orduz geroztik, «pixkanaka-pixkanaka» hazten joan dira, eta, orain, 140 ikasle inguru dituzte guztira.

«Hamabi ikasleko irakasle bat daukagu, eta horregatik sortzen da askotan gatazka ekonomiko eta pedagogikoa», azaldu duQuirogak. Semente eskoletan ezinbestekotzat jotzen dute haur bakoitzari behar duen arreta eskaintzea. Arrazoi horrengatik ezarri zuten hamabi ikasleko muga. «Baina zaila izaten da, ez ditugulako nahi bezainbeste baliabide», aitortu dute biek.

Pedagogia berritzailea

Orain dela zortzi urte, lehen eskola sortu zutenean, argi zeukaten ez zituztela zentroak «tenplu» bilakatuko, ikasleek bertan galegoz hitz egitea baino zerbait gehiago bilatzen baitzuten: «Ez dugu nahi haurrek hizkuntzaalde batera utz dezaten arratsaldero eskolatik ateratzean, galegoz bizi daitekeelako». Hasieratik adostu zuten eskolak ez zirela izango ez erlijiosoak, ez espiritualak: «Eskola laikoak nahi genituen, eta bagenekien zientzia bultzatuko genuela». Pedagogia berritzailea erabiltzen dute, feminismoan, ekologismoan eta haurren garapen integralean oinarritzen dena.

«Proiektuaren hasierako urteak ez ziren errazak izan, eta ez genuen materialik», azaldu du Santosek, baina borondatez lan egin zuten irakasle profesionalei eta militantziari esker, garai zail horiei aurre egitea lortu zuten.

Maiatzaren 17an, Letra Galegoen Egunean, Semente eskolek eta Ikastolen Elkarteak elkarlanerako akordio bat sinatu zuten, hizkuntza eta hezkuntza propioaren aldekoa. Bakoitzaren «esperientzia pedagogikoa konpartitu» nahi dute, Galiziako eta Euskal Herriko ikastolen egoera kontrastatuz eta «batak bestearengandik» ikasiz. Quirogak badaki ikastolek «abantaila» dutela, bide luzeagoa egin baitute, eta 50 urteko esperientzia baitaukate. Hala ere, oso argi dauka «ikastolek lortutakoaren inguruan ikasteko aukera ezin hobea» edukiko dutela hemendik aurrera.

«Oso interesgarria da Katalunia, Galizia eta Euskal Herria elkarlanean aritzea estatuak inposatzen digun proiektu asimilazionistaren aurka egiteko», esan dute Semente eskoletako ordezkariek. Eskola horien helburu nagusia galegoa ikasteko eskubidea bermatzea da, baina, horretaz gain, beren herriak «eleaniztasun gehigarriaren abantailak ezagutzea» gustatuko litzaieke, Quirogak eta Santosek azaldu dutenez.

Santosen ustez, «ez dago mugarik, erronka berriak baizik». Desafio ugari dituztela aitortu dute galiziarrek: «Egitura egonkor bat lortzea, gizartearen eskaria asetzea eta erakundeekin harremanetan jartzea, adibidez». Hala ere, «gogotsu» daude, «gizartearen beharra eta grina oso handiak» direlako: «Ilusioa da gure motorra», diote irribarretsu. Horrela jarraitu nahi dute, haziz hazi, galegoaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.