Hozkada bat behar berriei

Zaporeak elkarteak Koxk elkartasun festaren seigarren ekitaldia antolatu du iganderako. Donostiako Intxaurrondo auzoan egingo dute: 10.000 pintxo baino gehiago banatuko dituzte.

Astigarragan egin zuten iaz Koxk jaialdia. JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2023ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Elkartasunari kosk egiteko gonbidapena da Koxk festa. Halaxe aurkezten dute Zaporeak gobernuz kanpoko erakundekoek, eta igandean egingo dute seigarren ekitaldia. Greziako Lesbos uhartean geroz eta behar handiagoak dituzte bertara iristen diren migratzaileei jaten emateko, eta sukaldeak handitu nahi dituzte egunero 3.000 otordu eman ahal izateko. Aurtengo festan bildutako dirua horretara bideratuko dute: behar berrietara.

Donostiako Intxaurrondo auzoko Bernart Etxepare plazan egingo dute festa: 60 postu eta 10.000 pintxo baino gehiago. Zaporeak elkartearekin kolaboratzen duten taberna, jatetxe eta elikadura enpresek dohainik emandako pintxoak eta produktuak dira. «Guztiek eskuratzeko moduko prezioan» jarriko dituzte: euro batean edo bian.

Zuzenean kozinatuko dituzte horietako batzuk, hainbat sukaldari ezagunek: Aratz jatetxeko Xabier Zabaletak, esaterako. Eta egingo dute Idiazabal jatorri izeneko Juan Maria Arzak gazta txapelketa ere. Epaimahaian egongo dira: Elena Arzak eta Amaia Ortuzar sukaldariak; Juan Carlos Etxeberria, Josema Azpeitia eta Juanjo Mendioroz kazetariak; eta Maria Jose Garcia eta Inaxio Abezia Idiazabal jatorri izeneko gaztaren teknikariak.

«Dirua biltzeko festa bat da, baina eskerrak ematekoa ere bai», Zaporeak elkarteko Peio Garcia Amianok azaldu duenez. 11:00etan hasiko da jaia, zinta ebakita, Aitor Mendiluzeren bertsoekin, eta Ereintza dantza taldekoen aurreskuarekin. Erakundeetako ordezkariek, babesleek eta sukaldariek parte hartuko dute irekiera ekitaldi horretan.

Zaporeak elkarteak, bestalde, urtean zehar euren egitasmoa lagundu eta babestu duten norbanakoei euren esker ona adierazteko, omenaldia egingo die hainbat laguni: Pedro Subijana eta Fernando Barcena sukaldariei, Sukaldean eta Maskarada jatetxeei, Juanjo Alvarez EHUko irakasle eta Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradunari, Gipuzkoako Elikadura Bankuari, Albaola Itsas Kultur Faktoriari, EITBri, eta Fagor eta Salto Systems enpresei, besteak beste.

Zaporeak elkarteko kideek jakinarazi dute «geroz eta okerragoa» dela Grezian asiloa eskatu eta Lesbos uhartean erantzun baten zain dauden milaka migratzaileen egoera. Sirian eta Turkian izandako lurrikarek, gainera, areagotu egin dutela berriro migratzaileen joana: «Geroz eta ontzi gehiago iristen dira. Lehen, txalupa txikiak ziren, baina, orain, bakoitzean 700 lagun ere iristen dira», azaldu du Garcia Amianok. Eta salaketa egin ere bai: «Europak ez du konponbiderik eskaintzen, Greziari ez dio zorrik kitatzen, bertan mantentzen ditu migratzaileak, eta Turkia diruz laguntzen du. Han lanean ari garen erakundeak arrisku bizian gaude, edonoiz etxera bidal gaitzaketelako».

Dena dela, 2020an baino «lasaiago» daudela ere nabarmendu du Garcia Amianok, egoera «baretu» egin dela, eta gobernuz kanpoko erakundeek jada ez dutela jasaten orduan jasandako erasorik: «Horrek aurrera egiten laguntzen dizu».

Igandeko festara joateko, berriz, garraio publikoa erabiltzeko ere eskatu dute antolatzaileek: trenak zein autobusak. Frantziako Tourra egun horretan iritsiko da Donostiara, eta bi ekitaldiak uztartzeko aukera «ezin hobea» izango dela iragarri dute: goizean Intxaurrondoko festan janez gozatu, eta arratsaldean Tourraren iritsiera ikustera jaitsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.