Eusko Jaurlaritza. Sailburuen kargua hartzea

«Indarrak batzeko garaia da»

Jaurlaritza berriko 11 sailburuek karguaren zina egin dute Ajuriaenean. Urkulluk elkarlanean aritzeko deia egin die alderdiei, instituzioei eta gizarteari. Erkorekak negoziatuko du eskumenen auzia

Gobernu berriaren argazkia egin zuten atzo goizean Ajuriaeneko jauregiaren eskaileretan. RAUL BOGAJO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko irailaren 9a
00:00
Entzun
«Etapa berri baten hasieran gaude». Hitzokin laburbildu du Iñigo Urkullu lehendakariak bere gobernuak hasi berri duen bidea.Ajuriaenean bildu dira Jaurlaritza berriko sailburuak euren karguaren zina egiteko, eta elkarrizketaren eta akordioaren aldeko mezua bidali die Iñigo Urkullu lehendakariak. Koronabirusak jotako krisialdi «gogorra» kudeatzea egokituko zaio gobernu berriari, eta ezinbestekoa izango du «elkarlanean» aritzea, Urkulluk nabarmendu duenez. Lehendakariak eskua luzatu die alderdiei, instituzioei eta gizarteari aurrean dauden erronkei heltzeko. Ekonomia suspertzea, oinarrizko zerbitzuak bermatzea eta enplegua sortzea aipatu ditu lehentasunen artean. «Indarrak batzeko garaia da», adierazi du.

Urkulluren hirugarren agintaldiko lehen hitzaldia ez ezik, gobernuko sailburuen karguaren zina ere baldintzatu du koronabirusak. Maskara aldean, distantzia gordeta eta ohikoa baino gonbidatu gutxiagorekin jabetu dira euren karguez hamabigarren legealdiko sailburuak. Urkulluren alde batean izan dira gobernuko sailburu berriak, bestean jarri dira gobernua utzi dutenak —bostak, emakumeak— eta atzean paratu dira Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideak.

Protokoloak gidatu du ekitaldia. Formula bera erabilita egin dute zina sailburu guztiek: agintea «Euskadiren zerbitzuan eta legearen arabera zintzo eta leialki» erabiliko dutela «hitzeman» dute, eta Gernikako Estatutuaren ale baten gainean eskuineko eskua jarrita egin dute promes. Euskaraz eta gaztelaniaz egin dute euren karguaren zina Iñaki Arriola, Javier Hurtado eta Bingen Zupiria sailburuek, eta euskara hutsean, berriz, gainerakoek.

Urkulluk izendapen dekretuak irakurri ahala, banan-banan hartu dituzte euren karguak. Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburua izan da zin egin duen lehena. Gobernuko bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu saiburu izateari utzi dio legealdi honetan, baina munta handiko ardurak izango ditu aurrerantzean ere. Euskal Autonomia Erkidegoko aldizkari ofizialak jaso duenez, berak zuzenduko du Transferentzien Batzorde Mistoa, eta haren esku egongo da, beraz, Gernikako Estatutuko eskumenak eskualdatzeko negoziazioa. Jaurlaritzaren eta aldundien arteko batzorde mistoko burua ere izango da Erkoreka. Urkulluk berak izendapenaren berri ematean ekarri du gogora lehendakariordearen zereginen artean egongo direla bi horiek. Izatez, eskumenen transferentzien ardurak Olatz Garamendirena beharko luke, hark kudeatzen baitu Gobernantza eta Autogobernu Saila, baina Urkulluk Erkorekaren esku utzi du lan hori.

Hain zuzen ere, Gernikako Estatutua garatzeko «aukera ezin hobea» datorrela nabarmendudu Erkorekak hitzaldi labur batean. Gogoratu du Gernikakoa izan zela onartutako lehen estatutua, 1979.urtean, baina hori dela oraindik erreformatu ez den eta erabat garatu ez den bakarra. Erkorekak berak negoziatu du aurten eskumenak eskualdatzeko egutegia Espainiako Gobernuarekin, eta uste du aukera hori «historikoa» dela. «Historian lehenbiziko aldiz eskumenak eskualdatzeko Espainiako gobernuaren konpromisoa eta kronograma bat dauzkagu».

Segurtasun Sailaren ardura ere izango du Erkorekak legealdi berrian, baina lehentasunei buruz ez du argibiderik eman bere diskurtsoan. Nabarmendu du segurtasuna funtsezkoa dela «gizarte demokratiko aurreratu bat» lortzeko, eta bere helburu nagusia dela Ertzaintza polizia «motibatua eta prestatua» izatea, zerbitzu publikoarekiko bokazioarekin.

Erkorekak ez ezik, gainerako sailburuek ere euren asmoen berri eman dute nork bere agerraldian. Idoia Mendia Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak lehen urrats bat iragarri du: elkarrizketak hasiko ditu sindikatuekin eta enpresaburuekin aurrekontuen proiektua prestatzen hasteko. Ekonomia eta enplegua suspertzeko erronkari ere helduko dio Mendiak, eta lan hori erakunde guztiekin eta gizartearekin elkar hartuta egiteko asmoa dauka.

Eskua luzatuta

Ikasturtea hasi eta biharamunean hartu du kargua Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, eta lehen hitzak hezkuntza komunitateari helarazi dizkio, harekin elkarlanean aritu nahi baitu datozen lau urteetan. Izurriteak hezkuntzan dituen ondorioei heldu nahi die lehenbailehen: «Ekosistema ziurra lortu behar dugu, eta hori auzolanarekin erdietsiko dugu». Sindikatuek grebara deitu dute datorren astearterako.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ere pandemia betean helduko dio lanari, eta aitortu du ez dela erronka samurra izango, baina «ilusioz eta indarrez» ekingo diola. Osakidetzako lantaldea handitzea, lehen arreta indartzea eta osasun publikorako lege berria onartzea jarri ditu lehentasunen artean. Jaurlaritzaren egitura berrantolatuta, ardurak gehitu zaizkio Beatriz Artolazabali, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikak kudeatuko baititu, eta, besteak beste, Emakunde eta memoria eta bizikidetza gaiak bere gain hartuko dituelako. Artolazabalek hainbat lege proiektu iragarri ditu, besteak beste, Memoria Historikoarena eta Gazteriarena.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, berriz, azpimarratu du pandemiak «hizkuntzen indargune eta ahuldadeak» ere agerian utzi dituela, eta euskara «ahul samar» geratu dela. Egoera hori aldatzeko lan egingo duela agindu du. Administrazio publikoa modernizatzea eta Gernikako Estatutua betetzeko konpromisoa hartu du Olatz Garamendi Gobernantza eta Autogobernu sailburuak. Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak, berriz, esan du lan egingo duela «euskal trenbide sareari behin betiko bultzada» emateko.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak esan du lan egingo duela industriak ekonomiaren «ardatz eta motorra» izaten jarraitu dezan, eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, berriz, turismoan eta ostalaritzan galdutako enpleguak berreskuratzea jarri du xedetzat. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak, berriz, «akordio on bat» lortu nahi du aurrekontuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.