Bizitzaren garestitzea

Petrolioa, atzeraldiaren usainean

Upelak bi aste daramatza 100 dolarretik behera, eta Ukrainako gerra hasi zeneko prezioan dago

Gudongeko petrolio planta, Txinako Dongying probintzian dago. WU HONG / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Atzeraldi ekonomiko hotsak gero eta ozenagoak dira AEBetan eta Europan. Gero eta gehiago dira udazkenean kontsumo eta ekoizpen jaitsiera bat iragartzen duten aditu eta adierazleak. Eta horien artean nabarmenena petrolioaren prezioa da: ekainaren 6az geroztik %20 jaitsi da Brent upelaren salneurria. Egun hartan, 123,26 dolarrean zegoen; herenegun, berriz, 98,3an.

Brent upelaren prezioa amildu egin da azken asteetan. Ukrainako gerraren hasieran ia 129 dolarreraino iritsi ondoren, beheraka hasi zen, eta azken bi asteetan joera hori areagotu egin da. Uztail amaieran, %14 egin zuen behera aste bakarrean. Abuztuaren 4an, 94,38 dolarrera egon zen, eta Ukrainako gerra hasi aurretiko prezioetara bueltatu da.

Aste hasieran LPEEk esan zuen ez duela ekoizpena handituko, merkatuan petrolio gehiegi zegoela uste duelako, eta %4 egin du zuen gora prezioak. Atzokoan, baina, berriz ere %1 egin zuen behera, eta 98 dolarren inguruan gelditu zen. Eta itxura guztia du prezio horren bueltan ibiliko dela aste batzuetan. Eta merkatze hori zergatik ez da hain nabarmena gasolindegietan? Besteak beste, prezio jaitsieren eragina ez delako berehalakoa izaten, eta euroak indarra galdu duelako dolarrarekiko. Ekainaren 7an, dolarra 1,07 euroan zegoen, eta, atzo, 0,98ra zegoen. Ia %10eko balio galera izan zuen, eta horrek eragin handia du petrolioa erosteko garaian.

Atzeraldiak baliteke kontsumo jaitsiera bat eragitea, eta, horri aurre egiteko, litekeena da petrolio eskaria jaistea. Eskaria, bai; baina eskaintza, ez, oraingoz, Ukrainako gerrak ez baitio eragin Errusiak egunero merkaturatzen duen petrolio kopuruari —ekoizpen osoaren %12,2—. Uztailean sei milioi upel esportatu zituen egunean. Gerrak ez dio kopuruari eragin; bai, aldiz, bezeroei. Orain AEBetara ez du esportatzen, eta %30 gutxiago Europari, baina hutsune horiek Indiako eta Txinako eskariekin bete ditu.

Errusia, baina, ez da jarioa bermatu duen herrialde bakarra. AEBek erreserba estrategikoen zatiaaskatu dute, eta egunean milioi bat upel gehiago merkaturatu dituzte. Horri Libiaren ekoizpen erregularra gehitu behar zaio. Azken hilabeteetan egunero 1,2 upel merkaturatzearen batezbestekoari eutsi dio. LPEEk aste hasieran esan zuen egunean 100.000 upel gutxiago ekoitziko zituela egunean, baina oso kopuru txikia da eragina izateko. Beraz, ekuazioa erraza da, eskaintza bera izanik eta balizko eskaera txikiagoa batekin, ulertzekoa da prezioa jaistea.

2023an, berriz gora

Eta zenbat iraungo du joera horrek? Ba, zaila da aurreratzen, azken hilabeteetan petrolioaren prezioak erregulartasun gabezia agerikoa izan delako. Esaterako, LPEEek hurrengo urterako bere iragarpenak mantendu ditu. Hurrengo hiru hilabeteetan petrolio gehiegi merkaturatuko dela uste du, baina 2023an aurten baino %3 gehiago kontsumituko dela iragarri du. Hurrengo urtean 102,72 milioi upel ekoitziko ditu egunean —egun 99,9 ekoizten ditu—.Igoera esanguratsuak espero ditu Txinan, Indian eta Errusian, eta leunagoak AEBetan eta Europan. Alde horretatik, petrolio ekoizleen elkarteak iragarri du mundu mailan ekonomia «modu osasuntsuan» haziko dela

Bestalde, eta eskariarekin lotuta, Sinopec Txinako petrolio konpainia nazionalak jakinarazi duenez, putzu erraldoi bat aurkitu du Xinjiango (Txina) probintzian. 1.700 milioi petrolio tona leudeke bertan, herrialdearen bi urtetako beharra asetzeko adina. Txinaren faktorea oso garrantzitsua da merkatuan, atzerriko petrolioarekiko menpekotasun handia duelako. Munduko petrolioaren %4,4 ekoizten du, eta %16,6 kontsumitu. Azken urteetan Sinopecek akordioak sinatu ditu Afrikako hainbat herrialderekin bertan oliobideak eraiki eta kudeatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.