Koronabirusa

Murgak egoera hauskorraz ohartarazi du, 15 kutsatu gehiagoren berri emanda

Egoera «kontrolpean» dagoen arren, «zuhurtzia» eskatu du. Nafarroan ez da kasu berririk egon. Lehen arretako langileek protesta egin dute

Lehen arretako profesionalen protesta bat, iaz, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Ane Eslava.
2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Hamabost kasu baieztatu zituzten ostiralean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuak atzo iragarri zuenez. Zehazki, lau kasu atzeman zituzten Araban—guztiak Gasteizen—, bost Bizkaian —lau Bilbon eta bat Getxon— eta sei Gipuzkoan —lau Orion, bat Donostian eta bat Ordizian—. Horiez gain, 68 kasu erregistratu zituzten test azkar edo serologikoekin. Guztira, 3.079 proba egin zituzten. Koronabirusean positibo emandako pertsona bat zendu zen, bi hilabete zeramatzana zainketa intentsiboetan. Bestalde, hiru pertsonari eman zieten sendagiria. Nafarroan, berriz, ez zuten positibo berririk antzeman, ez eta hildakorik ere, Nafarroako Gobernuko Osasun departamentuak jakinarazi zuenez. Pertsona bat ospitaleratu zuten.

Atzo egindako agerraldian, Murgak esan zuen datuek «baikor» izateko aukera ematen dutela, eta, zenbait tokitan birusak gorakadak izan arren, egoera «kontrolpean» dagoela. Hala ere, gogorarazi zuen egoera «hauskorra» dela, eta, horregatik, eskatu zuen «zuhurtziari eusteko» eta ez errepikatzeko «aurreko egunetan ikusitako zenbait eszena».

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiari dagokionez, Murgak onartu zuen pandemiaren «unerik larrienetan» babes material «jakin» batzuk urriak izan zirela, baina azpimarratu zuen une horretan «mundu osoan» gauza bera gertatzen ari zela. Nabarmendu zuen, era berean, epaitegiak onartu duela Osakidetzak kudeaketa ona egin zuela gabezia horiek konpontzeko.

Baliabide gehiagoren eske

Lehen arretako profesionalak kalera atera ziren atzo Bilbon, osasun publikoaren alde, Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak deituta. Pandemia garaian izandako «baliabide material falta» salatu zuten, eta birusaren balizko agerraldi berriei aurre egiteko baliabide gehiago eskatu zituzten, herritarrei «merezi duten arreta» eman ahal izateko: «Kalitatezkoa».

Ekitaldia 12:00etan hasi zen Arriaga plazan, eta osasun langile batzuk zabor poltsa beltzak jantzita joan ziren, norbera babesteko ekipamenduak irudikatuz. Protestan zehar material horiek egiteko tailer bat ere jarri zuten.

Haiei ere erantzun zien Murgak. Osakidetzak «entzun egingo diela» adierazi zuen, eta haiekin lan egiteko «eskua luzatuta» duela. Onartu zuen lehen arreta indartu beharra dagoela, «duela bi urte baino gehiagotik», baina ziurtatu zuen horretarako «estrategia bat» duela.

Horrez gain, gogorarazi zuen aste honetan bertan gobernu kontseiluak lehen mailako arretan 110 lanpostu gehitzea onartu duela, eta aurten Osakidetzaren langileen kopuruan «inoizko egonkortzerik handiena» egin dutela. «Lehen mailako arreta hobetzeko eta indartzeko» lanean jarraitzeko prest daudela erantsi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.