Hiru murgiltze ikasgelarentzat baiezkoa, eta batentzat ezezkoa

Hezkuntza Ministerioko departamenduko kontseiluak hilaren 6an emanen du azken hitza

Ortzaizeko eskolan agerraldia egin zuten atzo eragile eta hautetsiek, murgiltzea hedatzearen alde. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Ortzaize
2021eko irailaren 1a
00:00
Entzun

Hiru murgiltze esperimentazio irekitzearen aldeko iritzia eman du Bordeleko (Okzitania) Akademia Ikuskaritzak. Hala, Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) eta Idauze-Mendiko (Zuberoa) eskola publikoetan eta Aiherrako (Nafarroa Beherea) eskola pribatuan euskarazko murgiltzea zabaltzen ahalko dute datozen egunetan. Gainera, Donapaleuko (Nafarroa Beherea) eskola pribatuan murgiltzea ama eskolako azken urtera arte hedatzea onartu du. Aldiz, murgiltzea ezartzea galdetzen zuen Larraineko eskolari (Zuberoa) ez dio baimenik eman.

 

Dena den, erabakia ez da ez ofiziala, ez behin betikoa. Azken hitza irailaren 6an emanen du Frantziako Hezkuntza Ministerioko departamenduko kontseiluak. Alta, eskola sartzea ostegunean eginen dute Ipar Euskal Herriko ikasleek; ordurako, beraz, ez da ofizialki zehaztua izanen zein diren murgiltze esperimentazio berriak.

Ikuskaritzaren oharra jasota, murgiltze ereduaren aldeko eragile hainbatek agerraldia egin zuten atzo Ortzaizeko eskola publikoan, beste eskoletako herrietako hautetsiekin batera. Iazko ikasturte bukaeratik galdegina zuten murgiltzea Ortzaizeko, Aiherrako, Idauze-Mendiko eta Larraineko ikastetxeetan, baina, Frantziako Kontseilu Konstituzionalak Molac legea partez zentsuratu zuenetik, dilindan da murgiltze eredua, Frantziako Konstituzioaren kontrakoa zela ebatzi baitzuen.

Hautetsien kezka

Horiek horrela, hautetsiek salatu dute ez dutela jaso akademia ikuskariak herenegun hartutako erabakiaren baieztapen ofizialik. Larraineko auzapez Jean Dominique Iriartek, gainera, salatu du herriko eskolak ez duela murgiltze esperimentazioa irekitzeko baimenik ukan: «Lortu arte segituko dugu», hitzeman du. Ikuskaritzak zehaztu du Larraineko eskolaren kasuak «lanketa gehiago» behar duela, ama eskolatik bosgarren urtera arte ikasgela bakarrean biltzen direlako ikasleak. Halere, hautetsiek elkarlanean segitzeko borondatea erakutsi dute: «Elkarrekin abiatu borroka elkarrekin eramanen dugu bururaino».

Ortzaizeko auzapez Jean-Marc Ozafrainek, berriz, salatu du ikuskaritzak murgiltze ereduaren irekiera ama eskolako lehen urtearentzat onartu duela, baina ez dela segurtatua urte guzientzat. Kezka horien harira, Antton Kurutxarri EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak esan du bere informazioen arabera akademia ikuskariak laster ematekoak dituela gainerako xehetasunak: ama eskolako lehen urtean bakarrik irekiko duten ala ez, baita Larraineko kasuari buruzko argibideak ere.

Bermeak murgiltzearentzat

Kontseilu Konstituzionalak murgiltzea konstituzioaren kontrakotzat jo zuenetik, erreakzio soka luzea izan da. Frantziako Gobernuaren inguruan ere bazterrak inarrosi zituen ebazpenak, eta txosten batean ondorioak aztertu eta proposamenak egiteko eskatu zion diputatu talde bati Jean Castex Frantziako lehen ministroak. Uztailean argitaratu zuten txostena, eta Eskolim hizkuntza gutxituen irakaskuntzarako sareak «dezepzio handi bat» bezala ikusi zuen. Atzo, hautetsiek aurreratu zuten zirkular bat ateratzekoa dela Frantziako Gobernua irail bukaeran; haien ustez, «goizegi» da oraino zirkularraren edukia zein izanen den jakiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.