Koronabirusa

Testen arorako argibideak

Konfinamendua arintze aldera, erabilgarriak izango dira birusa eta haren antigorputzak detektatzeko testak: hainbat eratakoak daude, eta denen premia izango dela uste dute adituek.

Arantxa Iraola -

2020ko apirilak 9

«Testak, testak, testak». Ezagun egin da asteotan adierazpena. Martxoaren erdialdean esan zuen hori OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusi Adhanom Ghebreyesusek, ohartarazi nahian COVID-19aren pandemiari nekez egingo zaiola aurre gaitza nork duen eta nork izan duen ondo zehaztu gabe. Gaixo daudenek kutsatu egin dezakete; pasatu dutenek immunitatea dute, eta, beraz, babestuagoak daude birusaren aurrean —oraindik ez dago argi zenbat, noiz arte—. Aintzat hartu beharrekoak dira bi aldagaiak gaitza kontrolatzeko, gogoan hartuta, bereziki, hainbat pazientek sintomarik gabe igarotzen dutela: zer jazo zaien jabetu ere egin gabe. Estatu gehienek ulertu dute, beraz, aparteko ahalegina egin behar dutela test horiek eskuratzeko, eta estrategia egokiak landu behar dituztela horiek egiteko. Konfinamendu neurriak arintzeko, ezinbestekoak izango dira. Komeni da, beraz, horiei buruzko hainbat jakingarri zehaztea.

PCR erakoak: birusaren bila doaz

COVID-19 eritasuna atzemateko PCR testetan, sudurra eta faringea igurtzi, lagin bat hartu, eta hura ikertzen da birusaren arrastorik baden argitzeko: haren genoma bilatzeko prestatuta daude. Lauzpabost ordu behar izaten dira testen emaitzak izateko. Orain arte, oro har, azterketa horiek egin dira positiboak atzemateko; baliabideak urriak izan dira, ordea, eta pertsona askok, sintomak izan arren, ezin izan dute baieztatu COVID-19 eritasuna izan duten. Jakina da, bestalde, izan direla pertsonak positibo eman dutenak test horretan baina ez dutenak batere sintomarik izan. Laborategi batean egin behar dira PCR testak, eta propio trebatutako langileek egin behar dituzte. Adituen arabera, fidagarritasun handiko testak dira PCR motakoak, eta hastapenetan ere atzematen dute eritasuna. Giltzarri izango direlakoan, gero eta gehiago hitz egiten da test azkar deituez ere. Oro har, bizkorragoak dira egiteko, eta errazagoak. PCR testen xedeekin bat, antigenoak atzemateko test azkarrak badira, baina fidagarritasuna apala dute oraino, eta PCR testekin batera osatu behar dira.

Antigorputzak bilatzeko testak

Test azkarren artean aipatzen dira, era berean, antigorputzak atzemateko prestatutako hainbat azterketa mota. Ez doaz birusaren bila propio; birusari aurre egiteko giza organismoak sortzen dituen antigorputzak dituzte xede. Odol laginen bidez egiten dira usu. Bi motatako antigorputzak aurki ditzakete. Baga: IgM motakoak agertzen badira, ulertu behar da pertsona hori COVID-19 gaitzaren fase akutu batean dagoela, eta bakartu egin beharko da, gaitza heda ez dezan. Biga: IgG erakoak agertzen badira, esan nahiko du jada gaixotasuna pasatu duela, eta antigorputzek erakusten dutela immunizatuta dagoela. Test horien fidagarritasuna ez da PCR motakoena bezain handia. Positiboak direnean seguru-seguru dira positiboak: ez da dudarik. Negatiboak direnean, ordea, dudazkoak dira; kasu horietan, badaezpada ere, PCR test bat egin behar dela diote adituek. Test azkarren eragozpen bat da positiboak usu ez direla agertzen pazienteak sintomekin hasi arte. Baina erabilgarriak izango dira oso: diotenez, test azkarrekin egindako azterketa aleatorioei esker, oro har, jakin ahal izango da birusa zenbat hedatu den, eta zer eboluzio izan duen. Horren araberako neurriak hartu ahal izango dira gero. Adituen ustez, test mota ezberdinak elkarren osagarri izango dira.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Durango, atzo arratsaldean. Dena itxi behar dute 21:00etatik aurrera. ©Aritz Loiola / FOKU

Alarma egoera ezartzea erabakiko du gaur Espainiako Gobernuak

Edu Lartzanguren

Ministroen Kontseilu berezia egingo dute gaur dekretua sinatzeko, besteak beste Hego Euskal Herriko gobernuburuek eskatuta.

 ©JON URBE / FOKU

«Onartezina da bihar txertoa heltzea eta horretaz gogoetarik egin gabe egotea»

Arantxa Iraola

Txertoa lortzeko ikerketek, hura jartzeko garaia heltzen denerako ezarri behar diren irizpideek, itaun etiko ugari ekarri dituzte. Horietaz gogoetan ari da Ausin, eta, oro har, izurriaren inguruko auzi etikoez. Hitz hau darabil usuenik: «Gardentasuna».

Jaten emateko lizentziarik ez duten ostatuetako bat, Maulen, estadioaren parean, halabeharrez hetsirik. ©GUILLAUME FAUVEAU

Etxeratze aginduak ez du karismarik

Ainize Madariaga

COVID-19ren kontrako manuek ezinegona eragin dute hainbat herritarren artean. Hiru ostatuk ezin dute ireki Maulen. Zabal dezaketenek ez dakite norat buruz doazen

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna