KRITIKA. Musika

Elgar nahi dut itzulerako bidaian

2022ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Robert Treviño. Biolontxeloa: Asier Polo. Egitaraua: Teresa Catalanen La victoria vacía, Edward Elgarren Biolontxelo eta orkestrarako kontzertua mi minorren, op. 85 eta Henri Dutilleuxen 1. sinfonia.Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma.Eguna: Maiatzak 17.

Euskadiko Orkestraren abonu denboraldia amaitzear dela, Robert Treviñok programetan pieza berriak sartzeko lanari eutsi dio tinko. Oraingoan, Elkano: Mundubira musika bidelagun proiektuan beste geldialdi bat eginez hasi zen kontzertua, Teresa Catalan nafarraren La victoria vacía obraren erabateko estreinaldiarekin. Hartan itzulerako bidaia egin ezin izan zutenei egin nahi die omen, baita egun bizitzako bidaia bat-batean eten egiten dela ikusten dutenei ere. Denera, obra efektista eta sakona da, harien osaketa sendoari esker jolas erakargarriak sortzen dituena perkusioarekin eta haizeekin hartu-emanean, lehen biolinik gabeko hariek sostengatzen duten azken akordera arte.

Asier Polo batu zen Edward Elgarren Biolontxelo eta orkestrarako kontzertua eskaintzeko. Haren sen ona eta dotorezia ezagunak dira Kursaalean; izan ere, azken Musika Hamabostaldian ere entzun genuen Euskadiko Orkestrarekin batera, J. Haydnen Biolontxelorako kontzertua interpretatzen. Erromantizismo-printzaz beteta, Polok bikaintasuna eskuratzen du aise, oraindik ere Lehen Mundu Gerraren triskantzak eta Elgarren emaztearen gaixotasunak eragindako oinazea gogoan. Hala lehen mugimenduaren errezitatiboan zein bigarrenaren kontrasteetan. Azken horren Allegro molto-an frenetismo biziko arkua menperatu zuen Polok. Adagio-an une ederrak izan ziren, esaldi luzeak dotoreziak pausatuz, esekiduran. Orkestra, eta nabarmenki hariak, zinez fin aritu ziren azken mugimenduaren garapen anitzean. Bisa, J. S. Bachen 3. suite-aren Giga, goxokia.

Kontzertua Henri Dutilleux frantsesaren 1. sinfoniak itxi zuen. Izen arrotza inguru honetan, baita neuretzat ere, tamalez. Inolako eskoletan sailkatua nahi izan ez zuena, ustekabeko koloreak eta ehundurak ekartzen dituena. EOko perkusio taldea ohi den sen onaz jardun zen, Scherzo erritmikoan zein azken mugimenduko bariazioetan. Haizeek ere pasarte indartsuak eskaini zituzten, doi. Treviñoren keinu neurritsu bezain eraginkorrak diminuendo zirraragarria lortu zuen bukaeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.