Literatura. 'Gauez harrizko zubiaren azpian'

Nobelaren arrastoan

Idazle: Leo Perutz. Itzultzaile: J.M. Olaizola Txiliku eta Joxe Mari Berasategi. Argitaldari: Txalaparta.

2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun

Vladimir Nabokovek idatzi zuen irakurle on bat berrirakurlea dela ezinbestean, liburuaren xehetasunetara ohitu eta artelanari traza hartu ondoren baino ezin baita behar bezala begietsi, haren hitzetan. Leo Perutzen Gauez harrizko zubiaren azpian leitzeak Nabokoven esanei jarraitzeko gogoa ematen du, merezi luke-eta, liburua bukatu ostean, hasieratik erreparatzea narrazio-sorta soil bat eleberri bilakatzen duten arrastoei.

 

Liburu hau ez baita, itxura batean, ipuin solteen bilduma bat baizik, kanpo-aldamiorik edo kontakizunak lotzeko inolako marko espliziturik gabea, salbu eta giroa bera, 1600. urtearen bueltako Praga juduaren mihise koloretsua, hiritar xeheen, merkatari aberatsen eta gortesau amarrutsuen pasadizoekin margotua. Askotarikoak dira kontakizunak, eta beregainak, trama eta pertsonaia propioz hornituak: fabularen eta ipuin fantastikoaren artean kulunkatzen dira eskuarki, nahiz baden bestelakorik ere. Ugariak dira, esate baterako, juduen kabalatik ateratako irudi magikoak (konjuruak, aingeruak...), ipuinetan elementu fantastiko gisa jokatzen dutenak, eta judaismoaren iruditeria poetikoz janzten Errenazimentu garaiko Praga, zeina girotze hutsetik harago gorpuzten baita lan honetan.

Narrazio-sorta nola bilakatzen den eleberri, edo non, horra hor koska; bada, ez liburuan bertan, leitzen duenaren begietan baizik, ezen, liburua hasi eta ipuin batzuk pasatu ahala, irakurlea ohartzen da atrezzo hutsa baino gehiago dutela kontakizun guztiek lotura, eta hari mehe bat ernetzen dela ipuin bakoitzaren sakonean: amodio ezinezko baten istorio xumea, protagonista dituena Mordechai Meisl merkatari judua, haren emazte Esther eta Rudolf II.a erregea. Eleberria izenburuko harrizko zubian zertzen zaigu, eta, ipuinez ipuin, irakurleak istorio horren piezatxoak biltzen ditu han-hemenka, plano gertuan zein urrutian; hala, hitz-osteak dioskun bezala, irakurlea bera da «zulorik gabe bilbaturiko eleberri baten ehule».

Horretarako, ipuinak doi-doia daude ordenaturik, ez kronologikoki, baizik ipuin bakoitzaren eta nobelaren hariaren arteko interakzioaren arabera. Hasierako ipuinek gehiago jotzen dute fantasiaren eta fabularen bidetik, eta, eskuarki, zeharka baino ez digute ematen eleberriaren ildoa. Gero, gutxi gorabehera erdi pareko bi ipuin bikainen ostetik (Gauez harrizko zubiaren azpian eta Wallensteinen izarra), nobela taxutzenago doa, eta amaierako bi ipuinetan (edo kapituluetan ia) antzematen zaio garbien eleberriari. Konparazioa zilegi bada, esango nuke egituran baduela Bernardo Atxagaren Obabakoak-en antzik, aldeak alde, narrazio-sorta bukaera aldera nobelatuz doan neurrian.

Ezin bukatu Berasategi eta Txiliku itzultzaileen lana aipatu eta goraipatu gabe, liburu honetan hizkuntzak girotzen baitigu antzinako Praga judua beste edozein deskribapenek bezainbeste, edo gehiago agian. Gozatu hutsa da Perutzen euskara, itzultzaileek bete-betean asmatu baitute ahozko elezaharren doinua erregistro arkaiko eta dotore batean bilbatzen, testu irakurgaitzik sortu gabe haatik. Ez da baitezpadakoa bi bider irakurtzea, Nabokovek proposatu bezala, baina gogoa ematen du, itzulpen honekin ostera ere laketzeko besterik ez bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.