urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Bangladesh, 50 urte

2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Independentzia-aldarrikapenaren urteurrena ospatzen ari da egunotan Bangladesh; mende erdi da aurten, izan ere, Asiako estatu hori sortu zela. Afrikan, Asian, Pazifikoan zein Karibean, asko dira urteotan euren estatua jaio zenetik 50 edo 60 urte joan direla ospatzen dutenak. Frantziarekiko menpekotasun koloniala eten zuten batzuek, Erresuma Batuarekikoak gehienek, hiru urte barru Krabelinen Iraultza eta Portugaletik bereizi izana ospatuko dute Angolak, Mozambikek eta Afrikako beste kolonia ohiek.

Zer du berezitik Bangladeshen independentziak, garaiko gerrarik ankerrenetakoa sufritzeaz haratago? Bada, II. Mundu Gerra ostetik 80ko hamarkadara arteko estatu berri ia guztiak deskolonizazioaren ondorioz jaio zirela; hau da, Europako metropolietatik bereizi eta euren buruen jabe eginda sortu ziren estatuak dira (hori bai, ordura arte muga kolonialen baitan, lurraldetasunak daukan garrantziaren seinale, baita independentzia lortu eta estatu berria sortu aurretik ere). Bangladesh, aldiz, deskolonizazio haren ostean jaio zen estatu batetik bereizita sortu zen. Eremu akademikoan, lehen sezesio-kasua litzateke, zenbait adituren iritzian (egiazko sezesio bakarra hori izan dela dioenik ere bada).

Asian baino lehen, Afrikan ere izan zen ahaleginik antzeko zerbait egiteko, Biafra Nigeriatik bereizten saiatu zenean. Baina saiakera hura gerra odoltsu bihurtu zen, eta bi milioi lagun hil zituen goseteak. Nigeriako armadak Biafrako ahalegin independentista zapaldu eta hurrengo urtean egin zuen Bangladeshek ahalegina. Pakistanen erantzuna ere gupidagabea izan zen. Erantzuna baino, hasierako erasoa: 1971ko martxoaren 25ean ekin zion oldarraldiari, eta biharamunean aldarrikatu zuten independentzia.

Ia mende laurden zen ordurako Indiako independentzia prozesua indartu eta britainiar koloniaren partizioa gertatu zela. Lerro erlijiosoen arabera gertatu zen, ezaguna den bezala, indiar musulmanentzat «eratu» zuten Pakistan, izen bereko gaur egungo herrialdeaz gain, Ekialdeko Pakistan ere bere barne hartzen zuena, bi aldeen artean ia bi mila kilometro egon arren.

Erlijioaren arabera banatzea ez zen izan mahai gainean egon zen proposamen bakarra. 1947an Hussein Shaheed Suhrawardy Bengalako probintziako buruak bengalera batua eratzea proposatu zuen, marra erlijiosorik gabe, Indiako bi hizkuntza handienak aintzat hartuta: Pakistango urdua eta Indiako hindiera hizkuntza bakarra dira azken batean, eta biak ere bengaleratik aski ezberdinak; era berean, Kolkatan bengali eta Dhakan bangla deitzen dena ere, hizkuntza bakarra da.

Edozelan ere, ezaguna da zein izan zen azken emaitza Erresuma Batuarekiko deskolonizazioan: India alde batetik, bi zati zituen Pakistan bestetik. Borrokak berehala piztu ziren, 1952ko otsailean Dhakan bengalerazko hezkuntza aldarrikatu zuten ikasleek, mendebaldeko Pakistango agintariek urdua hizkuntza ofizial bakar bihurtzeko zeukaten asmoen gainetik. Ordukoa da, duela hilabete azaldu genuen bezala, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunaren jatorria.

Ekialdeko Pakistanek bere bengalar nortasunari eusteko asmoz jarraitu zuen hurrengo urteetan ere. 1970eko hauteskundeetan, Sheikh Mujib-en Awami alderdi abertzaleak Ekialdeko ia boto guztiak eskuratu zituen eta, ondorioz, Mendebaldeko Pakistango beste edozein alderdik baino aulki gehiago lortu zituen; hau da, bi zatiak aintzat hartuta ere lehen alderdi bihurtu zen. Mendebaldeko Pakistanek ez zuen onartu bengalar batek eratzea gobernua. Akordiorik ezean, egoera gaiztotu eta garaiko gerrarik gogorrena piztu zen. Richard Nixonen AEBek lagunduta, Pakistango gobernuak ehunka mila zibil hil zituen, harik eta Indiak gerran esku hartu eta Bangladeshen garaipena eta independentzia bideratu zituen arte.

Esan bezala, Europako metropoli batetik deskolonizatutako herrialde batean gertatu zen lehen sezesio kasua izan zen Bangladesh. Ia bi hamarkada igaro ziren, Gerra Hotza amaituta, Eritrea Etiopiatik bereizteko, eta Hegoafrikak Namibiaren independentzia onartzeko. Sobietar Batasuna eta Jugoslavia desagertzetik sortutako estatuak, zehazki, ordura arteko estatuaren desagerpenaren ondorio izan ziren nagusiki (kausa ere bai, lehen errepubliken kasuan).

XXI. mendean sortu diren estatu bakanek ere antzeko bidea izan dute: Ekialdeko Timorren kasuan, Portugalen deskolonizazioa eta Indonesiaren okupazioaren azken ondorio izan zen independentzia. NBEn sartu zen azken herrialdea ere Bangladeshen «antzera» sortu zen, Sudan arabiar eta musulmanetik Hego Sudan beltz animista bereiztean; han ere gerra odoltsua izan zen lehendabizi, baina independentzia ez zen berehalakoa izan, bake-hitzarmenaren ostean egindako erreferendumaren ondorio baizik.

Europako metropoliekiko deskolonizazioa ia amaituta dago munduan, baina nazioek beren buruaren jabe estatu independenteak eratzeko grina ez da itzali, Bangladeshek independentzia aldarrikatu eta mende erdira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.