Koronabirusa

Beherantz, pixkanaka

Igandean, 1.360 positibo atzeman ziren Hego Euskal Herrian; urriaren 21etik, kasu kopururik apalena. Nafarroan, 80 urtetik gorako bost pertsona hil dira

joxerra senar
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Etzi hiru aste beteko dira Nafarroako Gobernuak ostalaritza itxi zuenetik; Jaurlaritzak, berriz, urriaren 27an mugimendua mugatu zuen, eta larunbatetik, ostalaritza ixtera behartu du. Neurri horiekapurka-apurka ari dira eragiten Hego Euskal Herriko bilakaera epidemiologikoan, atzo emandako datuen arabera, 1.360 positibo atzeman baitziren igandean: urriaren 21etik izan den kopururik txikiena. Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 14.368 PCR eta antigeno test egin zituzten igandean, eta positibo tasa %9,5 izan zen.

Oraindik goiz da pixkanakako jaitsiera berretsiko ote den jakiteko. Izan ere, lurraldez lurralde argazkia aldakorra da. Nahiz eta ostiralera arte intzidentzia tasarik handiena izan, Nafarroan islatu da modu argienean joera on hori: adibidez, igandean beste 82 positibo izan ziren, irailaren 7az geroztik izandako kopururik txikiena. Araban nabarmen egin dute behera positiboek azken hiru egunetan. Gipuzkoan iragan astean positibo ugari pilatu dira, eta, oraintxe, 100.000 biztanleko Hego Euskal Herriko intzidentzia tasarik handiena du, 1.000tik gorakoa, Nafarroakoaren gaindik. Dena den, asteburuan beheranzko joera islatu zuen, eta aurreko asteko batezbestekoaren azpitik ibili zen igandean. Bizkaiko datuek, berriz, gorabehera handiagoa islatzen dute, etaigandean 620 kutsatu atzeman zituzten.

Nafarroako Gobernuak urriaren 22an indarrean sartutako neurriek balio izan badute ere, ez dago hain garbi non asmatu den bereziki: osotasunak balio izan duen, batik bat gizarteak oro har atzean dagoen mezua barneratu duen edo etxeratzeko aginduak eta ostalaritzaren itxierak izan diren suebakirik eraginkorren.

Nafarroako Gobernuak atzo esan zuen«oso positiboa» dela etxeratzeko agindua, adibidez, eta bere horretan uztea erabaki zuen, 23:00etatik 06:00ak bitarte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 22:00etan hasten da etxeratze agindua: «Neurri horrek, beste neurriekin batera, kutsatzeko arriskua murrizten laguntzen du, eta, beraz, birusak eragindako positiboak gutxitzen laguntzen du», aipatu zuen Nafarroako Gobernuak, ohar bidez. Dena den, ohartarazi zuen horrek ez duela gehiegizko konfiantzarik ekarri behar, «ospitaleen gaineko presioa handia baita».

195 lagun, ZiUko oheetan

Azken batean, iragan bizpahiru asteetan kutsatu eta sintoma larriak azaleratzen dituztenek jotzen dute ospitalera egunotan, eta epe horretan positiboek gorantz egin dutenez, ospitaleen gaineko presioa handitzen ari da oraindik. Osakidetzako zein Osasunbideko sarean 958 lagun zeuden igandean, horietatik 195 larrialdietan eta beste 763 solairuan. Azken 24 orduetan, hamar pertsona gehiago sartu dira ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.

Ignacio Garitano Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak azaldu zuenez, presio hori handitu izanaren ondorioz, ospitale sarea berrantolatzen ari dira gaixoentzako ohe kopurua bermatu asmoz. ZIUetako egoerari dagokionez, 130 ohe beteta daude, %46ko okupazioarekin. Garitanok azaldu zuen pandemiari aurre egiteko Jaurlaritzak diseinatutako lau jokalekuen artean, bigarrenean dagoela, baina hirugarrenetik gero eta gertuago dagoela. Egoera hori izanik ere, Garitanok lasaitasun mezua eman zuen, eta nabarmendu zuen «modu orokor batean» aurretik programatutako jarduerei eutsi zaiela: «Sistema ez dago gainezka eta helburua da ez dadila egoera horretara iritsi». Zehaztu zuen ez dagoela ziurtatzerik aurrerago jarduera baldintzatuko ote duen.

Ostalaritzaren itxierak egonezin handia eragin du sektorean, eta Garitanok azaldu zuen «oso zaila» dela jakitea zehazki kasu bakoitza non kutsatu den. «Froga ugari daude: kutsatze gehienak jende asko elkartzen diren tokietan gertatzen dira».

Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen 80 urtetik gorako bost herritar hil direla azken 24 orduetan (81 eta 87 urteko bi gizonezko, eta 80,82 eta 90 urteko hiru emakume). Gipuzkoan, sei positibo agertu dira Donostiako bi zahar etxetan (Berminghameta Julian Rezola) eta Beasaingo batean. Halaber, Osakidetzak Gasteizko Ajuria zahar etxean baheketa egingo du langile batek eta egoiliar batek positibo eman ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.