Euskararen foru dekretua

«Hizkuntza politika ilunetara» ez itzultzeko eskatuko diote gobernuari

Nafarroako euskararen dekretuaren aurkako manifestazioa antolatu du Kontseiluak. Uztailaren 2an izanen da, Iruñean. Euskararen erabilera erosoa bermatuko duen arau «integral» bat galdegin dute

Kontseiluko kide diren erakundeetako ordezkariak, atzo, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Kalean erantzunen dute. Euskara administrazioan arautzeko Nafarroako Gobernua prestatzen ari den dekretu berria «atzerapausoa» izanen dela eta «euskaldunen eskubideak murriztuko dituela» uste du euskalgintzak. Hori dela eta, manifestazioa antolatu dute euskararen alorreko eragileek, Euskalgintzaren Kontseiluan bilduta, Maria Txibiteren gobernuari eskatzeko «baztertu ditzala iraganeko hizkuntza politika ilunak». Uztailaren 2an eginen dute, 18:30ean, Iruñeko Baluarte plazatik abiatuta eta Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez! lelopean.

Atzo, agerraldia egin zuten Kontseiluko ordezkariek Katakrak liburu dendan, dekretu berriaren gaineko gogoeta egiteko eta protestara deitzeko. Han izan ziren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka, eta baita AEK, IKA, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen eta Euskal Herrian Euskaraz erakundeetako ordezkariak ere.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 2017ko euskararen dekretua baliogabetu zuenetik orain arteko ibilbidea gogoraekarri zuen Bilbaok: «Justiziari, berdintasunari eta kohesioari muzin egin zien epai horrek, eta Nafarroako Gobernuari eskaera bat egin genion orduan: justizia, kohesioa eta berdintasuna ardatz dituen gizarte bat eraikitzeko urratsak egin eta ausardia izan zezala, eta bide horretan gutxienez, epaiari kasazio-helegitea jar ziezaiola, beste garai bateko hizkuntza politika ilunetara ez itzultzeko eta epaiarekiko desadostasuna irmoki agertzeko».

Gobernuaren erantzuna, ordea, «bestelakoa» izan zen, Kontseiluko idazkariaren irudiko: «2019ko urrian esan ziguten dekretu berria argitaratuko zutela ahalik eta arinen, baina urte eta erdi honetan ez dugu horren berririk izan». Are: denbora tarte horretan, Nafarroako Gobernuak «iraganeko hizkuntza politika ilunak» aplikatu dituela salatu zuen Kontseiluak: «Ehunka lan deialditatik automatikoki baztertu dute euskararen ezagutza, bai euskara eskakizuna izan beharko luketen lan deialdietatik, baita merezimenduetatik ere».

Dekretu berria diseinatzeko erarekin eta gobernuak prozesuan izan duen jarrerarekin kritiko azaldu zen Bilbao: «Biziki kezkatzen gaitu nola ari diren kudeatzen dekretuaren afera: lotsagarria da eragileoi arau berriari buruzko informaziorik bidali ez izana, eta, era berean, hedabideetan filtrazioak behin eta berriro egitea». Kontseiluko ordezkariaren ustez, komunikazio estrategia horren helburua da «hizkuntza eskubideak alderdikerietan nahastea».

Horrez gain, dekretuaren inguruko eztabaida «parametro desegokietan» garatu izana ere salatu du: «Sinetsarazi nahi digute dekretuaren korapiloa txikia dela, eta ebatzi beharreko auzi bakarra dela eremu ez-euskaldunean euskara ez baloratzearen eta alemana bezala baloratzearen artekoa». Dikotomia horretatik ihes egin nahi dute euskalgintzako eragileek, eta eztabaida «parametro egokietara» eraman: «Aztertu beharko dena da dekretu berriak euskararen erabilera erosoa bermatzeko balioko duen ala ez». Izan ere, Bilbaoren irudiko, «dekretu integrala eta osoa» behar du Nafarroak: «Are gehiago, kontuan hartuta herritarrak diskriminatzen dituen lege bat dugula indarrean».

Hori dela eta, Kontseiluak uste du badela garaia «eskubide murrizketak ahalbidetuko dituen dekretuaren aurka ozen eta sendo agertzeko», eta datorren asteko manifestazioa baliatu nahi dute horretarako: «Justiziaren, berdintasunaren eta kohesioaren aldeko aldarria eginen dugu», esan zuen Kontseiluko arduradunak, atzoko agerraldian.

Elkarretaratzea, gaur

Uztailaren 2koa ez da Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren aurkako protesta bakarra izanen. Gaur, 11:00etan, euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko elkarretaratzea eginen dute hainbat eragilek, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. LAB, ELA eta Steilas sindikatuek egin dute deialdia, eta beste hainbat erakunde batu dira protestara; besteak beste, NUPeko Euskara Taldea, Ikama, Ernai, Sortzen, Euskal Herrian Euskaraz eta Behatokia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.