Pau Vidal.
Murgiltzea Katalunian. IRITZIA

Arnasarik gabe

2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Nekagarria da, oso nekagarria, etengabeko gerra hau, non batzuk (betikoak) erasoan aritzen diren eta beste batzuk (betiko beste horiek) beren burua defendatzen. Murgiltzearen txanda izan da orain, osasungintzarena izan zen joan den hiruhilekoan, eta merkataritzarena izango da hurrengoan, edo kirolarena, edo korapilatu daitekeen beste edozein arlorena.

Hain da desorekatua borroka, hain tranpatia bataila, gezurra ematen baitu guk hanka toki berean sartzen segitzeak. Caneteko umearen aita Ciudadanoseko militante izatea zeharo zen espero izatekoa, horretarakoxe sortu baitzen alderdi hori, eta, bide berean, baietz bazterrak nahastuko dituen hurrengoa epailea, polizia edo Voxekoa izan. Huts nagusia zera da: kasu bakoitzari bakana balitz bezala heltzea, kontuan ez izatea kate infinitu baten beste begitxo bat dela, eta Estatuak gu kate horrekin itotzen segituko duela etengabe, harik eta hezur guzti-guztiak txikitu eta ehun guzti-guztiak urratu arte. Arlo politikoan, estrategia txarra da erabakiak epe laburrerako hartzea, eta bizirik irauteko borrokan, berriz, estrategia ezin txarragoa.

Canet gehi %25 kasuaren alde ona, alde sarkastikoa (ez dezagun ahaztu Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia Maresmeko eskolako salaketaren aurretik emana dela) hauxe da: kointziditu egin duela Hizkuntza Politikako Idazkaritza Nagusi berriak murgiltze eredua hobetzeko martxan jarritako operazio handiaren hasierarekin, ezarritakoa ez betetzeagatik eta eraginkortasunik ezagatik urteetan kexak jaso eta gero abiatutako operazio horrekin. Ahalegin laudagarria, anbiziotsua, baina motela. Espainolismoaren proposamena, ordea, askoz eraginkorragoa da, eta aplikatzeko errazagoa: murgiltze eredua ezabatzea lehenbailehen, eta, bide batez, katalana ere espazio publikoetatik kanpo uztea (ez da boutade-a: neofaxismoa Espainian aurrera nola doan ikusita, horrek ere ez du luze joko).

Ez dakit ondo ulertzen den mezua. Argiago esango dut: nahikoa da, utz diezaiogun haien jokoan aritzeari, bestela izugarrizko jipoia emango digute-eta ziur. Ez gaitezen gehiago ibili begiak itxita sinetsi ahal izateko mundu guztia zintzoa dela eta justiziak noizbait arrazoia emango digula. Ez: identitate kontuetan, Espainiako Estatua ez da zintzoa, supremazista baita, baztertzailea, eta biolentoa. Haren helburua inondik ere ez baita aniztasun delako hori bere mesederako baliatzea: uniformetasuna baino ez du xede, eta direnak eta ez direnak baliatzen ditu horretarako. Zenbat eta zakarrago eta miserableago, orduan eta hobeto.

Eta jokoa aldatzeko, garaituak ez izateko aukera usaindu behintzat egin ahal izateko, lehenik arbitroari aurka egin beharra dago. Men ez egin. Desobeditu. Norberaren indarrak probatu, ikusteko ea benetan gauden haiei gogor egiteko moduan edo hobe dugun porrota onartu eta agonia hau bukatu behingoz. Azken batean, zenbat ere itsutzen gaituen gizatasunean dugun fedeak, gatazka hau identitarioa da, eta hezkuntza metodotik askoz haragokoa.

Ez da soilik murgiltzea geratu arnasarik gabe. Gu ere halaxe gabiltza: ez dakigula ezta nola arnastu ere bizkarrera lotu diguten eta aire kutsatua, ustela, espainolizatua daraman bonbona hori gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.