IRITZIA

Bidaia sentimental bat

Ibon Uribarri Zenekorta
2023ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Goizean, ohiko legez egunkariak ikuskatzen hasi naizenean, Oscarrek betetzen zituzten orrien segidan Oe Kenzaburoren heriotzaren berria ere topatu dut. Astindutxo bat eragin dit horrek barrenetan, zenbait urtetako nagikeria sendoa, are ezinkizuna, gainditzeko gai izan dena. Beraz, nire esperientziaren zertzelada batzuk biltzera jarri naiz. Abiapuntua, zalantzarik gabe, 1994ko urriko egun batean dago irmo finkatuta. Mainzen nengoen, Immanuel Kanti buruzko doktoretza tesi bat aurrera ateratzeko ahaleginetan, eta irratian entzun nuen lehenengo aldiz Oeren izena: Nobel saria eman berri zioten. Geroxeago telefono kabina batera joan nintzen, pentsatuz tesi idazlanetan kide nuen Junichirori eman behar niola berria, emozio eta jeloskortasun puntu batekin, saria jasotzen zuen bigarren japoniarra baitzen, pentsatuz poztuko zela itzel. Baina guztiz erratuta nenbilen, saria Oeri eman ziotela esan nionean haserre bizia erakutsi zidan eta. Ez nuen ulertzen zergatik orduan, noski, baina egun hartan japoniera ikasteko matrikulatu nintzen: aspalditik nuen interesa, Mizoguchiren film zaharretan eta Imamuraren gazteagoetan oinarritua (geroago etorriko zen Kitano). Gainera, Oeren idazlanak aurkitzen eta irakurtzen hasi nintzen, hasieran alemanez, geroago gaztelaniaz, itzulpenak ugaritu zirenean, eta bakanen bat ingelesez, hutsune batzuk betetzeko. Urtebete geroago, Frankfurtera hurbildu zen Oe irakurketa publiko bat egitera, eta ekitaldiaren amaieran zeharo harritu nuen gizona hiru hizkuntzetako itzulpenak sinatzeko eskatu nionean. Harribitxiak balira bezala dauzkat gordeta.

Kojintekina taiken (1964) izan zen nire bataioa, Oeren eleberri esanguratsuena ziurrenik. Esperientzia pertsonala, izenburuak dioen moduan, lazgarria, Hikari seme gaixoaren jaiotza erdigunean, hiri moderno estresagarri baten zurrunbiloan, eta dena ezusteko metaforez jositako prosa indartsu, koloretsu batean idatzia. Oek ahots deseroso bat garatu zuen Japonia berri aberats hartan, gaietan zein estiloan. Nestbeschmutzer adierazgarria erabiltzen dute alemanez (Bernhard datorkit burura), etxekalte edo, etxearen irudi oso zehatza eta mugatua dutenen begietan betiere. Beraz, Junichiroren atsekabea partekatu baino, zaletu egin nintzen izugarri; ez zen hain arraroa ikuspuntu ezberdinak izatea, Schopenhauer baitzuen ikergai.

Geroko irakurketen artean, Xiiku (1964) da agian nire idazlan kuttunena. Paraxutista beltz bat harrapatzen dute japoniar mendialdeko herritxo batean, Bigarren Mundu Gerran. Kultur talka bortitza garatzen da orduan tokiko haur txikitxo baten eta harrapakin estralurtar erraldoi haren artean, natura gordin batek eskaintzen duen antzeztokian. Urte batzuk geroago, lehen orriak irakurri nituen japonieraz, Oeren esperientzia zuzena izateko eta itzulpen saio bat egiteko, hau baita aukeran itzuliko niokeen/nukeen idazlana, fedea (edo kemena) galdu ez banu. Ironiaz, Kawabata Nobel saridun ez hain kuttuna itzultzea egokitu zitzaidan gero, baita Murakami ere, Nobel saridun izateko hautagai eternala.

Azken irakurketa aipagarria Natsukaxii toxi e no tegami izan zen, 1997an, argitaratu zenean, gaztelaniaz oraingoan. Idazlearen eskutitzak edo, jaioterrian, Tokyon, Okinawan bizitakoak ekarriz gogora. Hilabete batzuk geroago, nire lehen egonaldia egin nuen Japonian; Osakako nazioarteko aireportuan hartu nuen lur, orain itsasoaren erdian hegazkin-ontzi abandonatu bat baino ez den horretan, eta astebeteko kultur bidaia egiteko denbora hartu nuen, Fukuzawaren jatorriaren bila Kyuxu uhartean, eta Oeren jatorriaren bila Xikoku uhartean, besteak beste. Itsasontzi bat, zenbait tren eta autobus baten laguntzaz iritsi nintzen Ose herrixkara. Gipuzkoar bailara estu tropikala aurkitu nuen han. Umeak ibaian jolasten ikusi nituenean, Oeren oroimina nire bihurtu zen egiaz liburuaren benetako agertokian. Egiten ari nintzen hizkuntz eta kultur ikastaroari amaiera emateko, idazlan bat idatzi eta bost minutuko hitzalditxo bat egin behar genuen japonieraz, eta, noski, Oeri eskaini nion, eta saritxo bat eman zidaten, gainera, Oe, oe, oe... Ahaztuxea nuen aspaldiko laguna hil zait bart.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.