Taia: «Amaren haizea dago nire idazkeran»

Abdela Taiaren 'Zure argitan bizitzea' eleberria euskaratu du Patxi Zubizarretak, eta Alberdaniak argitaratu. Idazlearen amarena da kontakizuneko ahotsa, eta haren bizitzako hiru une jasotzen ditu

Abdela Taia idazle marokoarra, Patxi Zubizarretak euskarara ekarritako Zure argitan bizitzea bere laugarren lanarekin. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Amaren hiletan hartu zuen egunen batean amaren inguruan idazteko erabakia Abdela Taia idazle eta zinemagileak (Sale, Maroko, 1973). 2010ean izan zen hori, baina hamarkada bat pasatu behar izan du ulertzera heltzeko zelakoa behar zuen liburu horrek, zein zen egiaz kontatu nahi zuenak eskatzen zuen ahotsa. «Ez da nire amaren gorazarre bat», errepikatu du behin baino gehiagotan. «Liburuak hitz egiten du benetako emakume marokoar bati buruz; nekazaria, pobrea, Frantzia kolonizatzaileari eta Marokoko Estatuari desafio egin ziena. Baina ez nuen nahi semeak amarekiko duen irudia azaldu Mendebaldeari. Semea desagertu egin da, berak idatz zezan zuzenean liburua». Malika deitu zen andre hura da, bada, Zure argitan bizitzea lanaren protagonista, eta harena da, halaber, ahots narratiboa. Patxi Zubizarretak euskaratu du, aurrez egilearen beste hiru eleberrirekin egin moduan, eta Alberdaniak kaleratu du, aurreko hiru lan horiek bezala —Salbazioko armada (2007), Malenkonia arabiar bat (2009) eta Erregearen eguna (2011)—. «Aspaldiko lagun bat dugu Abdela Taia», esan du, abegikor, Jorge Gimenez Bech argitaletxeko arduradunak. Lan berrian idazlearen ohiko «zorroztasuna» sumatu arren, nabarmendu du horrek ez diola «enpatia» galarazten, eta azpimarratu nobela berrian «ariketa intimoago bat» egin duela Taiak.

Itzulpenaren aurkezpenean izan da egilea, Donostian; hain justu, Literaktum jaialdian literaturaren eta zinemaren artean lan egiteari buruz solasean aritu bezperan. Liburu berria sorterriari eta amari egokitutako bizitzari buruzkoa izaki, bera ume zela ezagututako giroaz aritu da aurrena —1999az geroztik Parisen bizi da Taia—, eta ideia bat nabarmendu du hizketan hasi bezain pronto: «Frantsesez idatzi arren, irudipena dut arabieraz idazten dudala. Nire bizipen guztiak arabieratik igarotzen dira, eta hor du jatorria nire lanak».

Hiru gelako etxe txiki batean, 11 anai-arrebek gela bakar batean lo egiten zuten giroa ezagutu zuen Taiak ume zela. «Ni zortzigarrena naiz, eta oroitzen dut liluratu egiten nindutela nire anai-arreba zaharragoen bizipenek. Uste dut idazle egin nintzela nahi nuelako ni gabeko haien bizipenen parte izan. Ez zidaten kasurik egiten; beraz, nahi nuen guztia lapurtu niezaiekeen». Familia txiroa zen eurena, eta, beraz, «eromen hutsa» egunerokoa, idazlearen hitzetan. «Marokoko Estatuak ordezkatu nahi zuen ordena hura nire etxean ez zen existitzen. Gorputz asko elkartzen ziren leku txikian, eta errealitatea lehertu egiten zen egunerokoan. Kaos hori gogorra izan daiteke, baina mugiarazlea ere bai».

Energia horren guztiaren erdian hazi izana, hain zuzen, idazketara hurbildu izanari lotuta ikusten du Taiak gaur. «Bizirik irauteko beharrak sortzen du eromena. Jatekoa ez genuen ziurtatuta, eta gobernatu behar zen hori dena. Emakume batek bere bizitza sakrifikatu zuen, eta emakume hori gure ama zen».

Ahotsaren hariari helduta

Emakume arabiarrei buruz esaten direnetatik «urruntzeko» aukera ere eskaintzen du liburuak, egilearen ustez. «Emakumeari berari entzun behar zaio, klixeetatik aparte. Zeren ni homosexuala izateak ez du esan nahi, esaterako, nire amak baino hobeto ulertzen dudanik zer den emantzipazioa».

Amaren askotariko aurpegiak oroitu ditu —auzoko askok «gorroto» zutela, zuen izaera gogorragatik, hijaba «superwoman baten indarrez» janzten zuela...—, eta aipatu du indar hori idazkerara eramaten saiatu dela. «Umiliazioa ez zuen umiliazio bezala bizi. Boterearen diskurtsoak desegiten zituen, eta nik eredu horri jarraika idazten dut: konplexurik gabe. Bere haizea nabaritzen dut idazkeran; estiloa ez da ideologia batetik eratortzen, barrutik baizik».

Amaren bizitzako hiru unerekin egituratu du lana idazleak, ekintza oso zehatzak hautatuta: aurrenekoa, amaren lehen senarra Indotxinan hil ostean hura ehorzteko egin zituen lan «sinestezinak», 1950eko hamarkadan—artean Maroko Frantziaren kolonia zela—; bigarrena, bigarren senarrarekin familia berria osatu eta Rabaten bizi zirela, emakume burges batek alaba bat kendu nahi izan zionean gertatua; eta, azkena, etxera lapurtzera sartu zitzaion gazte homosexual bati aurre egin zionekoa. «Hirurak dira benetan gertatuak», argitu du. «Ez dut ez fikziorik ez bestelakorik gehitu; literatura bai, noski, baina ez bestelako ahotsik». Ehunkaren artean zein ekintza aukeratu, hori izan da erabaki inportanteenetako bat harentzat. Denbora lerroan urruneko momentuak dira, baina «erresistentzia» egiteko modu bat erakusten dutenak, egilearen arabera.

«Bitxia da», aitortu du. «Hil den norbaiten ahotsa denborarekin gero eta gehiago entzuten hasten gara». Horri esker topatu du berak liburuak behar zuen tonua, eta, behin hari helduta, «ahotsaren hariari segitzea» izan du egitekoa. «Ahots hori orain entzun egiten da, eta ikusi ere egin liteke ia», berretsi du Patxi Zubizarretak ondotik. «Antzerkia dirudi zenbaitetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.