Kataluniako hauteskundeak. Mapa politikoa

Xede antagonikoen errebalida

5,5 milioi katalan daude deituta gaur hauteskundeetan parte hartzera. Jokoan dago 155. artikuluari zilegitasuna ematea edo bide orri subiranista onestea. Parte hartzea historikoa izatea espero da

jon olano
Bartzelona
2017ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Kataluniako herritarrak bozkalekuetara itzuliko dira gaur. Urriaren 1etik 81 egun igarota, oraingoan Kataluniako Parlamenturako bozetan eman ahal izango dute botoa, ez erreferendum batean, eta, beraz, ugaritu egingo zaizkie aukerak; neurri batean, proiektu politikoaz gain, proiektu bakoitzaren kolorearen artean ere hautatu ahal izango dute. Oraingoan ez dute hautetsontzirik ezkutatu beharko, ez baita Polizia joango horiek kentzera. Hauteskunde soilak izango dira, salbuespen egoera batean.

Bozak izango dira, baina plebiszitu ere badira neurri batean, eta hala aurkeztu dituzte zenbait buruzagik: «Puigdemont edo Rajoy», «presidente legitimoa edo 155 presidentea», esan izan du Junts Per Catalunyak. Beste parametro batzuetan, baina gauza bera egin dute ERCk eta Ciutadansek, indar nagusia izateko lehian. Edozein gisara, hauteskundeen muinean egongo da bi proiektu politikoren eta orain arteko jokabideen ebaluazioa, nagusiki: Kataluniako estatu independentea edo Kataluniako erkidego autonomoa Espainiako Estatuaren barruan; bide orri independentista edo Espainiako Konstituzioko 155. artikuluak kontrolatutako gizartea eta lurraldea.

Gauza bakarrak dirudi ziurra: historikoa izango dela parte hartzea. Ohi baino dezente handiagoa izan zen duela bi urteko hauteskundeetan, eta %75era iritsi zen orduan. Zenbat hazteko tartea izan dezakeen, hori ikuskizun dago, baina zaila dirudi %80tik askoz gorago egotea. Halaber, ezezaguna da parte hartzearen hazkunde hori nola banatuko den blokeen artean; zabalduen dagoen usteak dioen bezala, unionismoari egingo dion mesede, edo modu proportzionalean banatzen den blokeen artean. Junts Pel Sik eta CUPek %47,8 boto jaso zituzten 2015ean, eta C's, PSC eta PPk, %41.

Parte hartzeari dagokionez, ikusteko dago ezohiko beste faktore batek izan dezakeen eragina: nori egin diezaioke mesede lanegunez egitea hauteskundeak? Nori kalte? Oro har, kalte handiagoa egin diezaieke langileei eta, batez ere, autonomoei. Aldiz, horiek baino errazago izango dute botoa ematera joateko erretiratuek, ikasleek eta funtzionarioek —lan ordutegia dela eta—. Alderdi politikoren bati edo besteari on egin diezaiokeelakoan, Oriol Bartomeus Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasleak idatzi du ostegunez bozkatzeak Ciutadans eta ERCri egin diezaiekeela kalte, eta Junts Per Catalunyari eta PSCri mesede. Edozein kasutan, iragan gertuko aurrekaririk ez dagoenez, ez dago jakiterik egiazko ondoriorik izango duen.

Bi aldeek topa ditzakete baikortasunerako zantzuak, erreparatu nahi dieten elementuen arabera. Neurri handi batean, Bartzelona eta haren inguruko herriak —azken urteetan laranjatik gehiago duen Gerriko Gorrikoak— izango dira epaile, han bizi den biztanle kopuruagatik; hiru milioi lagun baino gehiago bizi dira 36 udalerritan. Hospitalet, Terrassa, Santa Coloma de Gramenet, Sabadell, Badalona, Cornella, Mataro eta hiriburuan bertan %72-79 artekoa izan zen parte hartzea 2015eko bozetan, eta, Bartzelonan izan ezik, indar unionisten babesa independentistena baino nabarmen handiagoa izan zen. Boto —eta abstentzio— poltsa handiena eremu horretan pilatuta, itxaropentsu egon litezke C's, PSC eta PP.

135etik 85, Bartzelonan

Bartzelona inguruko herriak ez dira independentismoaren ahulgune bakarra; 2015eko bozetan, Tarragones eskualdean, Lleida hiriburuan eta Aran ibarrean ere lanak izan zituen %40ra ere iristeko. Datu horiek ez ziren izan salbuespena: urriaren 1eko erreferendumean, eskualde horietan izan zen parte hartzerik apalena: %24,4 Aran ibarrean, %28,7 Tarragonesen, %33 Baix Llobregaten, %33,6 Baix Penedesen eta %35,9 Barcelonesen.

Biztanle kopurua eta barruti bakoitzeko ordezkari kopurua kontuan izanda, Bartzelonan 47.000 hautesle inguru daude diputatuko; Gironan, adibidez, 29.400. Hortaz, parlamentaria merkeago dagoGironan, boto independentistak %50a aise gainditzen duen lurraldean, baina Bartzelonako boto eta ordezkari kopuruan jokatzen da gehiengoen partida. Guztira, 135 parlamentari aukeratu behar dituzte: 85 Bartzelonako probintzian, hemezortzi Tarragonan, hamazazpi Gironan eta hamabost Lleidan.

Urriaren 1eko erreferendumak ere balio dezake termometro gisa. Egun horretan, herritarren %43k eman zuten botoa; horietatik 2.044.038k, Katalunia estatu independente izatearen aldekoa. Unionistek kopuru hori berdintzeko, urriaren 1eko erroldarekin, %76,9tik gorako parte hartzea beharko lukete. Erroldan, ordea, erreferendumean baino 241.000 herritar gehiago daude orain, eta 2015ean baino 43.596 gehiago. Espainiako Estatutik kanpo, 226.381 lagunek eman dezakete botoa.

Joerari begiratuta, berriz, ERC, Junts Per Catalunya eta CUP dira baikor egoteko arrazoiak dauzkatenak. Independentziaren babesak ez dio gora egiteari utzi azken hiru urteetan; 2014ko galdeketan, 1.897.274 herritarrek bozkatu zuten estatu independentearen alde —16 urtetik gorakoek zuten botoa emateko eskubidea—, eta Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan (2015), berriz, 18 urtetik gorakoen erroldarekin, 1.966.508. Aurtengo urrian 2.044.038 izateak erakusten du, duela hiru hilabetera arte behintzat, oraindik herritar gehiago bere altzora erakartzeko gaitasuna duen proiektu politikoa dela independentismoa.

Gaurko hauteskundeek balioko dute ikusteko joera hori eten den, independentismoa desmobilizatzen den eta kritiko den orain arteko bide orria garatu duten buruzagi politikoekin, edo, kontrara, Poliziaren urriaren 1eko jazarpenak eta buruzagi politikoak espetxeratu edo erbesteratzeak bultzada ematen dien burujabetzaren aldeko zerrendei. Baita neurtzeko ere zein den apustu irabazlea multzo bakoitzean; ERC Carles Puigdemont presidentearen zerrendari nagusitzen zaion, eta PSC C's-en emaitzetara gerturatzen den. Eta, beste neurri batean, balioko du ikusteko bloke unionistaren eta independentistaren logika apurtuko lukeen ezkerreko gehiengorik osatu daitekeen. Baina bozkatu ostekoak izango dira kalkulagailu lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.