Populazioaren zahartzea (II). Adinkeria. Izko Cardenal. Bizitzen fundazioko koordinatzailea

«Homogeneizazioa oso-oso mingarria da»

Cardenalek propio aztertu ditu, Bizitzen fundazioko lanean, adinekoen aurkako tratu txarrak. Argi du bazterkeriak eragindako jokaerak direla.

arantxa iraola
2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Bizitzen fundazioan aztertua dute, beste gai askoren artean, adineko pertsonen aurkako tratu txarrena. Iturburuan «adinkeria» dagoela garbi du elkarteko koordinatzaile Izko Cardenalek (Bilbo, 1974): adinekoen kontrako bazterkeria. Fundazioaren azterketen arabera, 13.000 adinekok pairatzen dituzte tratu txarrak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Gero eta usuago hitz egiten da adinkeriaz. Bazterkeria orotan bezala, aurreiritzi eta estereotipoak gailenduko dira hor ere...

Bai, eta zahartzaroaren inguruko aurreiritziak barneratzen baditugu, geure buruari iruzur egiten ari gara: egunen batean gu ere zaharrak izango gara, eta uneren batean aurreiritzi horiek guztiak gure kontra etorriko dira. Haur bihurtzen direla, berekoiak direla... Sarri askotan entzuten dira horrelakoak, baina berekoia dena, segur aski, beti izan da berekoia. Pertsona nagusi guztiak homogeneizazio prozesu batean sartzea oso-oso mingarria da, denontzat.

Tratu txarrak dira bazterkeria horren adierazpen gordinena?

Bai. Hala ere, bereizi behar dira familiaren arloan puntualki izaten diren tratu txarren hainbat kasu. Zu bazaude egunean hamasei edo hogei orduz zure senide bat zaintzen —eta badira horrelako egoerak—, horrek erretze sindrome bat eragin diezazuke zuri, eta ekar dezake une jakin batean erantzun txar bat ematea zure senideren bati: horrelako jokabideak badira. Hori, berez, bada tratu txarra, baina ez da nahita egindakoa. Guk fundazioan badugu zerbitzu bat, Euko Jaurlaritzarekin hitzartutakoa, zaintzaileei telefono bidezko arta emateko, eta askotan agertzen dira horrelako egoerak. Sarritan, senideak txarto sentitzen dira aitari, amari edo senarrari erantzun txar bat eman diotelako, edo aldatu egin delako lehen harekiko zeukaten maitasuna. Askotan pentsatzen dute: «Hilko balitz hobe», «Beste egoera batean banengo, askoz ere hobeto»... Erruduntasun sentimenduak sortu edo areagotu egiten ditu horrek guztiak.

Zuen talaiatik ongi ikusiko dituzue zaintza sistemaren ezinak. Egoera zailak asko al dira?

Orain arte, zaintza sistema familia barruan geratu da, eta bai erkidego autonomoetan, bai estatuan proposatzen diren politikak dira zainketa oso espezializatuak emateko: mendekotasun egoera oso larrietarako. Baina zaintza lan gehienak familia esparruan geratzen dira. Arlo pribatutik publikora atera beharko lirateke; izan ere, guztiok daukagu eskubidea arnasa hartzeko eta zaintza lan horietan ez guztiz erretzeko.

Horren ondorioz, ezkutuan daude tratu txarren kasu asko?

Bai. Familia esparruan geratzen dira, eta ez dira ateratzen. Askotan, esaterako, ez dira jasotzen etxean egun osoan bakarrik geratzen diren adinekoen kasuak: baina horiek ere tratu txarrak dira. Adineko bat geratzen bada 08:00etatik 21:00etara bakarrik, inorekin hitz egin gabe, inolako kontakturik gabe, etxetik irten gabe, hori ere tratu txarra da. Baina horrelakoak salatzerik ez dago, ez daudelako tipifikatuta. Badira zahar etxeetan-eta izaten diren tratu txarrak ere; horiek, ordea, normalean senideek salatzen dituzte. Baina gero eta gutxiago dira, administrazio publikoak ikuskaritzak-eta egiten baititu.

Ohera eta aulkietara lotuta egon behar izaten dute zenbaitetan. Maiz ikusten dira halakoak?

Egun lantzen den eredua normalean izaten da pertsona ardatz hartzea, eta eredu horrek erdian jartzen du egoiliarra: haren beharrak, nahiak eta interesak. Pertsonak lotzea? Gero eta gutxiago egiten da, eta badaude egoitza batzuk ja halako praktikak guztiz baztertuta dituztenak, eta ziurtagiri baten bidez adierazten dute, gainera, jarduteko modu hori dutela. Zenbaitetan erabiltzen dira lotura mota jakin batzuk, baina gero eta gutxiago.

Bakardadea aipatu duzu lehen. Tratu txartzat hartu behar da?

Bai, jakina. Bakardadea norberaren erabaki baten ondorioa bada, arazorik ez dago hor; arazoa izaten da nahi ez den bakardadea, eta hor aldagai asko biltzen dira. Alde batetik, fisikoak izan daitezke. Adineko bat laugarren solairuan bizi bada igogailurik gabeko etxe batean, eta igo eta jaisteko arazoak baditu, horrek eramango du bakardadera. Badaude beste egoera batzuk, zeintzuetan bakardadea sentitzen duten nahiz eta jende askorekin egon; beren bizitzan errotutako lagunak, senideak eta abar desagertu direlako sentitzen dira bakarrik. Hor eragitea ere bada gizartearen ardura.

Bazterkeriaz ari zara. Aldiz, usu kontsumoaren zurrunbiloan ematen zaie hitza adinekoei. Hain justu, iragarkietan mundu oso bat bada haientzat...

Bai, badagoelako kontsumorako esparru handi bat zahartzaroaren inguruan. Baina hor ere, esaterako, ezberdintasuna egiten da gizon eta andreen artean: sexismoa agerikoa da. Gernu jarioari zuzendutako produktuetan-eta, adibidez, beti agertzen dira emakumeak; ez da kontuan hartzen horrelako arazoak badituztela gizonek ere. Andreekin, ordea, bai: gero eta gazteagotan, gainera.

Aisialdi eskaintza oso bat ere bada adinekoei begira...

Imsersok-eta [adineko pertsonen eta gizarte zerbitzuen institutua, Espainiakoa] antolatutako bidaietarako tokiak aukeratzeko-eta, bai: aisialdirako nolako baliabideak nahi dituzten aukeratzeko ematen zaie hitza; baina praktika politikoan ez dago lekurik adinekoentzat. Eta praktika politikoa ez da bakarrik alderdien praktika, baizik eta komunean ditugun gaiei zuzendutakoa: gure herri eta hirietako gaiei buruzkoa.

Pentsiodunen borroka, alde horretatik, interesgarria da, ezta?

Bai, eta borroka horrekin zabaldu dute arrakala bat; oso interesgarria. Zabaldu dute salaketarako eta parte hartzerako bide bat, eta, gainera, oso indartsua.

Argazkia mugitzen ari da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.