Populazioaren zahartzea (II). Adinkeria.

Argazkia mugitzen ari da

Adinekoen inguruko hainbat estereotipo eta aurreiritzi zama dira oraino; aldiz, zahartzaroa luzatzen eta aldatzen ari den heinean, ugaritzen ari dira sasoi betean dauden adineko pertsonak, eta aski agerikoa da askok gizartean eragile izateko duten gogoa. Jarduteko modu berriak eskatzen ditu horrek.

Adinekoen talde bat, BECen egin ohi den Nagusi jaialdian, haientzako ekitaldi batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
arantxa iraola
2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Loretan du agenda Elixabete Garmendiak. 1953an jaioa da, eta orain dela urtebete pasatxo hartu zuen erretiroa lanean, ETBn. Baina kazetari jardunarekin lotutako hainbat egitasmotan murgilduta dabil: «Ez dut goiz bakar bat ere izan pentsatzeko: 'Gaur zer egingo dut?'». Estimatzen du martxan jarraitzeko aukera; baita lehen soldatapeko lanak eskatzen zion uztarripetik libre aritzea ere. «Batez ere, baloratzen dut askatasuna. Egiten dut nahi dudalako: ez daukat egin beharrik». Egun, halaxe ailegatzen dira erretiroaren adinera beste andre eta gizon asko ere: osasun onean, eta eragile izaten jarraitzeko gogoz. Zahartzaroaren —orain arte ulertu den eran— hasiera bera atzeratzen ari dela esateko zantzuak ere badira. Psikologoa da Javier Yanguas, gerontologiarekin lotutako gaietan aditua, eta aldaketa hori hemen dela argi du: «Ni Nazioarteko Gerontologia Elkartean nago, eta han, adibidez, orain dela hilabete batzuk gutun bat jaso genuen Japoniatik; zioen hango geriatrek jada 75 urtetik gorako jendea bakarrik ikusiko dutela. Uste dute adin hori bete ez dutenak oraindik ez direla zaharrak». Bizitzaren aroei beste bat eransten ari zaiela ere ondorioztatu du: «Niretzat, orain badago beste heldu mota bat: 65 urte inguruko jendea dira. Teorikoki, zaharrak dira, baina sarri ondo daude fisikoki, ondo daude intelektualki, eta, gainera, uste dute haien bizitzaren garapena ez dela amaitu. Beti esan digute zahartzaroa hasten dela bai fisikoki, bai kognitiboki eta bai sozialki galtzen hasten garenean; baina gero eta zahar gehiagok sentitzen dute beren garapena ez dela amaitu, eta etorkizunean proiektatzen dira».

Yanguasek azaldu du Latinoamerikan-eta, adibidez, «heldu zaharrak» izeneko kategorian sartu ohi dituztela. Maria Silvestre soziologoak ere onartu du akaso hemen ere «izen berri bat» asmatu behar dela horiez aritzeko. Ikertua du erretiratuen gaia, eta uste du zaharren inguruan gailentzen diren estereotipo eta aurreiritziekin zurtz sentitzen direla soslai horretako adineko pertsonak. «Desoreka handia dago zaharrei buruz dagoen iruditeriaren eta adinekoek beren buruaz duten irudiaren artean. Egun, erretiroa hartu eta 20-30 urte egin daitezke bizirik; asko, osasun onean. Horren ondorioz, aniztasuna eta eskeak aldatzen ari dira, baina iruditeria berri bat ez da sortu».

Askotan, sasoian sentitzen diren adineko pertsonek boluntariotzaren aldeko hautua egiten dute, eta badira hori sustatzeko elkarteak. Zaintza lanetan —isilean, ohi denez— ere ari dira asko. Baina, oro har, Silvestrek argi du bide berriak antolatu behar direla adinekoen parte hartzea sustatzeko: «Gutxi instituzionalizatuta daude». Eta ez erarik erakargarrienean, gainera. La Caixa fundazioan dihardu Yanguasek, zaharrentzako zerbitzuak koordinatzen, eta onartu du erretiratuentzako egoitzak husten ari zaizkiela: «Erretiratu berriek ez dute beren burua horietan ikusten». Aisialdi hutsaz haragoko alorrak sustatu behar dituztela defendatu du Silvestrek. «Izan ere, soldatapeko lana lagatakoan, edadeko pertsonek egin dezaketen gauza bakarra ez da Alacantera oporretara joatea; hori ongi dago, baina bestelako esperientziak ere egin daitezke: solidarioak, edo esperientziak trukatzekoak». Parte hartzeko eredu horiek gainerako belaunaldiekin elkarlanean itundu behar direla uste du Yanguasek, haien kezkak ere aintzakotzat hartuta. «Pentsioak-eta defendatzen ari dira orain adineko pertsona asko. Eta arrazoi dute: leku hori irabazi dute. Baina gizartea aldatzen ari da, eta zaharrek orain gizarte berri honen parte izan behar dute».

Edadekoek eratutako elkarteak badira egun; indartsuak horietako batzuk. Nagusiak deitutakoa da, esaterako, horietako bat; erretiratuek osatutako Bizkaiko 138 elkarte batzen ditu: 50.000 lagun. Alfonso Sierra diruzaina da bertan; haren ustez, adinekoek badituzte «plataformak» parte hartzeko: «Arazoa da sarri jendeak ez duela izena ematen». Baina gauzak mugitzen ari dira: erretiratuek berriki pentsioen defentsan eginiko mobilizazioak, adibidez, horren seinale dira.

«Irudi eta eredu berriak asmatu behar ditugu: guk geuk», defendatu du Garmendiak. 68ko maiatzaren loratzearen bueltan gazte zirenak dira orain erretiratzen ari direnak; «bizipen» horiekin guztiekin heldu dira erretirora, eta hori arrastoa uzten ari den susmoa du: zantzu asko ikusten ditu. Ohartarazi du, hala ere, irudi berri horiek eratzean denboraren joanaren legeak ezin dituztela ukatu: «Ezin dugu sortzen diren irudi berrietan beti-gaztearen figura hartu. 66 urte ditut, eta ez dut etxean sartuta geratu nahi. Baina eredu berriak eraikitzean kontuan hartu behar dugu, eta kanpo aldera ere garbi adierazi behar dugu: adinekoak gara, geldoagoak gara, zailtasun batzuk ditugu...». Bat dator Yanguas ere: «Hauskortasuna beti dator».

Erakargarritasun falta

Zahar izateagatik inor ezin da baztertu, ordea. Adinkeria da adinarengatik jendea baztertzea, arbuiatzea. Horren lorratza agerikoa dela onartu du Garmendiak. «Zaharren irudia aldatzen ari gara; baina ez da erakargarria, ez da alaia, ez da positiboa». Probatua du: lanean, nahi baino bazterragoko jardunetan. «Erretiroa sarri hasten da erretiratu aurretik; nire lankide batek oso ondo definitzen du: bekadun xaharra. Nire lantokian bertan izan dira halakoak: ni bekadun xaharra izan naiz. Beste batzuk ere bai. Ez da indibiduala; hasieran zuri gertatzen zaizunean, duda egiten duzu. Gero ikusten duzu: orokorra da». Eta usu gordinagoa, gainera, andreentzat. Silvestre: «Generoaren aldagaiak hor jarraitzen du; zahartuta, bikoitz zigortzen dira emakumeak». Galeren aroan, zamatsuagoa da haientzat eder izan beharraren «logika».

«Homogeneizazioa oso-oso mingarria da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.