Literatura. 'Soldataren patriarkatua. Marxismoari egindako kritika feministak'

Komunitatearen gudu-zelaiak

Idazlea: Silvia Federici. Itzultzailea: Amaia Astobiza Uriarte. Argitaletxea: Katakrak liburuak.

Aiora Sampedro -

2018ko martxoak 11
Katakrak argitaletxearen euskarazko proposamenaren barnean, Silvia Federici ekintzaile eta ikertzaile feministaren Soldataren patriarkatua. Marxismoari egindako kritika feministak ezagutzeko aukera izan dugu. Izenburuak adierazitako kritika feminista aurkituko du irakurleak saiakera osatzen duten bost kapituluetan zehar, bereziki, Federici militante izan zen Soldatak Etxeko Lanentzat ekimenaren abiabururako azalpen gisa.

Katakrakek editatutako beste liburuek bezala, lehen orrialdeetan irakurlearen informaziorako argitaletxearen oharra agertzen da. Bertan, argitaletxeak gainerako oharretan egin ohi duen bezala, Federiciren aurkezpena egiteko ahalbidetzen da sarrera. Nahiz eta Katakraken jarraitzaileentzat Federici ezaguna izatea den arruntena, idazlea irailaren 11n argitaletxearen Iruñeko egoitzan izan baitzen bere Caliban eta sorgina liburuaren eta beste hainbat gairen inguruan (etxeko lanak, komunitatearen beharra...) berriketan.

Beraz, argitaletxearen sarreraren ondoren, bost kapitulutan banatutako saioa dator; kapitulu horien jatorrian 1970eko hamarkadatik hasi eta gaur egunera arte idatzitako hainbat artikulu daude, guztiak elkartu eta liburua osatzeko erabili direnak. Horri jarraikiz, argitaletxearen oharrak nabarmentzen du «bost testuek ibilbide zehatz bat proposatzen dute[la], abiaburua, geralekuak eta azken muga dituena. Halere, irakurlea libre da bide horri jarraitzeko edo geralekuz geraleku jauzika ibiltzeko». Irakurleak erraz jarraitzen du Federicik markatutako bidea.

Gainera, nahiz eta manifestu politikoa irudikatu, erraz jarrai daitekeen irakurketa osatzen dute testuek; hizkera dibulgatiboa baliatzen du egileak, eta euskarazko bertsioan ere tonu bera mantentzea lortzen du Amaia Astobiza itzultzaileak.

Feminismoetatik marxismoari egindako kritikaren azken hamarkadetako joera kronologikoki azaltzeaz gain, Soldatak Etxeko Lanentzat mugimenduaren sorreraren zergatiak planteatzen ditu. Lehen hiru kapituluetan, feminismoaren beharra aldarrikatzen du ezkerreko iraultza gauzatzeko, eta, nahiz eta marxismoari lotutako hainbat gairen zehar-aipamena egiten duen, ez ditu erabat garatzen. Irakurlea bidean geratu diren gai horiek garatuta ikusteko gogoz uzten asmatzen du: besteak beste, haurtzaindegiek emakumeoi denbora librea ekarri digutelako mitoa.

Laugarren eta azken kapituluetan azterketa politiko sakonagoa egiteko aprobetxatzen du Federicik; ekintzaileak ikerlariari uzten dio lekua. Erakutsiz komunikatzailea aise dabilela erregistro batetik bestera jauzika. Azterketa horretan bereziki interesgarria da bere ikergai izan ohi den XIX. mendearen amaierako historiaren berrantolaketan emakumeen lanak izan duen eragina, emakumeen arteko zaintza-komunitateen ideia planteatzera daramana.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna