Konponbideari begira. Bateragune auzia

Konstituzionalak uste du Bateragunekoak babesgabe leudekeela orain epaituta

Espainiako magistratuek argudiatu dute akusatuek kalte konponezina jasan dezaketela. Fiskalaren irizpidearen kontra egin dute, aho batez

JON URBE / @FOKU.
jon olano
2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Duela astebete zabaldu zen berria: Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erabaki zuen Bateragune auziko defentsak jarritako babes helegitea aztertuko duela lehenik, eta, beraz, horri buruz ebatzi artean ez dituztela Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Rafa Diez berriz epaituko Espainiako Auzitegi Nazionalean. Zehazki, Konstituzionalak erabaki du behin-behinean etetea Espainiako Auzitegi Gorenak joan den abenduan Bateragune auziko epaiketa berriz egiteko emandako sententzia, Konstituzionalak babes helegitearen mamiaz eztabaidatzen duen bitartean. Filtrazio bat izan zen hura, eta orain, erabaki hori sostengatzeko argudioak eman dituzte magistratuek. Nagusiki bat eman dute: babes helegitea ebatzi bitartean akusatuak epaitzen badituzte, horiek babesik gabe geratuko lirateke.

Bederatzi orrialdeko ebazpena zabaldu da, eta urriaren 28ko data dauka. Auzitegi Konstituzionalaren Lege Organikoaren 56.2 artikuluaren arabera, botere publikoen jarduera bat bertan behera utzi behar da hura gauzatzeak «kalte bat eragiten badio errekurritzaileari, babesaren xedea galaraz lezakeena». Magistratuen iritziz, horixe gertatuko litzateke Bateragunekoak epaituz gero babes helegitea ebatzi baino lehen; babesa bera funtsik gabe geratuko litzatekeela. Gainera, gogorarazi dute gisa bereko erabakiak hartu izan dituztela antzeko kaltea eragiteko aukera zegoen auzietan.

Gainera, fiskalaren iritziaren kontra agertu da Auzitegi Konstituzionala. Hark eskatu zuen Bateragune auzian zigortutako bost lagunek aurkeztutako babes helegitea baztertzeko, azalduta ez dagoela behar bezainbeste argudiatuta epaiketak akusatuei eragingo liekeen kaltea atzeraezina dela. Fiskalaren iritziz, kalte hori, existitzekotan, «zalantzazkoa» litzateke, epaiketa helegitea ebatzi aurretik egingo litzatekeelako eta, beraz, ez dagoelako jakiterik epaiketa horretan Bateragunekoak zigortuko edo absolbituko lituzketen.

Ez dator bat Konstituzionala: «Oraintxe bertan ezin da zehaztu auzitegi honek sententzia emango duen epaiketa egin aurretik. Baina, hain zuzen horrexegatik ezin da baztertu, epaiketa eteten ez bada, eragin litezkeen kalteak gauzatu litezkeela».

Zigorrak beteta

Auzitegi Nazionalak 2011ko irailean zigortu zituen Diez, Zabaleta, Jacinto, Rodriguez eta Otegi, eta zigorrak murriztu zizkien Auzitegi Gorenak 2012an. Edonola ere, guztiek bete zituzten osorik espetxe zigorrak. Bost zigortuek denera 31 urte egin zituzten preso. Jacintok, Rodriguezek eta Zabaletak, seina urte, eta Otegik eta Diazek, ia sei eta erdi bakoitzak. Horrez gain, jardun publikoan aritzeko inhabilitazio zigorra ere jarri zieten.

2018ko azaroan Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen auzikoek ez zutela epaiketa inpartziala izan. Defentsak epaiaren berraztertze helegitea aurkeztuta, Gorenak zigorrak bertan behera utzi zituen 2020ko uztailaren 27an, baina, fiskalak eskatuta, Gorenak epaiketa berriro egiteko eskatu zuen abenduaren 14an, aho batez. Hain justu, defentsaren argudio nagusietako bat da epaiketa berriro egiteak non bis in idem printzipioa urratuko lukeela, ezin baita herritar bat bi aldiz epaitu ekintza berarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.