Pasatu dira udal hauteskundeak, eta negoziazio mahaira joan aurretik jarrerak finkatzeko garaia dute alderdi politikoek. Elma Saiz PSNko Iruñeko alkategaiak bere hautagaitza aurkezteko asmoa azaldu eta ordu gutxira, Joseba Asiron EH Bilduko alkategaiak nabarmendu du berari dagokiola alternatiba bat osatzea UPN gainditzeko eta alkatetza eskuratzeko: «Ulertzen dugun bezala PSNri dagokiola Nafarroako Gobernurako negoziazioen lidergoa hartzea, EH Bilduk izan behar du Iruñeko negoziazioena hartzen duena. Inork ez dezala buruan izan hirugarren biderik; hautesleek EH Bilduri eman dioten lidergoa lapurtzera bideratutako hirugarren bideak porrotera kondenatuta daude. Bide horrek eskuineko gobernuetara garamatza». Asironek erantsi du «aukera bakarra bide demokratikoa» dela.
Igandean, UPNk bederatzi zinegotzi lortu zituen; EH Bilduk, zortzi; PSNk, bost, PPk eta Geroa Baik, bina eta Zurekin Nafarroak, bat. Cristina Ibarrola UPNko hautagaia izango da alkatea, baldin eta beste hautagairen batek gutxienez hamalau zinegotziren eta, beraz, gehiengo absolutuaren babesa eskuratzen ez badu. EH Bilduren emaitzak goretsi ditu Asironek, eta nabarmendu hamabi punturen aldea dagoela EH Bilduren eta «hurrengo indar progresistaren» artean.
Asironek «oinarrizko printzipio demokratiko» bat dagoela nabarmendu du, argudiatzeko berari dagokiola alternatiba bat eratzea: «Gehiengoa dagoen lekuetan, sustatu dadila boto gehien eskuratu duen zerrenda aurrerakoia». Hori horrela, agindu du «azken minutura arte gobernu alternatibo bat» sustatzen ahaleginduko dela; horretarako pausoak «diskrezioz eta leialtasunez» emango ditu. Eta, Elma Saiz aipatu gabe, oharra egin dio: «Inork ordezkaritza printzipioa ez errespetatzeko tentaldia baldin badu, ez dezala gurekin kontatu». Ekainaren 17an osatuko dute udala, eta aukeratuko alkatea.
Hauteskundeak
«Hirugarren bideak» alde batera uzteko eskatu du Asironek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu