Danel Agirre.
SASKI DA!

Deskantsatzeagatik lesionatzen zaizkit

2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Sindikalista alaenak. Adinarekin komentario aldrebesegiak zentsuratzeko iragazkia erlaxatu eta okurritutako lehenbizikoa zapla botatzea ohikoa bada, Svetislav Pesicen aspaldiko jarioa are punkagoa da. Bere kasuan, aipatutako agureen libertinajea, estatus profesionalak eskainiko immunitatea eta entrenatzaile balkaniarrengan hain ohikoa den zakarkeria konbinatzen dira. Egunotan, Bartzelonak jasandako lesio sortaren harira, Bostjan Nachbar ELPA Euroligako jokalarien sindikatuaren presidentea egurtu du Pesicek, modu arras bidegabean. Bere taldearen arazo fisikoen erruduntzat jo du, behar adina entrenatu ei ezin dutelako. Pesicen munduan, atleta batek gehiegi deskantsatzeagatik hartzen du min, gorputzak geldialdi horiek modu aproposean prozesatzen ez dakienez. Serbiarraren kasketak, baina, ez du osasun kontuekin zerikusirik. Nachbarren sindikatuak Euroligako jokalariek astero egun bat jai har dezaten lortu du —etxeko deskantsua behar du, aireportuetako partiden biharamun eta bezpera galduak ezin dira librantza moduan zenbatu, teorian—. Denboraldi-aurrea bost astera murritz dadin ere lortu ELPAk, hau konplitu ez duenik —Baskonia bera, urrutira joan gabe— egon bada ere. Pesicen gisako eskola zaharreko egoskorrentzat, entrenamendurik gabeko arratsalde bakoitza zakarrontzira botatako abagune bat da. Eta Bartzelonari fitxaketa oso garestiak egokitzea tokatzen zaionez, sindikalistek erdietsitakoek ernegatu egin dute 70 urteko patroia.

Ahaztu bikotekideaz. Egun, Fuenlabradaren entrenatzaile ari den —eta igandean Miribillan sei jokalari kantxan ipintzeagatik teknika jasotako— Jota Cuspinera bizkaitarra fitxatu zuen Baskoniak Ibon Navarroren laguntzaile gisa, 2014ko azaroa bukatzear zela. Bikotekidearekin egoteko astelehenetan Madrilera jaitsi ahalko zuen galdetu, eta udaz geroztik egun bat bera ere libratu gabe zeramatela erantzun zioten (Youtuben ikusgai dagoen ikastaro batean kontatzen du pasadizoa Cuspi-k). Saski Da!-k euro bi ordainduko luke gutxienez, Gasteizen Euroligaren arautegi berria betetzen ari ote den jakitearren. Asteroko deskantsuaz gain, sindikatuko afiliatuentzat hoteletan banakako logela —dobleetan lo egitea zen orain arteko tradizioa— gorde beharra dago aurrerantzean, eta hegazkinetan korridore alboko eserlekua. Urratsok ez dira inongo huskeria. Baskonia igande gauez Tenerifen aritu zen, gaur Lyonen du hitzordua, hamar egunetan bost bider jokatuko du, ehun kilotik goragoko morroskoez ari gara. Eranskin interesgarria: Toko Xengelia sindikatuko lehendakariordeetako bat da.

Sinetsi nahi duzuna. Phoenix Sunseko DeAndre Ayton dopinagatik zigortu berri du NBAk: jardun fisikoa suspertzen duten produktuak estaltzeko baliatu ohi den galarazitako diuretiko bat detektatu diote kontrol batean. 25 partida baino ez ditu emango jokatu gabe, eta Gabonetarako itzuli ahalko du. Dibertimentuzko substantziarekin izandako positiboagatik, berriz, ligak bi urterako egotzi zuen Tyreke Evans pasa den udaberrian. David Sternek 80ko hamarkadanezarri politiken ajeak dira—hartan, kokaina benetako izurritea zen aldageletan—: menpekotasunen bat duten jokalariekin askoz zorrotzagoa da NBA, ahalmen fisikoa puzteko bidezidorrak bilatzen dituzten tranpatiekin baino. Ez da hori etsigarriena. Debekatutakoen zerrenda webgunean eskegita du ligak, baina dopinarekin aurkako programei buruzko inongo argibiderik ez du eskaini ohi. Komisionatu izendatu zutenean, odol-analisiak iragarri dituen Adam Silverrek; epe ertainera, pasaporte biologikoaren gisako lanabesen bat ere bai. Urrats horiek zertan diren jakitea ezinezkoa da, opakutasuna oraino ere erabatekoa izaki. Egitate bakarra: Travis Tygart eta AEBko Dopinaren Aurkako Agentzia kuxkuxeroa ahalik eta urrunen nahi ditu Silverrek. NBAk aspaldiegitik armairuan gordeta duen eskeletoa da dopina. Baina abantaila praktiko bat badu aipatu itxikeria ofizialak: zaleak lehiaketa benetakoa ote den sinetsi ala ez erabaki lezake, bere inozentziaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.