Gernikaren memoria, Burlatako oholtzara

'Gernika' proiektua jarri dute abian bi gazte nafarrek, bonbardaketaren gaineko ikuskizun proiektua. Gaur aurkeztuko dute, Burlatan

Dantzarietako batzuk, Burlatan, Gernika oroitzen duen obran. JULIO ETXARRI.
Ane Delgado Aldabaldetreku.
2021eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Gernikako bonbardaketa oroitarazten duen proiektu bat jarri dute martxan Aimar Jimenez eta June Gabarain gazte nafarrek, Gernika deiturikoa. Lanak bi atal ditu: diskoa eta ikuskizuna. Egitasmoaren lehenengo urratsa diskoa kaleratzea izan zen, eta urtarrilaren 9an aurkeztu zuten, Burlatan (Nafarroa). Diskoa osatzen duten abestiak euskal dantza doinuetatik abiatzen dira, baina haiek sortutako harmoniez eta moldaketez jantzi dituzte. Diskoa dirua biltzeko eta proiektuari jarraipena emateko kaleratu zuten. Orain, 30 musikarik eta dantzarik, Gernikako (Bizkaia) bonbardaketaren oroimenez, musika, dantza eta antzerkia batzen dituen emanaldi bat egin dute. Bertan, familia baten esperientziek gidatuko dute ikuslea, gerra aurreko, bitarteko eta ondorengo garaietan. Gaur aurkeztuko dute, Burlatako udal parkean.

Jimenez eta Gabarain gazteak dira, eta hasieran ez zuten nahi adina diru proiektua abian jartzeko. Hala ere, «zerbait berria sortzeko nahiak» diskoa ateratzera bultzatu zuen bikotea. Lehenengo pausoa musika sortzea izan zen: «Hutsetik hasi ginen, eta diskoa grabatzeko, borondatez lan egin zuten lagun batzuk elkartu genituen», azaldu du Gabarainek. Musika eta dantza ohiko jarduna dute bi gazteek, eta argi izan zuten bien arteko lotura duen zerbait sortu nahi zutela. Euskal dantza gustukoa dute, eta estilo horretan oinarriturik, dantza batzuk grabatzea pentsatu zuten, baina «ukitu moderno bat» gehituta: «Euskal dantzak grabatu eta konposatu nahi genituen, baina ideia xumea iruditzen zitzaigun. Zerbait berria sortu nahi genuen. Euskal dantza asko daude jada sorturik, eta dantzaren eta musikaren bidez zerbait kontatzea erabaki genuen».

Gaia oso argi ez bazuten ere,«Euskal Herria biltzen duen zerbait» egitea zen bien nahia. Horren harira, Euskal Herriko gertaerak aztertzen hasi ziren, eta Gernikaren bonbardaketa hartu zuten oinarritzat. «Gernika oroitzeaz gain, 36ko gerran errepresaliak jasan zituzten herriak ere omendu nahi izan ditugu, eta, aldi berean, gaur egun errepresaliak jasaten dituzten herriak daudela salatu nahi izan dugu», aitortu du Jimenezek.

Lanarekin pozik azaldu dira biak, eta «ilusio handiarekin» egin dutela eta «emozio ugari» batzen dituela azaldu dute. Jendeak «zerbait sentitzea» lortu nahi dute proiektuarekin. Gaurko ikuskizuna udan egingo duten bakarra izango da. Neguan emanaldiren bat emateko hitz egiten ari dira, eta hurrengo urteko udan antzeztea ere pentsatuta dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.