Xabier Landabidea Urresti.
MELE

Oporrorea

2022ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen. Baina gauzen arteko distantzia erlatiboa da definizioz, eta beraz baita mugimendua bera ere. Norbaitek geldi-geldi egoteko ahalegina egin dezake bere inguruan dena mugimenduan dagoen artean, baina ziurrenik abiadura sentsazio handia izango du.

Kate sentituekin ere ez ote zaigu halako zerbait gertatzen. Kontua ez da horrenbeste norberaren mugimendu edo gelditasun absolutua (halakorik balego), baizik eta besteekikoa. Heteronormak adibidez gauza homogeneo, solido eta inerte samarra eman lezake kanpotik, baina susmoa dut bertan bizi garenok ere, berau performatzen dugunok ere, sentitzen ditugula ezinbestean bere kateak.

Udako egunotan asko akordatu naiz norman sartzen ez diren gorputz eta bizitzez, niri ere jasangaitz egin baitzaizkit zenbat eta zenbat agindu, hainbat eta hainbat inperatibo. Familiaren izenean egiten baititugu ez bakarrik egin nahi ez ditugun zenbait gauza, egin behar ez direla benetan uste dugun beste asko ere. Oporraldian fisikoki lekuz aldatzeko derrigor isil-ozenak, adibidez, ez dut oraindik oso garbi zeri erantzuten dion. Antzeko zerbait gertatzen zait hondar gainean eta eguzkipean jende artean ordu luzez nahita pilatzearen ideiarekin. Ez dut oso argi ikusten ezta ere ea galdera horiek egiteko baimenik ematen diogun geure buruari.

Bazterrean egon ez arren halakoetan konturatzen naiz «normaren» indarraz. Laztura txikiak dira, batere garrantzitsuak ez munduko izugarrikerien aurrean, baina norberak bere burua sinesten ez dituen errituetan parte hartzen eta dantzetan dantzatzen ikusten duenean ere sentitzen dira kateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.