Xabier Landabidea Urresti.
MELE

Pose

2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Lagun musikazale batek beti esan izan dit bereiztu egin behar dela posea eta aktitudea daukaten musika taldeen artean. Bien arteko marra lausoa -eta eztabaidatua- izan ohi da, baina teoriak lioke «posea» a priori bilatu, eraiki eta erakusten den zera dela, eta «aktitudea» edo, aldiz, taldearen jardun eta balioen ondorio. Euskaraz biak itzuli daitezke jarrera bezala, baina finean bat beren-beregi bilatua eta erakutsia litzateke, eta bigarrena aurkitua eta sumatua.

Gaiak badu nire ustez bere garrantzia musikaren eszenatik haratago zeraren irudia zera bera baino garrantzitsuagoa bihurtu zaigun gizarte honetan, zer baino nork bihurtu baitzaigu fundamentala gure arteko komunikazioan: mezua baino igorlea. Esandakoa baino esalea.

Marshall McLuhanek «hedabidea da mezua» proposatu bazuen iruditzen zait aspaldi honetan «igorlea da mezua» eszenariora iritsi garela. Horregatik hartzen digu horrenbeste energia posegintzak, igorlea delako mezua. Nor den, norena den (eta norena ez), nondik datorren, zeren alde dagoen eta zeren aurka. Astakeriarik larrienak barkatuko dizkiogulako lagun onari eta ideiarik onena harrikatu etsaiari.

Gauzak konplexuegiak bilakatu zaizkigu eta ez dugu astirik, presa handiegia daukagu mezuari erreparatzeko. Laburpen diagonalak behar ditugu, aldez aurretik mamurtutako posizioak, prefabrikatutako aliantza eta areriotzak informazio eta iritziaren superabundantzia honetan ez itotzeko. Ekonomia mental edo biziraupen hutsagatik ziurrenez, baina jarrera posera hurbildu dugu aktitudera baino. Irudia bihurtu da erreala.

Aktitude handiegia eskatuko liguke agian poserik gabe jarduteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.