Xabier Landabidea Urresti.
MELE

Disco Elysium euskaraz

2022ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Bideojokoen industriak zinemaren eta musikaren industria erraldoiek biek batera baino diru gehiago mugitzen du 2022an mundu mailan. Behar bada nire bizi-esperientzian filmek eta musikak kultura deritzogun horretan izan duten pisu sinbolikoagatik sinestea ere kosta egiten zaidan datua da, baina merkatuaren joerak argiak omen dira aspalditik. Puntu bat puntu bat da, baina bi punturekin lerro bat marraztu dezakezu. Eta hiru punturekin kurba bat.

Edozelan ere, eta datu makroekonomikoak hor daudela, bideojokoen kultura ezezaguna, ikusezina, entzunezina edo arrotza da Euskal Herriko biztanle askorentzat. Dena aldatzen ari den arren, liburu bat irakurri, estreinaldi bat ikustera zinema aretora sartu edo disko bat entzutea ondo ulertzen ditugun aisiazko praktikak dira, zaletasun balekoak, normalak. Jokoek, baina, oraindik ez dute naturaltasun kultural hori erdietsi, batez ere adinean gora eginez gero.

Pena da, bideojokoetan, literaturan, musikan edo zineman bezala noizbehinka lan erraldoiak sortzen direlako. Disco Elysium maiestatetsua bezalako berehalako klasiko hilezkorrak. Intimoki eta politikoki interpelatzen gaituzten fikzioak. Maisulan astingarriak.

Aspalditik dakigu ideia ona dela klasiko hilezkorrak euskarara ekartzea. Game Erauntsia elkarteko kideak ari dira haien kabuz jokoak itzultzen eta lokalizatzen eta 2021eko Jokoteknia (3dimena da 2dea) bezalako jardunaldiak antolatu dituzte gaiari buruz hausnartzeko. Baina zale eta boluntarioen elkarteena ote da soilik gure garaiko lan handiak euskarara eta euskarari ekartzeko ardura? Aukera gehiago galtzeko egoeran al gaude?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.