Bezatzen duen materiala

Azken urteetan zeramikak leku nabarmenagoa hartu du arte sisteman. Javier Moreno Arte Ederretako irakasleak «oihartzun mediatikoari» egozten dio, eta Mar de Dios artistak, berriz, barrutik zein kanpotik ikusten du goraldia.

Mar de Dios artistaren Batzuk erakusketako hainbat pieza, Donostian, Tabakaleran. JON URBE / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Eduardo Txillida eta Jorge Oteiza nekez lotuko ditu inork zeramikarekin. Javier Moreno EHUko Arte Ederretako irakasleak azaldu duenez, ordea, buztinezko pieza asko egin zituzten: «Beti egon dira zeramika modu batean edo bestean landu duten artistak». Azken hamarkadan material horren goraldia gertatzen ari da, eta Morenok ere sumatu du: «Zeramikaren inguruan oihartzun mediatikoa nabaritu dugu azken urteotan. Ez dakigu oso ondo zein diren arrazoiak, baina interesa badago». Mar de Dios artistak Arte Ederrak ikasi zituen EHUn, eta Madrilera joan zen gero, ikerkuntzari lotutako master bat egitera. Barruak hala eskatuta itzuli zen: «Eskuak zikintzeko gogoa neukan, eta zeramikaren inguruko masterra eskura neukan».

Hamarkada bat darama martxan EHUk eskaintzen duen Zeramika masterrak. Urteotan «denetarik» izan dutela uste du Morenok: «Hasieran, hemen Arte Ederrak ikasitako jendea zen nagusi, bereziki. Gero, urterik urtera, beste fakultate batzuetan ikasitako jende gehiago ere bildu da. Aurten, esaterako, matrikulatutakoen heren bat hegoamerikarrak dira, beste bat euskal herritarrak, eta beste bat espainiar jatorrikoak». De Diosek dioenez, landu dituen diziplinen artetik, zeramika izan da bakarra eskuak garuna baino arinago joan zaizkiola sentitu duena: «Primitiboa da. Egitea, egitea eta egitea; hor sortzen da gozamena».

Gehienak, emakumeak

Zeramikak «bezatu» egin duela aitortu du artistak: «Pauta zehatzak ditu, saihetsezinak direnak, ez bada arrazoi artistiko batengatik propio alboratu nahi dituzula. Baina, zeramikari lotutako prozesu bat nahi izanez gero, derrigorrez errespetatu beharrekoak dira lehortze denborak, labealdiak eta esmaltatzeko prozesua».

Morenoren hitzetan, emakumeak dira, «nabarmen», masterreko ikasle gehienak. Baina hori arte plastikoetan orokorra dela dio: «Azken urteetan esango nuke gehiengoa emakumeak direla. Eta gorantz datozen artista asko emakumeak dira».

EHUko Arte Ederren fakultatean zeramika «betidanik» egon den diziplina bat izan dela dio irakasleak, eta bere ikasle garaian «pil-pilean» zegoela. Baina klixe eta estereotipoetatik ere begiratu izan zaiola azaldu du gero: «Jendeak artisautzarekin lotu izan du zuzenean. Ez da gauza bera gertatu harriarekin; ez dugu zuzenean harginekin lotzen, beti lehenago etortzen zaizkigu burura Michelangelo eta Bernini. Eta burdinarekin gauza bera; inor ez da akordatzen errementariarekin, baizik eta Julio Gonzalez eskultorearekin». Mespretxua edo hierarkizazioa baino gehiago, ezagutza falta da horren kausa, haren ustez.

Antzinatik datorren eztabaida da artearen eta artisautzaren bereizketa, Mar de Diosen iritziz. Eta luzaroan iraungo duela uste du: «Egiatan, interesgarria da elkarrizketa hori edukitzen segitzea, arteak berezkoa baitu latente dauden baba horiek tratatzea. Ikusgarritasuna ematen dio horrek». De Diosen iritziz, eztabaidaezina da historikoki artea gizonen kontua izan dela, eta artisautza, berriz, andrazkoena. Uste du, zeramika emakumeei esleitu izan zaiela, eta adierazpenean dagoela bereizketa: «Miquel Barcelo erreferente bat da. Buztina lantzeko duen modua oso urrun dago artisautzatik. Oso da keinu bidezkoa, bortxazkoa, barne hartu ezinezkoa eta formatu handikoa. Hori dena kontu maskulinoa izan da historikoki. Kontrara, emakumeengan pentsatzen dugunean, ikusten duguna da sukaldea, ontzia edo kantina. Pentsatzen dut hori gelditu zaigula, pentsamenduaren herentzia historiko gisa».

Artistak ere nabaritu du zeramikaren goraldia, «barrutik zein kanpotik», eta ez bakarrik inguru artistikoan, baita «mainstream-ean» ere: «Zeramika lantzeko gero eta tailer gehiago dago. Pentsa, badira lekuak non zure kikara propioa egiten duzun, ondoren hortik bertako kafea edateko». Artearen sistemari dagokionez, sortzaile gehiagok erakusketak egiteko lekua dutela uste du. Berak Batzuk seriea du ikusgai uneotan, Donostiako Tabakaleran.

Estudio bat norberarena

Inbertsio ekonomiko handia egin behar izan du, baina egun bere estudioa du De Diosek: «Edozein diziplinak galdegiten du inbertsio handia, bizitza garesti dagoelako. Zeramikaren kasuan, beharrezkoa da azpiegitura jakin bat: biltegiratzeko leku bat, labe bat eta argindar instalazioa».

Bere sorkuntza nekez azalduko du hitzez artistak: «Baina ez da handinahi kontua, lengoaiarena baizik: artearekiko errespetuagatik egiten dut. Edozein diziplinak edo adierazpen artistikok lengoaia autonomoa du per se». Dena hitzetan jarri beharrak erresistentziak sortzen dizkio: «Tentsioa eragiten dit horrek. Beti egiten delako ikusleria handiago batera heltzeko edo diru laguntzekin babestu behar zaituen instituzioren baterako. Artistak ez dauka beste irtenbiderik itzulpen hori egitea baino, gaur bizi garen munduan bizitzeko. Eta ez da nahi ez dudala; errespetu kontua da, zuk jada beste hizkuntza bat erabili duzulako adierazteko. Poeta bati ez liokete eskatuko haren lana prosan azaltzeko, ezta?».

Garai berriek, ordea, arte munduan ere utzi dituzte albo kalteak. Artistak sarri bere kabuz ikusarazi behar du bere lana, eta De Diosek «nahiko txarto» darama hori: «Ezin diozu ihes egin, hau da bizi garen mundua eta erreminta hauekin maneiatzea tokatu zaigu. Beste lan bat da, paraleloan egin behar duguna. Nik izugarrizko zortea izan dut, lagun min batek, Mikel Godoyk egiten dizkidalako argazkiak. Zaintza behar duen lana da, eta kontziliatu egin behar dira tailerra eta publizitatea. Erakusleihoa munduan egotea da; bestela, zoritxarrez, ez zaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.