Tokio 2020. ATLETISMOA

SORBALDAK EZETZ ESAN DIO TOKION

Odei Jainagak nahi baino lehiaketa okerragoa egin du, ezin izan baitu xabalina ohikoak dituen distantzietara jaurti, sorbaldako minaren eraginez. Lesioa osatzea izango du orain lehentasun.

Odei Jainaga, atzo, Tokioko olinpiar estadioan, xabalina jaurtiketa lehiaketan. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
jakes goikoetxea
Tokio
2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Odei Jainagaren aurpegian ez zegoen tristurarik. Etsipen pixka bat bai. Inork baino hobeto zekien nola iritsi zen Tokioko Olinpiar Jokoetara, eta bazekien atzo gertatu zena gerta zitekeela: nahi baino xabalina jaurtiketa kaskarragoak egitea eta etxera bueltatu behar izatea.

Eskuineko sorbalda minduta du aspalditik. Hautsia du sorbaldako zurda bateko zatitxo bat, eta minduta, berriz, sorbaldako lotailuen kapsula. Horrek xabalina botatzeko orduan gorputza ondo blokeatzea eragozten dio, hau da, abiadura hartu eta gero, gorputza guztiz geratzeko eta inertzia baliatzeko prozesua.

Jainagaren itxaropena zen sorbalda gaizki edukita ere jaurtiketa onak egin izan dituela Tokiora joan aurreko lehiaketetan, eta halako zerbait gerta zitekeela atzo goizean olinpiar estadioan ere. Baldintza horietan lortu zuen, esaterako, 84,80 metroko marka. Aintzat hartu behar da azkeneko hiru hilabeteetan lehiaketetan soilik jaurti duela xabalina, ez entrenamenduetan.

Atzo ez zen egun horietako batizan, ordea. Anestesia jarri zioten eskuineko sorbaldako bi lekutan, mina sentitzen zuenetan. Anestesiak ez zuen bere funtzioa guztiz ondo bete, eta lehiaketako emaitza ez zen ona izan: «Espero baino dezente okerrago atera da».

Berotzen hasi zenerako sentitu zuen mina. Ez zen seinale ona. Lehen ahaleginean 73,11 metrora jaurti zuen xabalina. Finalera zuzenean sailkatzeko 83,50 metroren marra horitik urrun. Jainagark aurten ia beti gainditu izan dituen 80 metroetatik ere urrun.

Bigarrena motzagoa izan zen: 70,77 metro. «77 metroren bueltan jaurti ahal izatea espero nuen», azaldu zuen Jainagak. Baldintza egokietan hori eta gehiago jaurti beharko luke: «Hainbatetan jaurti izan dut xabalina 77 metroraino, edozein txapelketatan eta edozein modutan».

Atzo, ordea, ez. Jainagak nahi zuen, baina haren buruak eta sorbaldak ez: «Buruak mina sentitzen zuen, eta gorputza argia da: nik hala nahi gabe ere, gorputza blokeatu egiten du, eta ez dio uzten».

Hirugarren jaurtiketa ez botatzear egon zen, lehiaketa uztear. «Baina», argitu zuen, «neure buruari esan diot jaurtiketa bakarra geratzen zela eta saiatu behar nuela». Jaurtiketa baliogabea izan zen azkenean.

Plazagizona da Jainaga, eta plazagizonaren patxadarekin eta aldartearekin agertu zen prentsa eremura. Ez zegoen triste. Xabalina nahi baino gertuago botata ere, gozatu zuen atzoko txapelketaz eta testuinguruaz: «Giroa, estadioa, estadioaren estalkia, zerua...». Parte hartzaileek soilik duten ikuspegiaz.

Oso garbi dauka zein den Tokio eta geroko lehentasuna: sorbalda osatzea. Batetik, sorbalda indartu beharko luke, inguruko giharrei hobeto eusteko. «Bestetik, zurda leundu», zehaztu zuen. «Esan zidaten zurda arruntak 0,8 zentimetroko luzera duela, baina nireak 1,2koa, eta jada loditzen hasita dago». Zurda leundu egingo liokete, osasuntsuak ez diren zuntzak kentzeko.

Osatu eta gero, bi lehiaketa ditu buruan: datorren urteko Munduko Txapelketa, AEBetan, eta 2024ko Parisko Olinpiar Jokoak. «Gustatuko litzaidake Parisen lan txukuna egitea eta goian ibiltzea».

Bitartean, atzo gauean, anestesiak arindutako baina atzoko jaurtiketek zigortutako sorbaldako minak jasan behar zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.