Tokio 2020. ATLETISMOA

LABERAKO PREST

Maratoian parte hartuko du Elena Loyok. Sapporoko beroa eta hezetasuna gehitu behar zaizkio lasterketaren berezko gogortasunari. Gozatu egin nahi du, baina badaki kostatuko zaiola.

Elena Loyo, korrika, Gasteizen egindako argazki saio batean. DAVID AGUILAR / EFE.
jakes goikoetxea
Tokio
2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Elena Loyo jaio zenean, 1983an, emakumeak oraindik ezin ziren maratoian lehiatu Olinpiar Jokoetan. 1984an parte hartu ahal izan zuten lehen aldiz, Los Angelesko Olinpiar Jokoetan, Stamata Revithik 1896koetan parte hartzeko eskatu eta ia mende batera.

Loyok (Ametzaga Zuia, Araba, 1983) Tokioko Olinpiar Jokoetako maratoian parte hartuko du, bihar, 07:00etatik aurrera, Japoniako orduan (gauerdia Euskal Herrian). Lehen Olinpiar Jokoak ditu. Sapporon egingo dira maratoiak eta 50 kilometroko ibilketa proba, Tokioko bero sargoria eta hezetasuna saihesteko.

Hori izango da Loyoren eta gainerako lehiakideen kezka nagusia. Egunak izan dituzte baldintza horietara moldatzeko, baina, hala ere, erronka izango da.

Loyo «oso ondo» iritsi da Sapporora, bai gorputzaldiari dagokionez, baita buruz ere: «Badakit gaizki pasatuko dudala, baina korrika egiteko gogoz nago».

Sufritu eta gozatu. Halaxe da maratoia. Sentsazioen eta sentipenen errusiar mendi bat. Loyok gozatu egin nahi du, «maratoia bizi».

Gogoan ditu Valentziako maratoian (Herrialde Katalanak), iazko abenduan, izandako sentsazioak. Gozatzea. Bertan lortu zuen Tokiora joateko lekua, 2.28.25eko denborarekin. Bukaeran gozatu zuen: «32. kilometroan erritmoa azkartu eta ikusten duzunean aurrera egiten duzula eta oraindik indarrak dituzula... Jabetzen zara egindako lan guztia emaitzak ematen ari dela. Baina beti ez da horrela bukatzen». Badaki Sapporon kostako zaiola gozatzea. Uste du ez duela bukatuko Valentzian bezain ondo.

Presiorik ez du. Berak bere buruari jartzen diona, gauzak ahalik eta ondoen egiteko gogoa: «Kirolariok geronek jartzen diogu presioa gure buruari, eta ni ere nire onena ematen saiatuko naiz; baina presiorik gabe. Beste modu batera bizi behar dut».

Ez du helbururik zehaztu nahi. Hasteko, eguraldiari aurre egitea eta «indartsu sentitzea». Gero gerokoak. «Indar asko atera beharko da barru-barrutik, helmugara iristeko». Hortik aurrera, ahalik eta posturik onenean bukatu nahi du.

Jana eta edana zaindu beharko ditu, bereziki. Ura, gatzak eta elektrolitoak. «Beste maratoi batzuetan agian anoa postu bat pasatzen duzu, eta ez da ezer pasatzen; Sapporon, guztietan edan beharko dut zerbait», ohartarazi du. Ura edateaz gain, burua eta kapela busti, izotzarekin hoztu... gorputzaren tenperatura jaitsi, ahal den neurrian.

Indarrak neurtzen

Ez du aldatuko maratoietan erabiltzen duen estrategia. Sapporoko baldintzak ikusita, gutxiago. Hasieran indarrei eutsiko die, «alferrik gastatzen duzuna gero garesti ordain baitezakezu»; kilometroak pasatzen utziko ditu, «sentsazio onak izateko moduan»; eta 30. kilometrotik aurrera, «guztia ematea, betiere indarrak pixka bat neurtuta». Loyok, dena den, uste du Sapporon maratoi arruntetan baino okerrago iritsiko direla. «Ikusiko dugu zer egin dezakegun».

Korrika egitea gustatzen zaio Loyori. Era guztietako distantzietako lasterketetan parte hartu du. Milia batetik hasi eta maratoira arte. Espezializatu behar izan zuen arte: «Maila jakin batera iristen zarenean, ezin zara ibili aldi berean 1.500 metroko lasterketetan eta maratoietan lehiatzen. Maratoiaren alde egin dut, eta gaur egun maratoilaritzat daukat neure burua». Martin Fiz du entrenatzaile.

Maratoian espezializatu eta seigarren maratoian lortu zuenOlinpiar Joko batzuetan parte hartzeko aukera, Valentzian, iazko abenduan. Ekainean, hala ere, Espainiako Atletismo Federazioak egindako laktato probak gainditu behar izan zituen, sasoian zegoela erakusteko eta, behingoz, Tokioko Olinpiar Jokoetako lekua beretzat izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.