KRITIKA. Antzerkia

Antzerki soila lagun

Abarka antzerki taldeko aktoreak.
Abarka antzerki taldeko aktoreak. EIDER MUGARTEGI URIZARBARRENA

Agus Perez -

2019ko ekainak 11

'Ortentsia izan nahi dut'

Konpainia: Abarka. Testuak: Abarka antzerki taldea, Oier Guillan, Joseba Sarrionandia. Zuzendaritza: Ander Lipus. Kanpo-begirada: Oier Guillan. Teknika eta diseinua: Mikel Unamunzaga. Antzezleak: Izar Alguero, Luis Egurrola, Lur Epelde, Ruben Markina, Nahikari Santano. Lekua: Markina-Xemeingo Uhagon kultur-gunea. Eguna: Ekainak 9.

Gustura ikusi ditut Abarka antzerki taldearen antzezlanak beti, eta oraingoa ez da salbuespena izan. Gainera, deigarria egin zait aurtengo muntaiaren izenburua —Ortentsia izan nahi dut— Euskaldunon Egunkaria-n agertutako lehen kritikak Hortensia Taldeak sinatzen zituelako, ni haren partaide nintzela.

Markina-Xemeinen sortutako konpainia hau amateurren sailean kokatu beharko genuke, edo —izendapen berriaren arabera— profamateurren sailean, eta azken izen horrekin adierazi nahi da profamateurren produkzioak konparagarriak direla talde profesionalek batez beste ematen duten mailarekin. Teorian behintzat, konpainia profesionalek maila hobea lortzen dute beren antzezlanetan, baina Abarka bezalako taldeek beren herrietan daukaten errotzea, euskararen jariotasuna eta planteatzen dituzten gaien interesa askoz handiagoak eta biziagoak egiten zaizkit, duda barik.

Bestetik, argi dago konpainia hauen maila euren alma mater edo zuzendariaren araberakoa izaten dela eta testuen kalitateak ere esateko handia daukala azken emaitzan. Zeren eta ez da gauza bera idazten jakitea, hau da, bolaluma edo teklatua erabiltzen jakitea, eta maila literarioko testuak idaztea. Esate baterako, Gotzon Barandiaranek idatzi zuen Abarkakoek orain urte bi emandako Besaulkiak, eta aurreko batean Sarrionandiaren Biba zorrien izurritea! plazaratu zuten.

Aurten ere aukeratu dituzte Iurretakoaren lerro edo orri batzuk, eta haiekin batera Oier Guillanen galdera enigmatiko-poetikoak eta taldekideen bizipen eta amets hautatuak etorri dira taula gainera, zintzotasunean oinarritutako dramaturgia ez-lineal eta dinamiko baten bidez. Horretan, zelan ez, zerikusi handia eduki du Ander Lipusen zuzendaritzak, baina aldi berean esan beharra dago antzezleek ikastaro labur bat jaso dutela Oier Guillanengandik, eta seguruenik horrek ere bere aztarna utziko du antzezle militante hauengan.

Bide horretatik, gauza interesgarri asko gertatu dira taula gainean: gizaki urrunen hizkuntza entzun dugu haietariko baten ahotan —azken finean, geu ere indigenak gara— eta une batean abereen eleekin komunikatu dira haien artean; idazmakina batek hartu du protagonismoa eszenako bazter batetik, baina han ez dute ezer idatzi, eta makinatik irtendako paperak idatzita zeuden aurretiaz; euskal antzerkiaren izarren gala parodiatu dute, Eneko Sagardoi eta Ander Lipus lehian zeudela, baina azkenean Luis Egurrola irten da garaile… Denen amets ezkutuak eta umetako gogorapenak plazaratu dituzte eta dantza egin dute ikusleen artean, baina, beste ezeren gainetik, beste plano batean kokatu gaituzte gu-guztiok, antzerki soilak, dirudik gabeak, bihotzez eginak daukan ahalmen izugarria lagun.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna