martxelo otamendi
Kataluniako prozesu subiranista. Diada. ANALISIA

Erdigune bat eta bost kale

2019ko irailaren 12a
00:00
Entzun

Topaketaren irudia egituratu nahi izan zuen atzo ANCk Bartzelonako Espainia plazara eramanda Diadaren ospakizun jendetsua. Bost kale handik eta Firako etorbideak egiten dute topo plazan, ia Kataluniako independentziazaletasunak dauzkan adina sentsibilitate. Borondate, mezu, horrekin aukeratu zuten antolatzaileek leku hori aurten indar erakustaldia egiteko.

Iaz bezala, xingola horia izan zen manifestariek paparrean zeramaten ikur nagusia; paparrean eta pentsamenduan, aurki ezagutuko baitugu independentzia prozesuaren arduradun nagusien aurkako epaiketa bidegabearen emaitza, eta horrek batzen dituelako, oraingoz, goi arduradunak. Zatituta iritsi ziren iaz independentziazale instituzionalak Diadara, eta zatituago iritsi dira aurten, azken urtea ez delako alferrik iragan, Espainiako estatu egituren lasaitasunerako.

Independentziazaletasunaren goi mailako egoera txar hori, esapide fin bat erabiliz, ez dago, zorionez, oinezko herritarren artean; horiek, atzoko Diadetan parte hartu zutenen artean gehiengo nagusi-nagusia direnek, alderdietan eta horiek izendatuta erakundeetan ez dauden herritarrek, «batasuna», «elkar hartu», «denok batera» eta halako kontzeptuak erabiltzen dituzte oraingo egoeratik nola irten galdetzen diegun aldiro. Ez dute ulertzen alderdi nagusiek ez lehenestea estrategia bateratu bat, eta, aitzitik, balizko hauteskunde batzuen emaitzei eskaintzea kezka nagusia. Azken urtebetean asko handitu da alderdien aurkako jarrera, tonu txarreko espresio deskalifikatzaileak: «denak berdinak dira» erako esamolde orokortzaileak. Nekea nabaritu da, atzoko ekitaldi nagusian izandako parte hartze ohi baino txikiagoak erakutsi duen bezala.

Bi aldetatik ari da galtzen babesa independentziazaletasuna. Azken hamarkadan independentziaren aldeko urratsa egin dutenen aldetik, eta gaztetatik —independentziazaleak % 15era justu iristen zirenean— direnen aldetik. Aurrenekoei min egiten dielako batasunik ezak, haiek buruko eskema aldatu zutenean —«kito, independentzia da bide bakarra», esan zioten goiz batean bainugelako ispiluan agertzen zenari—, ekintza batasuna zelako motor nagusia. Giro horretan bakarrik zeuden erabakia hartzeko prest, eta giro horrek bultzatu zituen urte batzuk lehenago sekula pentsatu ez zutena egitera. Batasun giro horren faltan, «esango didazue noiz itzultzen zareten garai bateko girora, eta ikusiko dut zer egiten dudan». Ahots apalarekin adierazten dute haien iritzia, batere deskalifikaziorik gabe.

Bigarren taldekoen iritziz, prozesua mantsoegi doa, arduradunak kikilduta daude etor lekiekeen zigorragatik, eta herritarrak engainatzen ari dira, itxurakeria hutsean, denborari denbora ematen Espainiako estatu egiturei behingoz aurre egin ordez. Oso tonu gogorra erabiltzen dute jendaurrean hitz egiteko aukera daukaten aldiro, mikrofono baten aurrean hala nola batzarretan eta sare sozialetan. Urtero Diadaren bezperan 1714ko borrokan Bartzelonako defentsa sutsua egin zuten soldaduei El Fossar de les Moreres gunean egiten zaien omenaldi publikoan, Quim Torra lehendakariari «traidorea» deitu zioten asteartean.

Eta, erdian independentziazale gehienak, kandela laikoa nori piztu ez dakitela, alderdi politikoek norberaren epe laburreko interesak baztertu ditzaten. Ikusten dutena etsigarria izan arren, amore emateko prest ez daudenak, ohartuta tren hori —galdetu Quebecen—oso gutxitan pasatzen dela. Pazientzia handia daukate, oinezko herritarren arteko giro onean eroso daude, alderdien diziplinetatik aske diren egituretan egiten dute lan, eta duela hamar urteko ilusio berarekin ari dira lanean.

Eta bitartean, zertan ari dira PDeCAT eta ERC alderdi nagusiak? Kalkulagailua esku ahurrari itsatsita lantzen dituzte analisiak. Espainiako Auzitegi Gorenak sententzia kaleratu bitartean Kataluniako Gobernuak segituko zuen ituna aurkeztu zuten jendaurrean bertako eta kanpoko askoren harrigarri. Hura esan zutenean, artean oso txarra zen harremana gobernua osatzen duten bi alderdi horien artean, eta, egonkortasuna gogoan, erabaki zuten krisiaren irteera, haustura alegia, atzeratzea. ERCkoek gogoan daukate sententziaren denbora muga hori, ez dute ahaztu, eta ez dute ahazteko asmorik.

Duela hilabete batzuk arte bi alderdiek esan dute sententzia zigortzaileari erantzuteko modu sendoetako bat gobernua bertan behera utzi eta hauteskundeetara deitzea izango zela; herritarren haserrea baliatuta, orain legebiltzarrean independentziazaleek daukaten gehiengoa —70 eserleku dauzkate, gehiengoa 68 eserleku dira—, handitzeko asmoarekin. PDeCATek, baina, ez ditu hauteskundeak aurreratu nahi; ERCk bai. Zer gertatu da irizpidea aldatzeko? Tartean hiru hauteskunde egon direla, eta horietako bitan —udal hauteskundeak eta Espainiako Gorteetakoak— ERCk sorpasso dudaezina egin diola PDeCATi boto kopuruan.

PDeCATek ez dauka hautagai argia, Torrak ez duelako aurkeztu nahi —egoeraren larritasunagatik onartu zuen lehendakaritza—, eta Artur Mas lehendakari ohia bakarrik aurkeztuko da irabazteko aukera guztiak baldin badauzka, oso zaila dena. ERCk ere ez dauka hautagai sendorik —Pere Aragones lehendakariordea? Legebiltzarburu Roger Torrent?—, baina aldeko haize nabarmena dauka.

Oso fenomeno bitxia, eta era berean argigarria, gertatu da Kataluniako independentziazaletasunean Europako eta Espainiako Gorteetako hauteskundeen emaitzei erreparatuz gero. Europakoetan, Carles Puigdemont lehendakari erbesteratuari eman zioten garaipena, egokiena delakoan auzia Europan azaltzeko. Baina ERCri Espainiako Kongresurako hauteskundeetan, bera delakoan eraginkorrena Kataluniako auzia Espainiako politikan kudeatzeko.

Nork esan zuen hautesleak ez direla sekula tronpatzen?

Halere, berriro kaleak betez

Elkartasunak eta eskubideen defentsak batuta

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.